Pintorearen unibertso osoa, liburu bakarrean

Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak Juan Luis Goenaga pintorearen bizitza eta obra aztertu ditu 'Goenaga' liburuan. Artistak hastapenetatik gaur arte izan duen garapena erakusten du lanean

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Katalogo solteetan baino ez zegoen jasota, orain artean, Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950) margolariaren obra. Bost hamarkadatan «milaka» margolan sortu dituela ekarri du gogora Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak, Goenagaren obra aztertu duenak. Eta bere ikerketaren emaitza da Goenaga liburua, Nerea argitaletxeak, Petronorren sostenguarekin, argitaratu berri duena. Margolariaren hastapenetatik gaur egungo lanetaraino, haren bizitza eta ibilbidea jaso ditu bertan ikertzaileak. Lertxundiren testuek ez ezik —euskaraz, gazteleraz eta ingelesez idatzita daude—, 170 bat margolanen argazkiek osatzen dute liburua. Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak egin dio hitzaurrea.

Urtebete da Lertxundik liburua osatzeko enkargua jaso zuela, eta «benetako erronka profesional» gisa hartu zuela azaldu du, bai artistaren garrantziagatik eta sortzen dion interesagatik, bai bere ikerketa eremua gehienetan XIX. mendeko eta XX. mende hasierako euskal artistak izan direlako. Horiek ikertzeko baliatu ohi duen metodologia bera erabili du orain Goenagaren obra aztertzeko. Batetik, erakusketen katalogoak, artikuluak eta bestelako testuak bildu zituen aurrena. «Prentsak eskaini dion artikulu kopurua deigarria egin zait, hasieratik gainera, hari buruzko lehen testuak 19 urte besterik ez zituenekoak direlako». Hala, liburuaren amaieran 300 bat erreferentzia bibliografiko jasotzea erabaki zuen, lagungarri izan daitezkeelakoan beste ikertzaile batzuentzat. Bestetik, artistarekin hitz egiteko «zortea» izan duela esan du, «orain artean egin ezin» izan duena. Eta liburua osatzeko hirugarren hanka obrarekin aurrez aurre jartzea izan dela azaldu du; hilabeteotan milaka koadro, marrazki eta argazki ikusi dituela. «Liburu honen helburua da Goenagaren 50 urteko ibilbide profesionalaren garapena azaltzea». Asmo horretan, Goenagak berak urteotan plazaratutako gogoetek eta beste ikertzaile batzuek hari buruz esandakoek ere lagundu diotela adierazi du.

Oinarri horiekin, margolariaren ibilbidea kronologikoki azaldu du liburuan, sei ataletan banatuta. Artistaren hastapenak azaltzen dira lehenik, Erroma, Madril eta Bartzelonara egindako lehen bidaiak, zeintzuetan akademiek baino pisu handiagoa izan zuten bisitatu zituen erakusketek, ikerlariaren arabera. «Artearen ikusle etengabe eta irekia da, bere sentitzeko moduarekin bat datozen kontzeptuak bere produkziora ekartzen dituena». Gero, 1969tik aurrera, artistak Alkizan (Gipuzkoa) naturarekin harremanetan bizi izan zuen «murgiltze hamarkada» agertzen du lanak. «Funtsezko garaia da harentzat, paisaiari hurbiltzeko moduagatik». 70eko lehen urteetakoak dira Belarrak, Itzalak, Sustraiak, Marroiak nahiz beste serie batzuk. 80ko lehen urteetan, «pop munduan, mundu urbanoan» murgildu zen artista; serie berriak sortu zituen, «eta sintonia sortzailea erakutsi zuen garaiko mugimendu artistikoekin, hala nola espresionismo alemaniarrarekin».

Hamarkadaren erdialdera, berriz Alkizan, barrura begira jarriko da kanpora baino gehiago, eta familia eszenak nagusituko dira bere lanetan. Baserria «motibo ia abstraktu» bihurtuta azalduko da azken urteetako serieetan, eta horiek 90eko urteetako beste serie garrantzitsu batekin uztartuko dira, Arkeologiak izenekoarekin. Bertan, milaka urte atzera bizitako sortzaileekin identifikatzen da Goenaga, eta naturak bere tokia hartuko du berriro. Bere produkzioaren oinarrian ildo horrek hor jarraituko badu ere, hurrengo bi hamarkadetan «hainbat pausaldi» egingo ditu, beste serie batzuk ere ontzeko, hastapenetatik hor egon diren gaiak lantzen dituztenak: figurak, biluziak, paisaiak. Mende berriarekin, estudiotik atera, argi naturala bilatu, eta kolore biziak baliatuko ditu artistak —urteak atzera, beltzarekin nahikoa zuela esaten zuela ekarri du gogora ikertzaileak—, eta obra koloretsua ondu du azken urteotan.

Horiek horrela, bere ikerketatik atera duen ondorio bat nabarmendu du Lertxundik: «Goenagak ez du garatu ibilbide aldaezin bat; bide ezberdinak arakatzeko gai izan den artista bat izan da». Ildo, gai edo ideia bat eta kontrakoa aldizkatzeko gai izan da artista, Lertxundiren esanetan, «baina beti ahots propio batekin».

Amaieran, autorretratua

Liburuarekin pozik agertu da Goenaga. Proposamena jaso zuenean «ezustekoa» hartu zuela azaldu du, baina ilusioa ere egin ziola, eta emaitza gustatu zaiola. Bere ibilbideari erreparatzean «hastapenetara» jotzen duela esan du, «jatorrira, sortutako lehen lanetara». Milaka lan ondu ditu urteotan, baina bizpahiru aipatu ditu berarentzat nabarmenenak direnen artean: Sotorena (1975) olioa eta 1972-1976 urteen artean landu zituen beste zenbait, besteak beste, Belarrak nahiz Sustraiak serieak sortu zituen garaikoak.

Gaur egun, margotzen jarraitzen du. «Figurak, paisaiak, erretratuak, Donostia, Alkiza... gertu dudana», zehaztu du. Eta horren lekuko da liburua ixten duen autorretratua, aurten bertan egin duena. Bere argazki bat eskatu zioten libururako, baina margolan bat izatea hobetsi zuen artistak, eta ehun bat akuarela landu zituen; azkenean, horiek guztiak baztertu, eta «azkar batean» sortutako olio lan bat aukeratu zuen. Margolaria bera erakusten duen lan batek ixten du, beraz, liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.