Liburuz gainezka du behin lanerako estudio izan zuen gela, horma osorik hartzen duten bi apalategi, eta erdiko mahai borobilean liburu dorre ugari. Orain ere joaten da tarteka, baina ez «idazle profesionala» zenean beste. Aste barruko egun buruzuri bat, iluntzen hasita. Irakasle lanak amaituta batu da Unai Elorriaga (Algorta, Bizkaia, 1972) BERRIArekin, Iturria aitzakia. Lan berriko protagonistetako bati zor dio izena, Pedro Iturriari. Gaztetako lagun Soro Barturen da bigarrena. Ipuinak idatzi eta tokian tokiko hizkuntzatan argitaratzen ditu Iturriak, Europako hainbat hiritan. Haiei segika dabil Barturen, 50 urtetan ikusi ez duen adiskidearen bila, itzultzaileez lagunduta. Tartekatuta datoz ipuinak eta Iturriaren bilaketa; ipuinez osatutako nobelatzat har daiteke, beraz, Elorriagaren lan berria.
Honek behar zuen zure lehen ipuin liburua, baina hau ere nobelatu egin zaizu azkenean.
Bai, nahiz eta nik beti izan dudan neure burua ipuin idazletzat. SPrako tranbia baino lehen, ipuin batzuk aurkeztu nituen Igartza bekara: ez nuen irabazi, eta pentsatu nuen agian antolatzaileek ez zutela ipuinik nahiko. Nobela luzetxoago bat egiten ausartu beharko nukeela pentsatu nuen, eta hori izan zen SPrako tranbia-ren nobela proiektua. Orduan ikusi nuen luzera hori zela agian nirea, eta ez ipuinena. Halere: hurrengo lanetan ere, nobelak dira, baina kontakizun txikiak han-hemen beti daude. Iazko hezurrak [2014] luzeegi egin zitzaidan, eta ipuinetara itzultzea erabaki nuen.
Halere, beste hari bat sortu behar izan duzu ipuinak batzeko.
Jendeak orain ez dauka astirik patxadaz irakurtzeko; poema liburu bat, ipuin liburu bat ti-ta batean irakurtzen da. Enpatxo moduko bat sortzen da, museoetan bezala. Ipuinekin inpresioa dut hori gertatzen dela; jendea ez da barrura sartzen, ez du estimatzen hor sartu duzun karga guztia, horrek daukan literaturatasuna, mamia. Horregatik pentsatu nuen iruzur bat egitea: ez dezatela hartu ipuin bakoitza artelan bezala, baizik eta ipuin guztiak zaku batean sartuta, artelana luzeagoa izan dadila. Beste esperientzia bat eskaini nahi nion irakurleari.
Irakurketaren gaineko liburu bat izanda, gainera.
Bai, hausnarketa handia dago literaturaren inguruan; ipuinen inguruan, nola irakurtzen den, nola idazten den, zertarako irakurri, zertarako idatzi... Metaliteratura puntu hori badauka, bai.
Euren artean oso ezberdinak dira ipuinak; baina denek dute aire misteriotsu bat, arrarotasun bat.
Desberdinak dira, eta eskertzen dut esatea, zeren hori bai izan da nire asmoa. Ipuinak jarraian idatzita, denek ildo bat hartzen dute azkenean, denak borobiltzen dituzu tonu jakin batekin. Arnasa gehiago eman nahi nien, eta horregatik utzi dut 6-8 hilabeteko tartea batetik bestera. Aldi hori igarota, nire burua ja beste bat da.
Kuriosoa da nola aldatzen den tonua nobelaren hariko umoretik, ipuinek izan dezaketen ukitu ilunera: urkamendia, lurperatzea, etxetik ihes egin beharra...
Bai. Harian hausnartzen da literaturari buruz, baina tonu oso ironiko batekin. Ipuinak sakonagoak dira: heriotza, gaixotasunak... Harridura bilatu dut bi kasuetan.
SPrako tranbian egin bezala, adineko jendea jarri duzu lehen lerroan. Interesgarri egiten zai zu horiekin jokatzea?
Egia esan, bai. Beti komentatu izan dut nire familia oso familia zaharra izan dela: nire gurasoak izan dira euren familietako gazteenak, eta ni gure familiako gazteena. Nire aitita-amama guztiak XIX. mendean jaio ziren; anai-arreben artean ni naiz gazteena, alde handiz; 9-10 urte nituenean, nire izeba-osaba guztiek zeuzkaten 60-70 urte; lehengusuek orain dituzte 70-80 urte... Niretzako hori mundu paralelo bat izan da, ez dudana bizi izan, baina askotan entzun izan dudana.
Nire oraingo ikasleak 2002 inguruan jaio dira, eta eurentzako XX. mendea ez da existitzen. «Gu ez ginen jaio; beraz, ez da interesgarria». XXI. mendekoak dira erabat. XX. mendea da entelekia bat ez dutena ulertzen, eta ez zaiena inondik inora interesatzen. Eta harritzen nau. Egun gazte askok duten tristeena jakin-min falta hori da. Niri asko interesatzen zitzaidan nire aurreko sasoia, nondik natorren jakiteko: zer gertatu den hemen, gerra bat, haren ondorioak, nola ikusten duen heriotza 90 urteko batek...
Giro hori gertu eduki izanak izango zuen eraginik literaturazaletzearekin.
Agian bai, istorioak maite izatearekin. Hortik doala uste dut, bai. Andreak esan zidan familiakoak ezagutzen hasi zenean: «Ze ondo kontatzen dituzten gauzak zure familiakoek». Niretzako naturala zen, kontatzen zituzten, eta kito.
Hil hurren dagoena Barturen da, gehiegi aipatzen ez bada ere. Behin izan zen horren bila ari da?
Hori da liburuaren zeretako bat. Bilatzen dutena Pedro Iturria deitzen da, ez alferrik. Iturria zer da? Iturria gauza asko da, eta bada jatorria da, sasoi batekoaren bilaketa. Baina zein iturri? Literaturarena? Bere bizitzarena? Adiskidetasunarena? Gaztetasunarena? Hainbat interpretazio dago, eta nahi nuke bakoitzak berea egitea. Nik neuk ere ez dakit, eta ez dago zertan jakin. Ni ere bila nabil, eta auskalo zeren bila.
Bistan da ez dela irakurri behar begirada errealista batetik. Ez zaizu interesatzen bide hori?
Inondik inora ere ez. Errealismoak niri ez dit ezer ematen. Esaten da liburu batek egiantzekotasuna izan behar duela, eta beti pentsatzen dut: «Zergatik?». Literatura harago doa. Errealitatea oso sinplea da. Hori islatzeak zer konplexutasun dauka? Konplexutasun handiagoa dauka harago doazen gaiez hausnartzeak. Errealitatea, nirea behintzat, oso normala da: lanera joan, alabarekin egon... Aritz Gorrotxategik esaten du: «Denok ez gara Limonov». Halako bizimodu bat eduki baduzu, kontatzen duzu zure errealitatea, eta ikaragarria da. Baina nik? Niri ez zait interesatzen errealitatea.
Badira zeure buruari egindakoak diruditen galderak eta aldarriak pertsonaien ahotan. Esaterako, estiloan piroteknia saihestea.
Bai, hori oso argi izan dut idazten hasi nintzenetik: piroteknia ez da literatura ona. Urte asko eman ditut itzultzaile, irakasle, irakurri ditut klasikoak... idatz nezake antzeko zerbait. Baina ematen du aberastasun linguistikoa dela literatura, eta niretzat ez. Izan daiteke, baina ni nekatu egiten nau irakurle modura. Kolpe bat eman behar dizu literaturak. Eta horretarako anpuloso jartzen bazara, loreekin egingo diozu horrela [aurpegitik tentuz igurzteko keinua egiten du], baina ez diozu kolperik emango. Literaturak tripak mugitu behar dizkizu, eragin. Eta, horretarako, nik argi daukat oso zuzena izan behar duela.
«Oraindik deskribatzen dira gauzak?». Oraindik forma asko errepikatu duzu aipamenetan.
Beti iruditu izan zaizkit nahiko erridikuluak modak. Jantzietan edo armairuetan, tira. Baina ez literaturan. Literatura da edo ona edo txarra. Badirudi orain literatura tipo bat egin behar dela, edo bestela demodé zaude. Horri barre egin nahi nion. Oraindik erabiltzen dira sinboloak? Ezin da erabili jada sinbolismoa amaituta dagoelako? Absurdoa da. Orain modan dagoena zer izango da...
Limonov, esaterako?
Bai, autofikzioa eta norberari buruzko gogoetak egitea. Hori egin nahi baduzu, oso ongi. Baina ez eragin besteei hori egiteko. Niri ez zait interesatzen inondik inora ere, baina ematen du hori dela orain puntako literatura, zer eta bakarrik modan dagoelako.
Ipuinetik ipuinera, horiek aztertzen ditu Barturenek ingurukoekin. Literatur eztabaidairako dei inplizitutzat uler daiteke.
Bai. Nahi nuen hori, baina ez nuen inor izutu nahi. Horregatik eman diot tonu arin hori, pertsonaia hori sortuta, Soro Barturen, ezer ez duena serio sartzen. Hainbat gauza esateko aprobetxatu dut hori.
Oso harrigarria egiten zait idazleen bilerak-eta egiten ditugunean, bazkari bat, sari banaketa bat, inork ez duela literaturaz hitz egiten, oso gutxi. Batzuekin bai, Harkaitz Canorekin, bai. Eta niri ikaragarri gustatzen zait. Uste dut liburu hau nire idazteko eraren edo literatura ulertzeko moduaren laburpen moduko bat dela; idazteko orduan ditudan oinarri asko daude hemen.
Zeintzuk nabarmenen?
Pirotekniarena oso argi dago. Erritmoari eta tonuari garrantzi handia ematearena ere bai. Edo leku eta pertsonen izenena: ematen du oso gauza ezdeusa, baina oso inportantea da non kokatzen duzun ekintza, eta zer pertsonaia klase eraikitzen duzun. Soro Barturen, adibidez: nahi nuen gizon hori euskalduna izatea, itzulpenak euskarara ekartzea. Ikusten dugu 80 urteko gizon bat, abertzalea izan dena beti. Ez dut esaten inon, baina mundu guztiak daki. Motxila hori eman nahi nion, eta eman diot izenaren eta lagunaren bitartez.
Ipuinetan lausoago jokatu duzu, ordea.
Bai. Ez da aipatzen lekurik, eta izenak lausoak dira. Lehenengoan salbu: hor Neguri inguruko jendea erretratatu nahi nuen. Margarita Maguregi, horra
Ageri diren hiriak ere ez daude ausaz: Praga, Budapest, Varsovia.... Europako literatur tradizio horrek eragin dizu gehien?
Bai. Hemen topatzen hasiz gero, seguru daudela idazle poloniarrak, hungariarrak... [Alboko mahaiko liburu dorre batetik buruan dagoena hartu du]. Begira, hau poloniarra da [Andrzej Stasiuken Cuentos de Galitzia], eta, segituz gero, beste asko izango dira hangoak. Ikaragarri harritzen naute. Hasten zara haien biografia irakurtzen, eta jartzen du: ingeniaria da, biolinista, idazlea, gulag batean egon zen, zazpi hizkuntza dakizki... Ikaragarria da. Heriotzaren mugetan egon dira, askotan, gainera; eta beste mundu ikuskera bat dute. Beti harritzen naute: zer kontatzen duten eta nola. Omenaldi bat izan da haiei.
Horra zure literaturako beste oinarri bat, beraz.
Bai, hortik ikasi dut, eta ipuin hauetako giro arraro eta bitxi hori asko dator hortik, euren lanak irakurtzetik.
Idaztea eta irakurtzea, dena bat den ideia dator, hain justu, liburuaren amaieran.
Duda barik. Lehen esan dugu: gure bizitza nahiko arrunta da. Orduan, ideiak nondik? Ba, beste arte batzuetatik, eta nik literatura kontsumitzen dut gehien. Baina izan daiteke telesail bat ere: urkatuen ipuina, adibidez, The Handmaid's Tale telesailetik geratu zitzaidan irudi batetik idatzi nuen.
Igaro da denbora bat idaztetik bizitzeko hautuari uko egin zenionetik. Gustura zaude?
Bai, nahiko gustura. Lanbide ederra dut orain. Irakasle lanak sasoi batzuetan asko eskatzen dizu, baina oporraldi luzeak daude, eta, eguneko lanak eginda, uzten dizu egunaren parte handi bat irakurtzeko, pentsatzeko, sortzeko. Nire lanbideari eskaintzen diot onena, baina egin eta gero ere badauzkat ordu batzuk literaturarako, eta hori gauza handia da.
Askeago idatzi nahi zenuelako hartu zenuen erabakia?
Bai. Profesionala zarenean, idazle moduan aritzen zara, baina ez zara aritzen literaturan hainbeste: gidoi bat, hitzaldi bat, artikulu bat... Energia asko galtzen duzu hainbat gauza idazten, eta zurea idazteko, literatura, indar gutxi geratzen zaizu. Niretzat egoera oso desatsegina zen. Eta orain badut nire lana, nire soldata, eta alde horretatik trankil nago. Ez dut edozein enkargu hartu beharrik.
Aldi berean, badago idazle zein bestelako sortzaileen aitorpen profesionalaren aldeko eskari bat. Hala nahi duenak, baldintzak izan ditzan hor garatzeko bere jardun profesionala.
Bai, hori egia da; zelan ez dakit, baina egin beharko litzatekeela bai. Euskal kulturak merezi du hau? Ez dago modurik arnasa apur bat emateko pertsona hauei? Interes eta borondatearekin, badago. Sortzaile asko itota daude, eta horrek, azkenean, maila jaisten du. Borondatez ari gara kasik-kasik sortzen, eta hori ere ez da. Sistema bat eduki behar da atzetik. Eman halako autore bati unibertsitatean eskola egun bat, eta horren truk soldata bat. Beste guztia eduki dezala, bai klase horiek prestatzeko, baina bai idazteko, hausnartzeko... Ez da literatura behar? Ez da zinema behar? Ez da kantagintza behar? Ados, ez bada behar ez dezagun ezer egin, baina benetan sinesten badugu behar dela, herri batek behar duela arte bat, kultura bat, erabakiak behar dira. Gogoa eta kalitatea demostratuta dute askok.