Pigmentuz osatutako paisaiak

Jon Cazenavek 'Ur aitz' erakusketa jarri du Aquariumean. Irailaren 1era arte egongo da ikusgai

Jon Cazenave argazkilaria, zianotipiarekin washi paperaren gainean egin dituen lan batzuen artean, Donostiako Aquariumean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Orain dela lauzpabost urte sortu zitzaion Jon Cazenave argazkilariari (Donostia, 1978) Ur aitz proiektua egiteko ideia. Epe luzeko lan bat egin zuen aurrez, Galerna izenekoa, kobazuloetan amaitzen zena haitzetako pinturak aztertuz. Argazkilaritza oso klasikoko lana zen hura, zuri-beltzean egindakoa eta kutsu antropologikoa zuena. «Lan hori amaitutakoan erabaki nuen metodologia hori apurtzea eta berriz ere esperimentaziorantz jotzea nire galdera eta ikerketetan», azaldu du. Bilakaera horren emaitza da Donostiako Aquariumean jarri berri duen Ur aitz erakusketa.

Orain, paisaia bihurtu zaio Cazenaveri ikerketarako gai nagusi, eta adierazi du paisaia oso garbiak eta osatugabeak egiten dituela azkenaldian. Raimon Panikkar filosofo eta idazle zena ekarri du gogora: «Esaten zuen gizakiak nolabaiteko oreka behar duela zentzu guztietan; hutsaren kontzeptua, argazki garbiarena, ez zitzaion gehiegi gustatzen». Hori entzun zuenean, artxiboan begira hasi zen Cazenave, eta bere ustez zerbait falta zitzaien argazkiak aukeratu zituen. «Gero, pigmentu naturalen bidez, esku hartze bat egiten dut koloreekin, paisaia osatugabe horiek nolabait orekatzeko».

Esate baterako, hiruki forma duen mendi bat ageri da erakusketako lanetako batean, eta lan berean beste hiruki bat dago, gorriz margotuta. «Triangelu bat daukagu, baina esku hartze bat egin eta gero lauki bat sortzen da, eta geometrikoki aktibatu egiten da irudia; geometria oso presente dago lan honetan», azaldu du. Kontatu duenez, argazkiak beti zuri-beltzean landu ostean, lanetan kolorea txertatzeko beharra sentitu zuen. Urarekin eta harriekin sortzen du kolorea, eta hortik dator erakusketaren izenburua ere.

Argazkietarako erabiltzen zuen metodologiarekin aspertuta zegoela adierazi du. Mendian eta hondartzan ibiltzen zen pasieran, zer suma. «Eta paseo horietan koloreak aurkitzen nituen, eta bildu egiten nituen. Egun batean, esperimentatzen hasi nintzen, eta erabaki nuen kotoizko paperean esku hartzeak egitea, ura oso ondo xurgatzen duelako». Harrixkak txikitu, eta urarekin nahasten ditu, eta horrela lortzen du kolorea. Ondoren, pintura lainoztatu egiten du, edo tapoi moduko batzuk egiten ditu harekin.

Teknika paleolitikoak direla azaldu du, berak argazkien gainean erabiltzen dituela kobazuloetan hormen gainean erabiltzen ziren teknika horiek. «Haiek, garai hartan, hormetan ikusten zituzten estimulu batzuk, eta estimulu horiek ikusi eta gero egiten zituzten margoak. Nik egiten dudana da argazki hauek ondo aztertu eta estimulu bat jaso, eta gero esku hartze bat sortu argazki horren gainean». Argazkia nolabait orekatzeko eta hori geometrikoki aktibatzeko. Argazkilaritzaren eta pinturaren arteko elkarrizketa bat sortzeko.

Antzinako teknika bat

Zianotipiak ere garrantzi handia du erakusketan. Argazkilaritza aitzindariko prozesu bat da, eta Cazenavek Japonian ezagutu zuen washi paperean egiten du. Paper berezi bat da, eta eskuz egiten dute, zuntz begetalekin, banan bana. «Zianotipiaren emultsio bat aplikatu, eta papera itsaso ertzean jartzen dut, hondartzan. Olatu bat etortzen denean, hondarra jartzen du paper gainean. Eguzkitan uzten dut lehortzen gero papera, eta berezko kolore urdin hau hartzen du, baina hondarra dagoen tokian eguzkiak ez du eraginik, eta zuria geratzen da». Itsasoarekiko talka horretatik ausaz ateratzen diren forma horien gainean esku hartzen du gero Cazenavek. Itsasoak berak irudikatzen du bere natura hasieran, eta, alde batetik edo bestetik begiratu, efektua zeharo ezberdina da.

Aquariumean dago erakusketa, uraren eta haitzen arteko talka oso nabarmena den toki batean. Iluna da aretoa, eta hezetasuna igartzen da. «Lan hau kobazuloetan sortu zen kontzeptualki, eta, instalazio honekin, nolabait esateko, kobazulo interbenitu bat sortu dugu». Irailaren 1era arte egongo da ikusgai, Aquariumaren ohiko ordutegian. Aurrez, beste hiri batzuetan ere izan da Cazenaveren Ur aitz proiektua ezagutzeko aukera, hala nola Gasteizen, Parisen eta Herbehereetako Noorderlicht jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.