Bi artistaren arteko harreman profesional zein pertsonalaren isla da Xavier Alvarez de Eulate (Donostia, 1919Bermeo, 2012) eta Juan Aiesta (Beasain, 1960) margolarien lanekin osatutako Eulate + Aiesta. Arte eta bizitza esperientzia bat erakusketa.D'Museoaren eta Arantzazu Gaur fundazioaren artean egin dute: Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan dago, Santa Marta museoan, eta apirilaren 19ra artean egongo da ikusgai. Atzo aurkeztu zuten, eta bertan izan ziren Aiesta, Edorta Kortadi D'Museoko zuzendaria eta Juan Biain Arantzazu Gaur fundazioko arduraduna.
Tandem hitza erabili zuen Kortadik Eulateren eta Aiestaren arteko harremana adierazteko: «Irakasle baten eta ikasle baten arteko harremanari buruz mintzo da erakusketa». Frantziskotarren komentu bat izan zuten topagune, Erriberrin (Nafarroa): 1977tik 1982ra arte, uda guztietan elkartu ziren, eta testuinguru horretan ezagutu eta miretsi zuten elkar. Aiestaren esanetan, 16 urte zituela ezagutu zuen Eulate; hark, berriz, 57 urte zituen. «Hasiberri despistatu bat eta maisu kontsakratu bat ginen; bi belaunaldi, bi kultura, bi bizitza estilo eta bi esperientzia, eta nik bere estudioan lur hartu nuen». Ezagutu zirenerako aski ezaguna zen Eulate; izan ere, Arantzazuko basilikako beirateak egin zituen, besteak beste. Hala ere, haren ibilbide profesionalean pintura landu zuen gehienbat.
Erriberriko udalekuetara joan ohi zen Aiesta, eta leku-denbora zehatz horretan garatu zen bien arteko laguntasuna. Hasieran, arkatzez eginiko marrazkiak eman zizkion Aiestak Eulateri, eta han zituen liburu batzuetan gordetzen zituen arte erreprodukzioak erakutsi zizkion Aiestak. Hala, aholkuak eman zizkion Aiestari, baita «marrazten jarraitzeko adorea» ere. Aiestaren arabera, «bizia eta askea» izan zen ikasketa prozesu hori. Lanketa horretan, artista gazteak alde batera utzi zuen ordura arte landu zuen arte surrealista: joera abstraktuekin eta konposizioekin esploratzen hasi zen. Bien arteko erlazio hori Aiesta komentura bizitzera joan zenean irmotu zen. Komentuko gela bat hartu zuen bizitoki: lau orduko lana egiten zuen egunero, eta frantziskotarrekin bat egiten zuen eguneroko errutina. Horren ordainetan, janaria eta lo egiteko leku bat ematen zioten. Denbora librean Eulaterekin biltzen zen, harengandik ikasi eta marrazten jarraitzeko.
Koloreekin esperimentatzen, forma jakinik gabeko espazio eta orban abstraktuak egiten edota gradazioekin eta testurekin nola jolastu ikasi zuen Eulaterekin. Denbora bat igaro ostean, konposizio egitura berriak lantzen hasi zen: «Behatxulo batekin jolastuz, begiesten dugun horren gainean sortu ohi diren deformazioak aurkitu nituen». Horrela, Erriberriko komentuko espazioak paperean jaso zituen, eta behatxulo batetik begiratuta egongo balira bezala marraztu. Margolan horiek izugarri gustatu zitzaizkion Eulateri, eta horretan sakontzeko esan zion. Gerora, Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu eta Italiara joan zen ikastera margolari gaztea. Hiru urte egin zituen han, eta denbora tarte horretan eskutitzen bitartez hitz egin zuen Eulaterekin.
Maisuaren eragina
Italiatik itzuli zenean, 1990ean, Eulateri bisita egitera joan zen Aiesta. Azken horren esanetan, «egonaldia gazi-gozoa izan zen».Haren arabera, artistikoki amaitu egin zen ziklo hori, baina artisten arteko harremana ez zen orduan eten: laguntasunaren lokarriari eutsi zioten. Aiestaren hitzetan, bi aldi bereizten dira bere lanetan: bat 1980ra arte, eta, bestea, aldi horretatik aurrera. Lehenengo aldi horretan igartzen da gehien irakaslearen eragina, batez ere orbanen eta espresio zantzuen erabilerari eta forma geometriko dinamikoen usadioari begira.
Bien arteko antzekotasunaren isla dira, adibidez, Eulatek 1978. urtean margotu zuen Konposizio abstraktua eta Aiestak 1979. eta 1980. urteetan egin zuen Tonu hotzetan egindako konposizioa. Gauza bera gertatzen da Eulatek1979. urtean eginiko Abstrakzioa margolanarekin eta Aiestak 1978. eta 1980. urteen artean egin zuen Deformatutako forma lanarekin. Hala ere, koadro horiek lantzeko garaian bakoitzak bere teknika jarraitzen zuela esplikatu zuen D'Museoko zuzendariak: «Bien paisaietan, erretratuetan, natura hiletan... antzemangarriak dira orbanak eta espresio zantzuak; lanaren exekuzio proposamenak eta helburuak bestelakoak dira, ordea. Elkarren lagungarri eta aberasgarri dira».
Guztira, 30 lan baino gehiago daude ikusgai erakusketan, eta, artelanez gain, inoiz argitaratu ez diren zenbait irudi eta gutun ere bildu dituzte. Erakusketaren harira, eskuliburu bat ere kaleratu dute, eta, Biainen hitzetan, obra guztien azalpen sorta bat baino gehiago biltzen du liburuak: «Bi margolarien arte eta bizitza esperientzia erakusten digu». Hamar euro balio du. Erakusketa aste osoan ikusi ahal izango da, astelehenetik igandera, 10:30etik 19:30era. Bisita gidatuak ere antolatu dituzte, erakusketa «gertutik» ezagutu nahi duenarentzat: Aiesta izango da gidaria.
Pintura eta artea, lagunartean
Xavier Alvarez de Eulateren eta Juan Aiestaren margolan ugari bildu dituzte Donostiako Santa Maria elizako Santa Marta museoan. Apirilaren 19ra bitartean egongo dira ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu