Arnasa hartzen zuen bezala pintatzen zuen Menchu Galek (Irun, 1919-Donostia, 2008). Bulkadaz, modu natural eta ezinbestekoan, aurrez pentsatu gabe, aurrez marraztu gabe. Pinturaren alderdi arrazoizkoari gehiegi erreparatzen ez ziola uste du Edorta Kortadik, Menchu Gal fundazioko komisarioak. «Koloreekin marrazten zuen, eta pinturaren alderdirik emozionalena lantzen zuen», azaldu zuen, atzo, Galen erakusketa antologikoaren aurkezpenean. Rafael Sierrak apailatu du berez, baina haizeteen ondorioz, ezin izan zuen garaiz iritsi aurkezpenera. Kolorearen indarra izenburupean, EHUren Bilboko paraninfoan izango dira Galen obrak, otsailaren 28ra arte.
Orotara, 167 margolan bildu dituzte. Natura hilak, paisaiak eta erretratuak. Eta gaika paratu dituzte erakusketan, ordena kronologikoari erreparatu gabe.
Natura hilek ez zuten gogobetetzen artista. Teknika hobetzeko margotzen zituen. Pintatzeko dohain berez umetatik bazuen ere. Hamahiru urterekin ondu zuen aurreneko margolana, Parisen. Amedee Ozenfanten akademian egon zen hilabete batzuez. Zorrotza zen Ozenfant; hiru kolore erabiltzen baino ez zien uzten ikasleei: zuria, beltza eta okrea. Barruak kolorea eskatzen zion Gali.
Alta, lehen lanak kubismoaren eraginpean egin zituen, kolore hotzak baliatuta. Natura hilak sortu zituen. Naturaren osagaiak forma geometrikoetara murriztu zituen. Picassoren eragina nabarmena da zenbait lanetan.Botilak eta edalontziak erakusten dituzten horietan, batik bat.
Kortadiren arabera, «natura hilak ez dira inoiz aintzat hartuak izan Galen obraren atalik esanguratsuena bezala; baina azken urteotan artearen historialariek lan horien garrantzia nabarmendu dute».
Artista gipuzkoarrak bertatik bertara ezagutu zituen fauvismoa eta espresionismoa, Parisen. 1934an Madrilera joan zen, baina. Eta San Fernandoko Arte Ederretako eskolan ikasi zuen, pinturaren bidean geroago bidaide izango zituen hainbat pintorerekin batera: Benjamin Palencia, Pancho Cossio, Rafael Zabaleta, Juan Manuel Diez-Caneja... Gal izan zen gizonezko artisten artean emakumezko bakarra. «Ez zen batere erraza izan», adierazi zuen artistak, hil aurretik, behin baino gehiagotan.
Kolore eta argi eztanda
Benjamin Palencia ezagutzean igaro zen natura hiletatik paisaietara, Kortadik azaldu duenez. Gaztelako lur eremu zabaletara joaten ziren sarri askotan, eta toki haietan izandako sentipenak ere jasotzen zituzten, margolan lehor eta gogorretan. «Galek lirikotasuna eman zion Madrilgo eskolari», Kortadiren arabera. «Euskal Herria berdea izan zen bere ekarpena».Parisen eta Madrilen lan egin zuen, gehienbat, Galek. Nolanahi ere, oso euskaldun sentitzen zela esan du Kortadik; eta haren obra Euskal Herriko paisaiaren ondorio dela azaldu du.
Gaztelako paisaiak atzean utzita, itsas ikuspegiekin egiten du aurrera erakusketak. Ibizako paisaia margolana, esaterako, guztiz kubista da, baina ondoren datozenetan, Ereagako hondartza I eta Ereagako hondartza II lanetan, argiak eztanda egiten du, eta kolore biziek hartzen dute oihala. Kubismoaren lerro zuzena lerro bihurri bihurtzen da, «Matisseren lerro bihurria». Fauvismo betea gailentzen da Galen obran.
Euskal Herriko paisaia ugari eraman zituen pinturara. Miarritzeko, Hondarribiko eta Baztango paraje andana. Lan horietan zeruak tarterik ia ez duela nabarmendu du Kortadik. «Zeruak ez zion atentzioa ematen. Zapaltzen zuena pintatzea gustatzen zitzaion, oin azpian zeukana, alegia, ezagutzen zuena», adierazi du komisarioak.
Halaber, paisaia espresionistak ondu zituen Galek. Planoak desagerrarazi zituen ia, dena irudi bakar batera eramanez. Ontzia eta Zubia lanak estilo horri jarraiki sortu zituen. Obretako batzuk «oso naifak» iruditzen zaizkio Kortadiri: Hondarribia II, kasurako. «Urteekin pinturaren jatorrira itzuli zen, nolabait, sorburura».
Erretratuei areto oso bat eskaini diete, Galen ibilbideko alderdi hori indartze aldera. «Erretratugile aparta izan baitzen», Kortadiren iritziz.
Amarekin harreman estua izan zuen, eta horren isla dira erakusketan dauden hari buruzko obra guztiak. Orobat, lagun izan zituen pintoreak erretratatu zituen: Vela Zanneti eta Rafael Zabaleta, besteak beste.
Pintatzea, arnastea bezala
Menchu Galen obra kubista, fauvista eta espresionistak bildu dituzte Bilbon irekitako erakusketa antologikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu