Iñaki Grazenea. Artista

«Pintorea naiz, baina ez koadroen pintorea»

Egunero-egunero estudiora joan eta lanean jarraitzea, beste erremediorik ez du ikusten artearen munduak duen krisiari aurre egin eta artista izaten segitzeko.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Oiartzun
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Zazpi urterekin hasi zen margotzen Iñaki Grazenea (Hondarribia, 1972). Aita ere margolaria du. Gaztetxotan margoturiko lan guztiak, «edo ia guztiak», erre egin zituen ordea. «Sorkuntzari transzendentzia kentzeko modu bat da. Betiereko ez izateko gogo bat. Denetariko artistak daude, baina nik ez daukat horrelako asmorik. Gaur egun, gaztetxotan baino koadro gehiago botatzen ditut zaborretara». 1995en lizentziatu zen Arte Ederretan, Euskal Herriko Unibertsitatean, baina, «beste askoren moduan», Artelekutik igaro ostean egin omen zen artista. Geroztik hamaikatxo erakusketa egin ditu, nola bakarka hala taldeka. Gaur egun, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean daude ikusgai Fünf Cams eta P/M/P haren proiektuak (maiatzaren 26ra arte), Leizeak, irudiaren labirintoak erakusketa kolektiboaren barruan. Biak ere kontrol sistemen inguruko gogoetak dira. Bideo irudiak lortu, eta, ondoren, horiek margotu. Hori izan da prozesua. Hurrengo egitasmoa ere bide beretik joango dela dio, espetxeei buruzkoa izango baita. Oiartzundik Lesakara bidean du estudioa, Aiako Harriaren magalean.

Bideozaintzaren inguruko hausnarketa batetik abiatzen da Fumf Cams proiektua (Bost kamera). Aurkezpen egunean esan zenuen ez dela, ordea, bideozaintzaren kontrako jarrera kritikoa…

Batzuetan, errazegi hartzen da zerbaiten aldeko edo kontrako jarrera, Hollywoodeko filmetan bezala. Hau gaizki dago eta beste hau ondo dago esatea, alegia. Gerta liteke batzuetan bideozaintzak balio ona izatea. Egiten den bideozaintzaren erabilpena da txarra niretzat. Hori zientziaren asmakizun askorekin gertatzen da. Zer lege egiten diren bideozaintzaren inguruan eta nola erabiltzen den, hor dago koska.

Artea ez dago epaitzeko, baina kritika egiteko tresna izan liteke, ezta? Bestela, zertarako dago, zerbait konstatatzeko baino ez?

Ez, espiritu kritikoa lantzeko tresna bada, eta galdetzeko tresna bat ere bai. Niri gustatuko litzaidake ikuslea gerturatzen denean irudiei begiratzera bere buruari galdetzea ikusten dituen gauzak egia ote diren edo ez. Esaterako, faltsutu ditudan irudi batzuetan timer bat jarri dut, hau da, eguna eta ordua markatzen duen markagailua. Jendeak, hori ikusita, pentsatzen du zerbait gertatu dela, nahiz eta nik jarritakoa izan. Kode batzuk dauzkagu barneratuak sartu egin dizkigutelako, eta horien bitartez ulertzen dugu errealitatea, horrela irakatsi digutelako. Baina geure buruari galdetu behar diogu ea zer dagoen irudi horien atzean.

Alfred Hitchcockek eman zigun guztiok barruan dugun voyeur-aren berri Rear Window filmean. Zuk muturrera eraman duzu ariketa hori Fünf Cams lanean, bizilagun bati jarraitu eta filmatu baitzenuen hainbat lekutan.

Film hori bakarrik ez, Hitchcocken beste film bat ere gogora ekar dezake nire proiektuak. Egitasmoaren lehen zatian nire bizilagunari jarraitu eta filmatu nuen Berlinen, baina bigarren zatian, aktore bat kontratatu nuen haren rola egin zezan. Beraz, Vertigo-n gertatzen dena ere gertatzen da. Bi filmak elkartzen ditu egitasmoak. Biktimaren eta borreroaren arteko jokoa azaltzen da hor. Norbait zaintzen dugu, baina haren borrero gara era berean.

Exhibizionista eta voyeur-en artean banatzen zuen jendea Hitchcockek. Artista ona izateko, zer da premiazkoagoa?

Artearen munduan bietarik dago. Batzuetan, norbere burua erakusteko nahia handia da. Performanceetan gertatzen da zenbaitetan, baina ez derrigorrez ere, hor paper baten atzean geratzen baita artista. Ni pintore izanik, batzuetan obrak horman eskegi eta neureak ez balira bezala ikusten ditut. Bietako bat aukeratu behar banu,ez-exhibizionista izango nintzateke.

Alegia, voyeur-a?

Voyeur hitzak konnotazio txarra izan dezake, eta nahiago behatzailea izan.

Damien Hirst ingelesaren lan egiteko modua hautsak harrotzen ari da azkenaldian. Exhibizionista eta saltzailea dela diote kritikari gehienek. Zer uste duzu zuk?

Arte sorkuntzari erreparatuz gero, badira hiru kasu une honetan batere atsegin ez ditudanak. Damien Hirst, Takeshi Murakami eta Jeff Koons. Izar bihurtu dira, arkitekturan beste zenbait bihurtu den moduan. Arteari dagokionez, ez zait interesatzen haien lana batere. Baina merkatuak izarrak behar ditu.

Sinesgarritasuna lortzea al da arte garaikidearen erronka nagusia?

Arte garaikidearena, politikarena eta bizitzako beste hainbat esparrurena. Gaur sinesgarritasuna lortzea ez da batere erraza. Gauzak modu batera ikusten ditugu, baina, lehen esan bezala, galdetuko bagenio geure buruari zer dagoen horren atzean... Galderak badaude, eta bakoitzak eman behar dio erantzuna eta sinesgarritasuna. Arteak, hitz gutxitan esanda, izan behar du esperientzia artistiko bat eta ezagupen esparru bat.

Gizartearengana iristen al da arte garaikidea modu eraginkor batean?

Arte garaikidea aldendu egin da gizartetik. Batzuek diote gizartearekin batera doazela, edo gizartearen arazoek bultzatuta lan egiten dutela, nik ere hala egiten dudala uste dut. Niri gustatzen zait ikusleari irizpideak ematea obra batean murgil dadin. Ikusleak ere ahalegina egin behar du sartzeko, hori bai. Oso normala da esatea arte garaikidea ezin dela ulertu eta gutxi batzuentzat egina dagoela. Eta batzuetan hala da, baina esfortzua egin behar da. Nik ere ez dakit nola funtzionatzen duten autoko balaztek, esaterako.

Zergatik diozu orduan artea gizartetik alden du dela?

Ez dakit orain aldendu den, edo beti egon den aldenduta. Postmodernitatearen ezaugarrietako bat da artearen beraren inguruko aipuak egitea... Artearen iruditeria hartu, eta handik abiatuta sortzen da. Bigarren buelta moduko bat da, eta oraindik eta gehiago aldentzen gara gizartetik.

KMKn dagoen Leizeak. Irudiaren labirintoak erakusketak arte postmodernoak oso bere egina duen asimilazioaren, kopiaren edo birziklatzearen inguruan egiten du gogoeta.

Hainbeste gauza egin dira jada artean, kopiaren kopiak eta asimilazioaren asimilazioak. Orain geratzen zaiguna da autopsia egitea. Hor dago hildakoa. Zatiak hartu eta interpretazio berriak sortzea dagokigu.

Non dago muga kopia hutsaren eta kopia artistikoaren artean?

Artistei eskatu behar zaie garaikidetasun bat edukitzea. Interpretazioa egin dezakezu lehenago egindako lan bati buruz, baina oraingo elementuekin. Ezin dena da lehengo gauza berberekin bizi. Beti dago zerbait egiteko. Muga dago intentzioan, ez egiteko moduan. Norbaitek kopiatu dezake artelan bat intentzio batekin, eta beste batek kopia hutsa egin dezake. Kopiak zerikusia dauka merkatuarekin ere. Nahi adina kopia egin ditzakegu, eta nahi adina buelta eman lan bati. Buelta batzuk interesgarriak dira niretzat, baina beste batzuk dira bizikletari pedalak ematea atzeko gurpila altxatuta.

Pintoretzat daukazu zeure burua?

Erakusketan dagoen nire lanik piktorikoena bideo lana da.

Nola esplikatzen duzu hori?

Pintura ez da material bat edo teknika bat, begiratzeko modu bat da. Nik ez dut inoiz margotzen koadro bat era klasikoan. Ez dut astoa jarri eta hasi eta bukatu koadro bat margotzen. Margotzen dut irudiak atzemango banitu bezala, ni programa bat izango banintz bezala, eta ordenagailuko irudi bat atzemango banu bezala. Nire lanak ez ditut ikusten koadro bezala. Aspaldi margotu nuen azken koadroa, 1997an edo. Estudioan zintzilikatuta daukat hori. Hori da dudan nire koadro bakarra. Pintorea naiz, baina ez koadroen pintorea.

Artelekun hezitako artista zara. Nola ikusten duzu gaur egun erakundeen eta artisten arteko harremana?

Ni ez banintz Artelekun sartu 1997an, Santi Eraso zuzendari zela, ez nintzateke artista izango. Erakundeek ikusi behar dute gogo handia ipini behar dela, eta dena ez dela diru kontua, baizik eta gauzak egiteko grina. Artistok batzuetan oso gutxi saltzen dugu, baina lanean jarraitzen dugu.

Grina falta sumatzen duzu erakundeen aldetik?

Dirurik ez dutela agerikoa da, baina beste gauza batzuk bilatu behar dituzte aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.