Donostiako San Telmo museoak erakusketa berezia eskaini zion Sigfrido Koch Arruti argazkilariari 1993ko abenduan, hura hil eta urtebetera. Metaturiko nostalgia zuen izenburua, eta bost ataletan banatu zuten. Itsaso irekia-k arrantzaleen gaiak biltzen zituen, bere joera ezagunenetakoarenak, alegia. Lur oroitua-n, landako gaiei buruzko ikuspegi berezi bat erakusten zen. Hiria: Donostia-k txoko gogokoenen antologia osatzen zuen. Erretratuak izenekoan, kulturaren munduko pertsona ezagun batzuk biltzen ziren: Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola, Gabriel Celaya, Joxemiel Barandiaran eta Julio Caro Baroja, besteak beste. Azkeneko atalean, Fotopintura: Natura eta Artifizioa izenekoan, argazkigintzak baino gehiago margolaritzak eragindako elementuak azaltzen zituen.
Zarauzko Photomuseumek eskala txikiago batean osatu du erakusketa hura, eta Koch Arrutiren 50 bat lanez osaturiko atzera begirakoa jarri du erakusgai, urriaren 18ra bitartean. «Txikitatiko argazkigintzarekiko harreman logikoa izan dut; hala ere, prestakuntzaren ikuspegitik, nire bizitzan izandako harremanik garrantzizkoena margolaritza eta eskulturarekikoa izan da. Zorionez irakasle on-onak izan ditut», esan zuen Koch Arrutik (Donostia, 1936-1992).
Eta irakasleak asko izan zituen, etxetik hasita, jatorri alemaniarreko gipuzkoar argazkilari eta artista familia batean jaio baitzen. Sigfrido Koch Bengoetxea aitarengandik jaso zuen prestakuntza nagusia. Koch Arrutik sarri ekarri ohi zuen gogora aitarengandik bereganatu zituela «punta-puntako eskolak», San Telmo museoan eginiko ikustaldietan zein naturara egindako txangoetan.
Etxetik datorkion ofizioa
Willy Koch Schoneweiss aitona zuena ere argazkilaria eta margolaria zen. 1902an iritsi zen hura Alemaniatik Donostiara. Zinemaldiaren sortzailea eta bere garaiko kultur munduko pertsona ospetsuen erretratugile garrantzitsua izan zen. Eta oraintsu zendu den Alberto Schommerrekin ere bazuen ahaidetasuna, haren aita ere —Alberto Schommer Koch— Alemaniatik etorri baitzen XX. mende hasieran. Familiaren adar hura Gasteizen egonkortu zen. Honako hau idatzi zuen Schommerrek 1993an, Koch Arruti hil eta urtebetera, haren obraren inguruan: «Denbora erreala eta errepikatu ezin den historiaren denbora dira haren irudiak. Haren irudi ederrek lirismoa berpiztu nahi dute batzuetan, eta, beste batzuetan, gizakiaren ekintzaren indarra berreskuratu. Errealitatea abstrakzio eta eraldaketa ere bada, eta Sigfrido Kochek ildo hori ikertu zuen».
1959an, 22 urte zituela eta bere ibilbide profesionala urratzen hasi nahi zuelarik, Alemaniara joan zen Koch Arruti, argazkigintza koloreduna ikertzeko xedez. Leverkussengo Agfa-Gevaert etxean eta Koloniako Schmitt und Schmitt laborategietan aritu zen lanean. 1961ean Donostiara itzuli aurretik, Herbehereetan eta Belgikan izan zen, hainbat argazkilarirekin ikasle bekadun modura eta baita lanean ere. Flandriako Morsel hirian, publizitate argazkigintzari ekin zion. Bi urteko prestakuntza trinkoa jaso zuen, eta, material sentikorreko errebelatuen jardueran sakontzeaz gain, bere iragazkiak egiten hasi zen. Gero, Madrilgo Rasgo Grey agentzian hainbat urtez jardun zuen lanean bertako argazkilari bakar modura. Bilbon kokatu zen geroago, Producciones Koch argazkigintza estudioa zabalduta, eta, azkenik, sorterrira itzuli zen, Donostiara. Han, gai anitz landu zituen argazki kamerarekin: paisaiak, nekazaritza nahiz itsas agertokiak, erretratuak, eta baita alde abstraktuago bat, egituren argazki ugari, zeinak Photomuseumeko erakusketan ere ikus litezkeen, urari edo harkaitz bati gertutik ateratakoak, kasurako. Eta bilakaera horretan koka liteke haren zenbait paisaia eta pertsonaiari darien malenkonia kutsu erromantikoa —flou teknikaren eta pinporta lanbrotuaren erabileraren bidez— nola bihurtzen den gero naturako hainbat materiaren abstrakzioren errepresentazioa.
Begiarekin beti harrapatu nahi izan zuen errealitate hurbilekoaz haragoko zera bat, begi bat argazkigintzan eta bestea pinturan. Xabier Amurizak idatzitako bertso zati hau irakur lieteke Photomuseumeko erakusketan: «Sigfridoren begia/ argikari haundia/ urrutietara jalgia/ lurrera itzulia / lurra zulatu eta/ bere sorterria.
Pintore begia
Sigfrido Koch Arruti argazkilariaren bilduma atondu du Photomuseumek, Zarautzen.Urriaren 18ra arte dago ikusgai atzera begirako askotarikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu