Artista

Miren Doiz: «Pintura saihesten dut, baina egiten ditut margolanak»

«Pinturaren mugez» hausnartu du Miren Doiz artistak urteetan; berdin margolanetan, instalazioetan edo «pinturarik gabeko» obretan. Orain, kontsumismoa du gogoetagai nagusia. Abstrakzioa eta figurazioaren tartea, abagunea.

Miren Doiz artista saritu du Artea Oinez egitasmoak aurten.
Miren Doiz, bere lan bat ondoan. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko apirilaren 24a
05:30
Entzun

Miren Doiz artista (Iruñea, 1980) saritu du aurten Artea Oinez egitasmoak. Eta June Crespo, Mari Puri Herrero, Oier Iruretagoiena, Xabier Morras eta beste hamaika euskal artistaren lanekin batera ikusi daitezke horregatik haren obrak Kondestablearen jauregian. Pozik azaldu da aitortzarekin. «Kasualitatez, nire lehenbiziko dohaintza Zangozako Ikastolari egin nion, hain justu Nafarroa Oinez antolatu zuten aurreko aldian, eta ilusio handia egiten dit». Baina, diziplinak uztartzeko duen moduaz ez ezik, egun kezka iturri zaiona ere aipatu du elkarrizketan: egungo kontsumo eredua.

Zer garrantzi ematen diezu ibilbidean jasotako sariei?

Ez da beti berdin izaten. Arte sistema nolakoa den kontuan izanda, fakultatetik atera berria zarenean eta saiatzen zarenean aztertzen ea artea bihurtu dezakezun ofizio edo ez, edo pentsatzen duzunean ea merezi duen saiatzea, sariak sekulako mesedea izaten dira ikusgaitasuna zabaltzeko. Gero, sariak batez ere ekonomikoki dira eskertzekoak; zertan esan bestelakorik. 

Zenbateraino zaizu laguntza hori premiazko?

Irakaslea naiz unibertsitatean, bestela ezinen nintzateke bizi. Nire ekoizpenak ez dira izugarri garestiak izaten materialei dagokienez, baina ordu mordoa sartzen dut, eta diruz lagundutako sariei esker egin dezaket lan estutasunik gabe. 

Irudipena da lanak ontzeko sarri itzultzen duzula begirada atzera eta txokoa egin nahi izaten diezula erreferentzia biografikoei. Zer zaizu erakargarri ariketa horretan?

Nire kasuan, iraganari nostalgiaz begiratzea bainoago, gustatzen zait bizitzan lagundu didaten edo ondoan izan ditudan gauzak erabiltzea. Horretan nabil azkenaldian. 

«Iraganari nostalgiaz begiratzea bainoago, gustatzen zait bizitzan lagundu didaten edo ondoan izan ditudan gauzak erabiltzea [artelanetarako]»

Besteak beste, halaxe jardun zenuen 2023ko udaberrian Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan ikusgai jarritako Gorputzak lekuan obran: inguruan topatutako materialak bilduaz sortu zenuen, aitortu zenuenez, material gehiagorik sortu behar ez izateko batik bat.

Aspaldi nago oso kezkatua kontsumo gizarte madarikatu honekin. Kasik saihetsezina da joera hori izatea eta, gainera, denok gaude geure egoerak eta klaseak guztiz baldintzatuta. Besteak beste horregatik, gaur egun hondakinekin egiten dut lan gehien. Konfinamendu garaian argi ikusi nuen bide hori hartu behar nuela. 

Zerk ohartarazi zintuen, zehazki?

Material eskasia handia izan zen. Adibidez, gogoan dut AEBetako pintura akriliko batzuk erosi nahian nenbilela eta esan zidatela seguru asko ez zela posible izanen. Baina aldi berean, etxetik ateratzean ikusten zenituen zaborrontziak gainezka; erreparatzen badiozu, aise ohartzen zara gauza mordoa botatzen dugula. Seguru nago nahiko banu bizitza osoa eman nezakeela hor barna aurkitzen ditudan materialekin, besterik apenas erosi gabe. Halere, ideia horretatik tiraka Derroche/Colapso lana sortu nuen 2022an, eta horretarako hain justu kadmio eta kobalto pigmentuzko koloreak erabili nituen; mineral arraroetatik ateratakoak dira, eta akaso iritsiko da eguna non ez den izanen halakorik. Anbibalentziak zer diren. 

Bistan da diziplina askotan aritu zalea zarela: argazkilaritzan, eskulturagintzan, instalazioen sorkuntzan... baina aitortua duzu pintura duzula beti ardatz. Zenbateraino gailentzen zaie besteei?

Orain askoz «eskultoreago» nabil lehen baino, baina beti pentsatu dut margolari begirada dudala. Niretzat, kolorea ezinbestekoa da zernahi pieza eraikitzeko eta egituratzeko, edozer dela ere. 

Nola baliatzen duzu?

Kolore bakarreko eskultura batean, soilik formei erreparatzen ahal zaie, funtsean. Baina kolorearen bitartez aukera dago forma bat zatikatzeko, are forma diferenteak simulatzeko, fikziozko moldaketa bat izanik ere. Eta laguntzen du hierarkiak sortzen, eta ordenatzen. 

Izan ere, esan duzu kontsumismoak zaituela kezkatuen egun, baina urteetan pinturaren mugak izan dituzu begiz joak, batez ere. 

Bai, eta asko gogoetatu dut margotzeari buruz. Dena dela, iritsi zen une bat non derrepentean argi ikusi nuen nik ez nuela segitu nahi berdin margotzen, eta probatu ditut beste teknika batzuk. Adibidez, saihesten dut pintura erabiltzea, baina egiten ditut margolanak. 

«Orain askoz 'eskultoreago' nabil lehen baino, baina beti pentsatu dut margolari begirada dudala. Niretzat, kolorea ezinbestekoa da zernahi pieza eraikitzeko eta egituratzeko»

Pinturarik gabe pintatu, alegia. 

Bai, zeren sentitzen bainuen pintura baliatzen banuen material gisa, izan ohi nuela, esaterako, nire betiko trazu lodia. Eta saia ninteke trazu hori fintzen, leuntzen, baina hori eginik ere izanen nituzke joera batzuk. Orain, bestelako materialekin ere margotzen dut; adibidez, plastikozko poltsekin. Nire jardun artistikoari halako muga eta erronkak jartzeak lagundu dit aurrera egiten. Gure garuna nahiko nagia izan baitaiteke: aise jartzen da eroso dagoen tokian, eta aurreztu nahi izaten du energia. Horregatik, garuna zirikatu behar da, eta estimulatu. 

Askotariko diziplinak elkarren artean nola, estilo figuratiboa eta abstraktua sarri uztartu dituzu zure obretan. Zer lortu nahi zenuen formula horren bidez?

Figurazioa baliatzen dudanetan, simulazioarekin izaten du ikustekoa askotan, begiari iruzur egin nahiarekin. Adibidez, badut obra bat jarria Madrilgo Tabakaleran lehenago gaztetxe itxura-edo zuen toki batean; orain zuriz estalia dago, eta nik tranpatxo baten bitartez irudikatu dut ezkatatuta dagoen horma bat. Halakoak instalazio handietan edo espazio handietako esku hartzeetan egiten ditut gehiago. 

Izan ere, berebiziko garrantzia ematen diezu eremuei. Gauzak non egin, diferentea da beti.

Inoiz ez dut errepikatu esku hartzerik. Obrak toki jakin baterako prestatzen ditut; harako baizik ez daude pentsatuta. Gainera, efimerotasunaren ideia asko maite dut: gustatzen zait inportanteena esperientzia bera izatea, unekoa.

Berdin pinturarekin, eskulturekin edo instalazioekin?

Bai. Eta akaso bereziki pinturarekin egin behar da ahalegina, batez ere. Iruditzen zait beti ikusi dela gurtu beharreko zerbait bezala; museora joan, margolanari behatu, eta gurtu. Eta, preseski, nire pinturan gustatzen zait esperientziak izatea garrantzia, izatea zerbaiten barrenean zaudelako sentsazioa, eta gerta daitezela gauzak. Eta sentipen horrek iraun dezala bertan zarelarik soilik; ezin baituzu zeurekin eraman. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.