Pizarnik eta Ritsos poetak hartu dituzte Munduko Poesia Kaierek

Asier Sarasolak euskaratu ditu Pizarnik idazle argentinarraren poemak, eta Joannes Jauregik, berriz, Ritsos greziarrarenak. XX. mendeko poeta handienetarikoak izan ziren, bakoitza bere hizkuntzan

Joannes Jauregi eta Asier Sarasola itzultzaileak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Binaka iristen dira orain Munduko Poesia Kaierak bildumako liburukiak. Ezra Proud eta Al Bertoren lanak bildu zituzten udaberriko uztan, eta Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnikenak ekarri dituzte udazkenekoan. Biak ala biak bat datoz bildumaren izaerarekin, bakoitza bere hizkuntzan, XX. mendeko poeta handienetariko bi baitira Ritsos eta Pizarnik, Beñat Sarasola bildumaren zuzendariaren hitzetan.

Joannes Jauregik itzuli eta apailatu du Ritsosen lana. Greziarra zen bera, eta Jauregik grezieratik zuzenean ekarri ditu haren poemak euskarara, nahiz eta beste hizkuntzetara egindako itzulpenak ere baliatu dituen lanerako. Asier Sarasolak, berriz, Pizarnikek idatzitako poemak euskaratu ditu. Argentinakoa zen hura, eta, gazte hil zen arren, arrastoa utzi zuen bertako literaturan.

Idazle emankorrak izan ziren bata zein bestea, idaztera emanak bizi izan ziren, baina nork bere bizimodua izan zuen. 81 urterekin hil zen Ritsos, eta 36 urterekin egin zuen bere buruaz beste Pizarnikek. Beñat Sarasolaren ustean, haien lanarekin osatutako bi kaierek «ondo islatzen dute bildumaren izpiritua», itzultzaileen «maitasun poetikoa» izan baitzen bien abiaburua. Haiekin hitz egin zuenerako, hasiak ziren itzultzen, beste asmorik gabe.

Itzulpen ikasketak egin zituen Jauregik, eta literatur kritikak egiten ditu egun BERRIAn. Sarasola itzultzailea da ogibidez, baina ezaguna da Mikelazulo kultur elkartearen inguruan egindako lanengatik. Hura ez da lekua zen bere orain arteko azken argitalpena; 2012an atera zuen, Txalapartarekin.

Kaieren aurkezpenean, Jauregik aipatu zuen Ritsosen izenaren alboan XX. mendeko Greziako beste bi poeta ageri ohi direla sarritan: Odysseas Elytis eta Giorgos Seferis. Literaturaren Nobel Saria jaso zuten biek, eta haren atarian geratu zen Ritsos. XX mendea bere osotasunean ezagutu zuen idazleak —1909an jaio zen, eta 1990ean hil—, eta Greziako testuinguruarekin lotura estua izan zuen bere obrak ere. Oso ibilbide oparoa izan zuen: egunean hiru poema idazten zituela diote, edozein unetan zuen bilduma bat argitaratzeko materiala. 93 liburu egin zituen guztira.

Jauregik ez du ordena kronologikorik erabili Ritsosen lana biltzeko; poema luzeak laburrekin tartekatu ditu. «Asko lantzen zituen poema luzeak; horiek dira mamitsuenak, horietan esploratzen du benetan bere lan poetikoa». Ihes egiten zioten xehetasunak eta oharrak apuntatzetik sortzen ziren laburrak.

Pizarniken lana aukeratzeko, argitaratutako poemak bakarrik erabili ditu Sarasolak. 16 urterekin atera zuen lehen liburua, eta hogei urte eman zituen idazten, «ero moduan». Argitaratutako liburuez gain, egunerokoetan idatzitako testu ugari utzi zituen, «zuzenduta, berridatzita, soilduta, araztuta, doituta». Oso zehatza zen, teknika handikoa.

Hitzezko oihalak

Asier Sarasolak zenbait hari ikusten dizkio Pizarniken lanari: ametsak, gaua, haizea, haurtzaroa, heriotza... «Hari horiekin josten ditu oihalak eta osatzen ditu gero eta poema soilagoak, azkenerako prosa poetiko bihurtu arte». Poliki irakurri beharreko poemak dira, haren iritziz, hitzak zehaztasun handiz aukeratuta baitaude: «Ezer ez dago sobran».

Nork bere borrokak bizi izan zituen. Ritsosen bi ezaugarri nabarmendu zituen Jauregik: konpromiso politikoa eta familiako drama. Lur-jabe aberats izandako familia baten gainbehera bizi izan zuen bere lehen urteetan, eta, 16 urte zituela, umezurtz geratu ziren arreba eta biak. Ordutik, lotura estua izan zuen harekin, eta hari eskainitako poema zatiak ere badaude kaieran. Gainontzean, Metaxasen diktadura, Greziako gerra zibilak eta Koronelen diktadura bizi izan zituen. Guztia, Greziako Alderdi Komunistako kide zela. Konpromiso politiko horrek guztiz markatu zuen bere lana, eta aberriari eskainitako poema ugari egin zituen, saminez. Errepresio handia pairatu zuen: kartzelan, kontzentrazio esparruetan eta erbestean egon zen.

Pizarniken lanean, berriz, ez da konpromiso politikorik ageri, ez dago erretratu sozialik, ezta identifikaziorik ere inolako mugimendurekin: «Barnera begiratzen du, eta bere nitasun hori da iraultza modu bat, iraultza pertsonala». Hortaz, espetxerik ez zuen ezagutu, baina psikiatrikoa bai. «Gehiagorako joera eta gehiegirako joera zuen», Sarasola itzultzailearen hitzetan, eta adikzioz betetako bizitza bat eraman zuen. Garai hartako Argentinan, «bazuen nork txalotuko, baina baita nork zapalduko ere». Ezinegona idazten zuen Pizarnikek, «ezinegona hitz ederretan»: «Ezinegon existentziala, ezinegona idatzitakoarekin; idatzitakoak izan behar du bizitakoa, eta bizitakoak izan behar du literatura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.