HILBERRIA. Rosa Valverde

Pinturaren bulkada betierekoa

gorka erostarbe leunda
2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Arte sorkuntzaren deia umetatik jaso zuela aitortzen zuen. Antonio Valverde Ayalde artista zuen aita. Baina bizitza osoan izan zuen artearekin bulkada kontrolagaitza, ia bat-batekoa, eta jasotako arte hezkuntzak bazuen zerikusirik horretan. «Sistiagaren akademian ikasi nituen bat-batekotasuna eta askatasuna txikitan, eta oso barruan gelditu zait hori», zioen. Eta sorkuntza behar-beharrezkoa zitzaiola ere bai. «Ni arterik gabe hila izango nintzatekeen. Ez nintzatekeen existituko. Arteak laguntzen dit bizitzen». Larunbatean zendu zen Rosa Valverde margolari eta artista plastiko donostiarra, 62 urte bete zituen egun berean.

Gorabehera estilistikoak izan zituen 70eko hamarkadatik gaur egunera bitartean, 1976an egindako lehen erakusketatik, duela bi urte Iruñeko Ziudadelan eskaini zioten atzera begirako oparora bitartean. Erakusketa horretan ikus zitekeenez, bihurria izan da margolariaren jarduna. Naif kutsuko irudi erromantikoak eta bihotz formako eskultura bitxiak bazeuden, baina baita maitasunaren irudi publizitarioa iraultzen zuten panel ironiazkoak, eta kaiola batean sartutako umetxo baten panpina ere bai.

Azken urteetan haren estiloak baretze aldera jo zuen, baina, Iruñeko erakusketaren komisario Alvaro Matxinbarrenaren iritzian, edozein unetan alda zitekeen berriro ere: «Adinak ekarriko zion baretasun hori, agian, baina baliteke haren beste broma bat izatea, eta hemendik gutxira berriz ere munstroa agertzea».

Juan Antonio Sistiagarekin ikasi ondoren, 1964tik 1967ra bitartean, pintura utzi egin zuen bolada batez, aitaren heriotzaren ostean, 1970ean. Baina, pixkanaka, Jose Llanos, Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoirekin elkartzearen ondorioz, berriro piztu zitzaion margorako barneko irrika. Hastapenak herabeak izan zituen. «Sekula ez dut eman galerista baten bila joateko pausoa; hori da egin beharrekoa, baina artearen merkatuak beldur handia eman dit beti», aitortu zuen elkarrizketa batean.

Donostiako San Telmo museoan egindako Euskal pinturaren 80 urte erakusketa kolektiboan parte hartu zuen 1979an , eta Amaia Lasaren Nere paradisuetan poema liburuko ilustrazioak egin zituen. Hurrengo urtean erakusketa zabal bat egin zuen Bartzelonan, Joan Miro fundazioaren Espai 10 aretoan. Joxanton Artzeren poema bat ageri zen erakusketaren katalogoan.

80ko hamarkadan ekinbide oparo samarra izan zuen, baina baita geldialdi handiak ere. Florentziako Il Bisonte Arte Grafikoko eskola esanguratsuan grabatuak egiten ikasi zuen, eta hark dimentsio berri bat eman zion bere jarduerari. «Zoro baten moduan margotzetik, ordutegirik gabe, 30 orduz jarraian margotzen, batere diziplina eta ordenarik gabe, heldutasun batera igaro naiz», adierazi zuen orduan.

Azkainen (Lapurdi) bizi zen aspalditxoan, eta han eman zuen azken hatsa, pintura bizi eta irakasten zuen leku berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.