Piezek bat egiten dutenean

Asier Mendizabalek Jorge Oteizaren obraren interpretazioan oinarritutako lan bat jarri du ikusgai Altzuzako Oteiza museoan: 'Makotu'. «Distantziatik» egin du haren obraren irakurketa

Asier Mendizabalen Makotu erakusketa Oteiza museoan egongo da, ekainaren 3a arte JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Asier Mendizabalek (Ordizia, Gipuzkoa, 1973) Jorge Oteizaren lana berrirakurri du azken urteetan. Oraingoan, hausnarketa prozesu horretatik sortutako lanak bildu ditu Makotu izeneko proiektuan. Erakusketaren oinarria Oteizaren Par Movil eskulturaren eta Cesar Vallejoren omenez egindako oroigarriaren arteko harremana da. Mendizabalek Oteizaren lantegian aurkitutako pieza batzuk erabili ditu, eta toki handia dute haren lanean hutsaren eta betearen arteko erlazioak, espazioak, itzalek eta poesiak. Erakusketa argazkiekin, testuekin eta eskulturekin osatua dago, eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai, Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa).

Artistak sinbolikoa irudikatzeko mekanismoengan jarri du fokua. «Oteizaren obraren kontu zehatz batzuk aztertu ditut, eta horiek lagundu didate berrikusten arte abstraktua arrakastarik gabeko lengoaia gisa ulertzen duten ikusmolde batzuk», adierazi du Mendizabalek.

Erakusketak Mendizabalen lau proiektu biltzen ditu: Gutun bat helmugara iristen da, Agoramakia, Gurentza eta Makotu. Azken hori berriena da, eta aurrekoak biltzen ditu. Makotu ulertzeko, 2010era egin behar dugu jauzi, artistak azaldu duen moduan; izan ere, urte horretan Mendizabalek Oteizaren Par Movil eskulturaren berrirakurketa egin zuen. Obra hori Txabi Etxebarrietaren, Guardia Zibilak hildako ETAko lehen militantearen oroigarri bihurtu zuten 1993an: «Eskultura hori hilarri izatera igaro zen unea aztertu nuen». Lan horrek ezaugarritu ditu orain aurkeztuko dituen lan guztiak, artistaren hitzetan. Mendizabalek eskultura bat egin du oroigarri horretan oinarrituta; museoan dago, eta paretan proiektatzen da, itzalen bitartez. Haren ondoan Oteizak egindako monumentuaren argazki bat ere ikus daiteke.

Oroigarri hori aztertu eta lau urteren ostean, Mendizabalekfuntzio bera zuen eskultura bat interpretatu zuen: Oteizak 1961ean Cesar Vallejo poeta peruarraren omenez egindako monumentua, Par Movil-en garai berekoa. «Plano formaletik hausnartuz, bi pieza horien arteko lotura aurkitu nuen, intuizioz: ikusi nuen bi xafla ageri zirela Cesar Vallejoren omenezko eskultura lautuz ger , eta erdian zirkulu bat falta zela». Ondorioztatu zuen zirkulu hori 2010ean aztertutako obrari zegokiola, hain zuzen ere; alegia, Liman dagoen eskultura Par Movil-en soberakinekin egina dagoela. «Onargarria zirudien».

Orduan, aurkikuntza batek hipotesi hori berretsi zuen: Oteizaren tailerrean antzeko hainbat xafla aurkitu zituzten. «Pentsatu nuen txapa horiek gordeta zituela, berak lantzen zuen dialektikarekin lotuta zeudelako potentzialki: betearen eta hutsaren arteko joko bat zegoen hor». Hori dela eta, Oteizak gordeta zituen xaflekin lan egitea erabaki zuen. Horietan oinarrituz sortu du Makotu.

Zazpi eskultura daude erakusketan, eta horietako batzuk artistaren tailerrean aurkitutako xaflekin sortuak daude. Beste batzuk Mendizabalek sortu ditu, hainbat material tolesgarrirekin: goma, kautxua... «Irekita utzi nahi izan ditut; makotu daitezke», adierazi du Mendizabalek.

Bestetik, zenbait argazki daude, eta Oteizaren tailerrean aurkitutako ebakinak ageri dira horietan;garrantzi handia du argiaren eta itzalaren arteko jolasak. Cesar Vallejoren omenez egindako eskulturaren argazki bat ere ikus daiteke. Testuetan, berriz, Oteizaren idatziak eta Mendizabalen hausnarketak gurutzatzen dira. Testu eta irudi horiekin osatutako horma irudiak jarri dituzte paretetan; eta, poster horiek tolestuz, liburu bat ere sortu dute, erakusketaren parte bihurtu dena.

Mendizabalen lan berrienaz gain, beste bi lan daude ikusgai: Gutun bat helmugara iristen da eskutitz batean oinarrituta dago. 1953an, Oteizak Preso politiko ezezagunari oroigarria sortzeko nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen, Londresen. Ez zuten haren eskultura onartu, eta artistak gutun bat idatzi zion epaimahaiari, kexaka. Gutun hori, Mendizabalen iruzkinekin osatua, museoan dago, bai eta eskulturaren argazki bat ere —egun eskulturaren argazkia soilik geratzen baita—. Oteizak egindako argazki horretan ere nabarmena da itzalen presentzia.

Azkenik, Miguel Unamunoren omenez Bilbon 1977an jarri zuten busto baten irudiak eta horren inguruko hausnarketek osatzen dute Gurentza lana. «Busto hori Oteizaren irudiarekin gurutzatzen da».

Distantzia eta perspektiba

Mendizabalek azpimarratu du «distantziatik» egin duela Oteizaren eta haren obraren irakurketa, ez baitzuen eskultorea ezagutu. «Horrek Oteizaren ondarea neure egiteko eta baloratzeko moduan eragina izan du; distantzia eman dio». Era berean, adierazi du faktore horrek «askatasuna» eman diola artistaren lana interpretatzeko orduan.

Mendizabalek hainbat urte igaro ditu atzerrian, eta garai horretako urruntasunari esker, Euskal Herriko testuinguruan finkatuta zeuden artisten elementu kritiko batzuk beste testuinguru batean kokatu ahal izan zituen, «kanon unibertsalean». «Urte horietan, Oteizaren predikari bihurtu nintzen; Oteizismora aldatu nituen artista ugari». Oteiza eta bere obra modernitatearen «arazo, kontraesan eta aporien paradigmatikoak» iruditzen zaizkiola gaineratu du.

Oteiza Museo Fundazioak antolatu du erakusketa, Eguesibarko Udalarekin elkarlanean, eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai. Hiru asteburutan bisita gidatuak, topaketak eta solasaldiak egingo dituzte, artistarekin batera. Gainera, apirilaren 18an irakasleak prestatzeko ikustaldia egingo dute, eta haurrentzako tailerrak ere egongo dira Aste Santuan, hainbat lengoaia lantzeko: collagea, eskultura, poesia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.