Azkena Rock

Piztu da sugarra

El Drogasen eta Ranciden kontzertuekin hasi da aurtengo Azkena Rock jaialdia. Rockaren zaleek harrera ona egin diete lehen jardunaldiko musika proposamenei eta talde guztiak ondo aritu dira oholtzan.

Enrique Villareal 'Drogas', atzo, Azkena Rock jaialdian. RAUL BOGAJO, FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2023ko ekainaren 16a
14:03
Entzun

Ezpain gorridun aho bat, mingaina isekari edo lizunki ateratzen duena. Eta sugar txiki bat puntan. Rockaren iruditerian aspaldi txertatutako elementuak erabili ditu Azkena Rock jaialdiak aurtengo irudirako. Baita leloan —Burning since 2002 (2002tik sutan)— eta logoan ere —sua darie ARF hitzei 2010etik—. Atzo piztu zen Azkena Rock Jaialdiaren 21. aldiko garra, Rancid, El Drogas, Monster Magnet, Steve Earle, Liher eta beste hainbat musika talderen kontzertuekin. Beroak eta eguzkiak hauspotuta, zale andana bildu dira Mendizabalan, eta are musikazale gehiago espero dira gaur eta bihar.

Ariketa desatsegina izan ohi da musika jaialdi bateko lehen kontzertua jotzea. Ez du samurra izan behar gero milaka lagun bilduko dituen eremu bera western filmetako basamortu bat baino hutsago ikusteak. Zorionez, desberdina da Azkena, eta Liherrek mila bat zale bildu zituen hasieratik. Eta, apurka, gero eta jende gehiago bildu zen Thelma & Louis, Arrakasta eta Zulo bat gehiago abestiak entzuteko, besteak beste. Apenas zegoen gerizperik, eta eguzkiak gupidarik gabe berotzen zien garondoa musikazaleei, eta aurpegia musikariei. Liher taldeko kideek, baina, ez zuten erritmoa jaitsi —Eraman baladan salbu—, stonerrean eta rock gogorrean babestuta, eta riff pisutsuetan eta Lide Hernandoren ahots indartsuan oinarrituta.

Respect agertokian ez bezala, God agertokian bazen gerizperik, eta zaleak itzalpean babestu ziren Os Mutantes taldearen kontzertua ikusteko. Liherren rock gogorraren laba leundu, eta Brasilgo goxotasunean kulunkatu zen Azkena Rock jaialdia. Sergio Dias oholtzaren erdian eseri zen, eta ez zen altxatu emanaldi osoan. Tropicalia izeneko musika jorratzen dute: 1960ko eta 1970eko pop-rockaren, rock psikodelikoaren eta Brasilgo erritmoen nolabaiteko uztartzea. Hori dela eta, kontzertuak aurrera egin ahala, hainbat talderen eragina nabaritu zitekeen abestietan: The Beatlesen melodia goxoetatik hasi, BB. Kingen bluesera pasatu Beyond-en, besteak beste, etabossa novamaisuki jorratu A minha menina ederrean. Os Mutantesen kontzertua barealdi polita izan zen.

Barealdi hori, baina, haizerik eza bilakatzekotan egon zen hurrengo kontzertuan. Steve Earlek hartu zuen erreleboa; bera bakarrik, gitarra akustikoaren, mandolinaren eta harmonikaren laguntzarekin soilik. Ezer gehiago. Bakarkako kontzertu akustiko bat proposamen arriskutsua da rock jaialdi batean. Leon-kastillo. Eta zale sutsuenak txundituta geratu baziren ere, Earleren ibilbidea gutxien jarraitu dutenentzat apur bat kontrako eztarritik joan zen emanaldia. Amaiera aldera, une hunkigarririk ere izan zen; bereziki, Justin Townes Earleren Harlem River Blues jo zuenean. Steveren semea zen Justin, eta kokaina gaindosi baten ondorioz zendu zen.

Barricadaren 40. urteurrena

Osteguneko izar nagusienetako bat igo zen oholtzara ondoren: Enrique Villarreal El Drogas. Barricadaren sorreraren 40. urteurrena baliatuta, talde horren abestiak jo zituzten soilik. En la silla eléctrica kantuarekin hasi ziren, Contra la pared, Barrio conflictivo, No sé qué hacer contigo, Bahía de Pasaia... Zaleek ongi baino hobeto ezagutzen dituzten abestiak. Talde-zale senidetze harmoniatsua izan zen emanaldia. Jendeak El Drogas eta Barricada maite ditu, eta maitasun hori oholtza gainetik itzuli zuen Txantreako abeslariak. Víctima, Okupación, No hay tregua, En blanco y negro... Mendizabalan ziren guzti-guztiek abestu zituzten. Ate nagusitik irten zen El Drogas, txalo zaparrada batekin, eta jendetzari kostata kendu zitzaion irribarrea ahotik.

Rancid zen hurrengo talde nagusia, baina haien aurretik Lydia Lunch Retrovirus aritu ziren. AEBetako rock alternatiboaren izen iheskorrenetako bat da Lunch. Beti egon da hor, 1980ko hamarkadatik gaur arte, eta makina bat talderekin kolaboratu du —Sonic Youth, Swans, Oxbow...—, baina beti, nolabait, itzalpean eroso. Azkena Rockeko kontzertuak ere gehiago izan zuen ilunetik argitik baino. Grunge apur bat, noise-rock ukituak, distortsioa, bukle luzeak... Espiral batean sartzea bezala, zulo ilun batean gero eta sakonago.

Punk janzkeradun zale ugari bildu ziren Mendizabalan, eta horiek denak Rancid noiz hasiko pasatu zuten eguna. 23:30 pasatxo oholtzaratu zen Kaliforniako taldea, eta kontzertu sendo eta dibertigarria eskaini zuen. 1990eko hamarkadan argitaratutako lanetan oinarritu zuten, bereziki, emanaldia, gaur egun duten estatus ia mitiko hori lortzeko modua eman dien diskoetan: And Out Comes the Wolves eta Let’s Go. Punkaren klixe musikal oro bete zuten: riff itsaskorrak, koru etengabeak, circle pit eta pogoak lehen ilaretan... Ruby Soho ereserkiarekin itxi zuten.

Monster Magnetena izan zen lehen jardunaldiko azken emanaldia. Stonerra abiapuntu izanik, metalera eta rock gogorreko beste adarretara ere jo zuten askotan.

The Pretenders eta Incubus dira ostiraleko talde nagusiak. Zalantza asko egon dira Incubusen kontzertuaren inguruan, Brandon Boyd abeslariaren gaixotasuna dela-eta aurreko emanaldi guztiak bertan behera geratu baitira. Azkenean, baina, badirudi ariko direla Mendizabalan baldin eta azken orduko berri txarrik ez badago. Haiez gain, Calexico, The Undertones, The Soundtracks of Our Lives eta Pasadena dira taularatuko diren beste taldeetako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.