Pizgarriak dituen gaurko artea

Nafarroako Gobernuak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak emandako laguntzei esker garatutako zazpi arte proposamenen emaitza da 'Habitación: zazpi' erakusketa

Zazpi artistaren lanak biltzen ditu Habitación: zazpi erakusketak. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan igandera arte egongo da ikusgai. IÑIGO URIZ / FOKU.
Naiara Elola.
Uharte
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Babesa. Bilatzen eta esperimentatzen jarraitzeko babes ekonomikoa jaso duten Nafarroako zazpi artistaren proposamenak batu dituzte Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) ikus daitekeen Habitación: zazpi erakusketan. Sorkuntzaren prozesua publikoarekin partekatzea da erakusketaren xedea, eta igandera arte bisitatu ahal izango da. Orotara, artea eta sorkuntza ulertzeko zazpi modu, zazpi bide ezagutarazi dituzte Jabier Villarrealek, Maite Velazek, Txo!?-k, Ione Ateneak, Itziar Markiegik, Estitxu Oterminek eta Taxio Ardanazek.

Uharteko zentroaren eta Nafarroako Gobernuaren Arte Plastikoen eta Ikus-entzunezkoen Produkziorako laguntza funtsa 60.000 euro da. Aurreko urteetan, bost artistak eskuratu izan dute laguntza hori. Baina, Oskia Ugarte Uharteko zentroko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, artisten proposamenak «kalitatezkoak» izan arren, aurrekontu txikiagoa behar zutela ikusita, oraingoan laguntza zazpi artistari ematea erabaki zuten.

TXO!?

Artista Materikoak

Materialen identitatea, soinua eta teknologia uztartu ditu Txo!?-k bere azken proiektuan. Oraingoz, garatu duen ikerketaren emaitza lau piezatan gauzatu du. Aurrez grabatutako soinuak dituzte pieza horiek, eta barnean «gordeta» dauden soinuak aurkitzeko gonbita egiten die bisitariei artistak. Enbor bat, harri bat, botila bat eta esprai botila bat dira «bilaketa sakonaren» emaitza diren soinuen gordailu. Ia-ia eskultura izaera ere badute. Alboan jarri ditu objektuen barnean dauden kable eta elektronika gailuak nolakoak diren azaltzen duten adibideak ere. Izan ere, artistak azaldu duenez, lau sorkuntza horien atzean lan eta ikerketa «handia» dago. Soinuek berarentzat zein zentzu duten galdetuta, argi du: «Niretzat, aurrez programatutako soinuek historiarekin, bizitzarekin eta objektuarekin zerikusia dutelako dute zentzua».

MAITE VELAZ

Hedapena konkista modura, gelarako: Zazpi

Altzari itxura dute Maite Velazek Uharten ikusgai jarri dituen sorkuntzek. Helarazi nahi duen hortaz ez du hitz egin nahi, bere arteak «nahikoa» esaten duelako. 1976tik 2011. urtera, Velazen gurasoek jatetxe bat eduki zuten. «Jatetxe hartan nire haurtzaroa igaro nuen, eta, itxi zutenean, gelditu zen materiala berreskuratu egin nuen», azaldu du artistak. Hala, askotariko material horiek batu eta eraldatu ondotik erdietsitakoa da Uharten erakutsi duena.

IONE ATENEA

Artistaren etxea

Ione Atenea Bartzelonako El Coll auzoko etxe batera bizitzera joan zenean sortu zen dena. Aurreko jabeen «memoriarekin» egin zuen topo, eta ondare horrekin guztiarekin zer egin galdetu zion bere buruari. Auzoan Artistaren etxea deiturikoan nor bizi zen ez zekien hasiera batean. Baina bizileku zuen etxean pixkanaka garatu zuen ikerketari esker jakin zuen, bera hara joan aurretik, lehenago Rosa eta Antonio Garcia Bartolome anai-arrebak bizi izan zirela han. «Etxean zegoen guztiarekin zer egin galdetu nion neure buruari», azaldu du. Hasiera batean, izen huts zirenak izanaz ere bete ziren, eta hori da, hain justu, Uharten ikus daitekeena. Ia-ia bere etxean arrotz sentitzen den Atenea. Liburu, grabazio eta bestelako objektuen bitartez, Rosa eta Antonio Garcia Bartolomeren pertsonaiak eta bizitzak birsortu ditu.

ITZIAR MARKIEGI

CONDUCTIVXS

Soinua da Itziar Markiegiren sorkuntzaren funtsa. Ikuslea bere proposamenaren aurrean jarri bezain pronto ohartzen da artistak egindako gonbitaz: igurtzi irakur daiteke gaztelaniaz. Hainbat hilabetez egindako ikerketa baten emaitza da ikusgai dagoena. «Ukimenaren bitartez funtzionatzen duten material eroaleak izan dira nire ikerketaren funtsa». Horma igurtzi orduko entzuten da soinua. «Bestelako musika mota bat posible dela frogatu nahi izan dut», azaldu du artistak. Hain zuzen ere, Uharten ikus daitekeen artelana ez dago museoetan objektu baten moduan egoteko pentsatua. Izan ere, Markiegik adierazi du antzerki edo performance ikuskizunetan erabiltzea dela bere asmoa.

TAXIO ARDANAZ

he-roi-ca

1936ko gerran gertatutakoa «modu kritikoan» berrikusi du Taxio Ardanazek Uharteko zentroan erakutsi duen he-roi-ca artelanean. «Gaur-gaurko gai nagusi bat da, oraindik ebatzi gabeko gaia, gainera», azaldu du. Hala, landu duen ikus-entzunezkoa bitan banatutako pantaila batean aurkeztu du. Pantailaren zati batean, Asturiasen (Espainia) egindako 1936ko gerraren antzezpen baten irudiak daude, eta, bestean, Asturiasen bertan eraikitzen amaitu ez duten 1936ko gerraren museoa. «Elkarbizitza aurrera eramateko bi modu planteatu ditut. Izan ere, gauza bat gerrara jolastea da, eta bestea, gerra baten arrastoekin zer egiten den erabakitzea», adierazi du.

ESTITXU OTERMIN

Margoen euskarriekin esperimentazioa

Hautatutako argazkiak eta berak margotutako lanak jarri ditu Oterminek ikusgai Uharteko zentroan. Hasiera batean obra sinpleak diruditen arren, inguruarekin elkarrizketa bat sortzeko aukera ematen dute. Oterminek fokua hutsunean jarri du, aurrez aurre jarritako atmosferetan, indefinizioan, formarik ezean, irudi lausoetan eta interpretazio anitzetan.

JAVIER VILLARREAL

Erromako apunteak

Duela denbora bat Erroman egin zuen egonaldi baten emaitza da Javier Villarrealen lana. Aurkeztu duen sorkuntza hiru ataletan banatu du: turistak eta bere ekintzak; mapen eraikuntza eta lana; eta hirien memoria. Kapitulu bakoitzaren interpretazio propioa egin du artistak, eta hor kokatu du bisitaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.