Piztu da sugarra Mendizabalan

El Drogas eta Rancidekin hasi da aurtengo Azkena Rock. Rock zaleek begi onez hartu dituzte lehen eguneko proposamenak, eta oso ondo aritu dira talde guztiak.

AEBetako Rancid taldea izan zen Azkena Rockeko lehen eguneko talde nagusietako bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Gasteiz
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ezpain gorriko aho bat, mingaina isekari edo lizunki ateratzen duena. Eta puntan, sugar txiki bat. Rockaren iruditerian aspaldi txertatutako elementuak erabili ditu Azkena Rock jaialdiak aurtengo irudirako. Baita leloan —Burning since 2002 (2002tik sutan)— eta logoan ere —sua darie ARF hitzei 2010etik—. Herenegun piztu zen 21. Azkena Rock Jaialdiko garra, Rancid, El Drogas, Os Mutantes, The Kaisers, Monster Magnet, Steve Earle, Liher eta beste hainbat musika talderen kontzertuekin. Beroak eta eguzkiak hauspotuta, zale andana bildu zen Mendizabalan.

Ariketa desatsegina izan ohi da musika jaialdi bateko lehen kontzertua jotzea. Ez du samurra izan behar gero milaka lagun bilduko dituen eremu bera western filmetako basamortu bat baino hutsago ikustea. Zorionez, desberdina da Azkena, eta Liherrek mila bat zale bildu zituen hasieratik. Eta, apurka, gero eta jende gehiago gerturatu zen Thelma & Louis, Arrakasta eta Zulo bat gehiago bezalako abestiak entzuteko. Apenas zegoen gerizperik, eta eguzkiak gupidarik gabe berotzen zuen musikazaleen garondoa eta musikarien aurpegia. Liher taldeko kideek, baina, ez zuten erritmoa apaldu —Eraman baladan salbu—, stonerrean eta rock gogorrean babestuta, eta riff pisutsuetan eta Lide Hernandoren ahots indartsuan oinarrituta.

Respect agertokian ez bezala, God agertokian bazen gerizperik, eta zaleak itzalean babestu ziren Os Mutantes taldearen kontzertua ikusteko. Liherren rock gogorraren laba leundu, eta Brasilgo goxotasunean kulunkatu zen Azkena Rock jaialdia. Oholtzaren erdian eseri zen Sergio Dias, eta altxatu gabe eskaini zuen emanaldi osoa. Tropicalia izeneko musika jorratzen dute: 1960eko eta 1970eko pop rockaren, rock psikodelikoaren eta Brasilgo erritmoen nolabaiteko uztartzea. Hori dela eta, kontzertuak aurrera egin ahala, hainbat talderen eragina nabari zitekeen abestietan: The Beatlesen melodia goxoetatik hasi, BB. Kingen bluesera pasa Beyond bezalakoetan, eta bossa nova maisuki jorratu A minha menina ederrean. Barealdi polita izan zen Os Mutantesen kontzertua.

Barealdi hori, baina, haizerik eza bilakatzekotan egon zen hurrengo kontzertuan. Steve Earlek hartu zuen erreleboa; bera bakarrik, gitarra akustikoaren, mandolinaren eta harmonikaren laguntzarekin soilik. Besterik ez. Bakarkako kontzertu akustiko bat proposamen arriskutsua da rock jaialdi batean. Leon-kastillo. Eta zalerik sutsuenak txundituta geratu baziren ere, Earlen ibilbidea gutxien ezagutzen dutenei apur bat kontrako eztarritik joan zitzaien emanaldia. Amaiera aldera, une hunkigarririk ere izan zen; bereziki, Justin Townes Earleren Harlem River Blues jo zuenean. Steveren semea zen Justin, eta kokaina gaindosi baten ondorioz zendu zen.

Barricadaren 40. urteurrena

Osteguneko izar nagusietako bat igo zen oholtzara ondoren: Enrique Villarreal El Drogas. Barricadaren sorreraren 40. urteurrena baliatuta, talde horren abestiak jo zituzten soilik. En la silla eléctrica kantuarekin hasi ziren, Contra la pared, Barrio conflictivo, No sé qué hacer contigo, Bahía de Pasaia... Zaleek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten abestiak. Taldearen eta zaleen senidetze harmoniatsua izan zen emanaldia. Jendeak El Drogas eta Barricada maite ditu, eta maitasun hori oholtza gainetik itzuli zuen Txantreako abeslariak. Víctima, Okupación, No hay tregua, En blanco y negro... Mendizabalan ziren guzti-guztiek abestu zituzten. Ate nagusitik irten zen El Drogas, txalo zaparrada batekin, eta jendetzari kostata kendu zitzaion irribarrea ahotik.

Rancid zen hurrengo talde nagusia, baina haien aurretik Lydia Lunch Retrovirus aritu ziren. AEBetako rock alternatiboaren izen iheskorrenetako bat da Lunch. Beti egon da hor, 1980ko hamarkadatik gaur arte, eta makina bat talderekin kolaboratu du —Sonic Youth, Swans, Oxbow...—, baina beti, nolabait, itzalpean eroso. Azkena Rockeko kontzertuak ere gehiago izan zuen ilunetik argitik baino. Grunge apur bat, noise-rock ukituak, distortsioa, bukle luzeak... Espiral batean sartzea bezala, zulo ilun batean gero eta sakonago.

Punk janzkerako zale ugari bildu ziren herenegun Mendizabalan, eta horiek denek Rancid noiz hasiko pasatu zuten eguna. 23:30ak pasatxo oholtzaratu zen Kaliforniako taldea, eta kontzertu sendo eta dibertigarria eskaini zuen. 1990eko hamarkadan argitaratutako lanetan oinarritu zuten, bereziki, emanaldia, gaur egun duten estatus ia mitiko hori lortzea ahalbidetu dieten diskoetan: And Out Comes The Wolves eta Let's Go. Punkaren klixe musikal oro bete zituzten: riff itsaskorrak, koru etengabeak, circle pit eta pogoak lehen ilaretan... Ruby Soho ereserkiarekin itxi zuten.

Monster Magnetena izan zen lehen jardunaldiko azken emanaldia. Stonerra abiapuntu, metalera eta rock gogorreko beste adarretara ere jo zuten askotan.

Gaur amaituko da aurtengo Azkena Rock jaialdia, bi kartelburu nagusirekin: Iggy Pop eta Lucinda Williams. Ezpalak, Brigade Loco, Melvins, The Nude Party eta Alter Bridge ere ariko dira Mendizabalan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.