Pieza bat faltsutu zuela onartu du Iruña-Veleiako hiru akusatuetako batek

Oscar Escribanok urtebeteko kartzela zigorra adostu du, eta errugabe direla Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiak eta Ruben Cerdan ikerlariak esan dute

Ruben Cerdan (lehen planoan), Eliseo Gil (erdian) eta Oscar Escribano (atzean), atzo, epaitegian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
Gasteiz
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Urtebeteko kartzela zigorra ezarriz abiatu zen Iruña-Veleiako aztarnategiari buruzko epaiketako lehen eguna, atzo, Gasteizko Zigor Alorreko Lehen salan. Lankideei «broma» bat egiteko asmoz, 2006ko indusketetan, pieza batean Veleia idatzi zuela onartu zuen Oscar Escribano geologoak, eta saioa hasi eta berehala eman zuten akusazioarekin adostutako zigorraren berri. Urtebeteko kondena izango du, 2.232 euroko isuna, eta pieza hondatzeagatik 300 euro ordaindu beharko dizkio hala Arabako Aldundiari nola Eusko Jaurlaritzari. Ez zen sorpresa izan, ordea, orain arte Escribanok behin baino gehiagotan onartu baitu faltsutze hori egin izana, eta, hitzarmenarekin, ez du espetxera joan beharrik izango, baldin eta hurrengo bi urteetan beste deliturik egiten ez badu. Epaiketaren hiru erpinetako bat argituta jarraituko dute aurrera saioek orain, beraz. Errugabe direla esan baitzuten atzokoan Eliseo Gil Lurmen enpresako buru eta aztarnategiko zuzendari ohiak eta Ruben Cerdan ikerlariak, eta justu aurkakoa frogatzen saiatuko da hurrengo bederatzi saioetan Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak osatutako akusazioa.

 

«Zuk egin zenituen piezetako idazkunak?», fiskalak galdera. «Ez», Gilek erantzuna. «Autentikoak dira?». Eta Gil, berriz: «Uste dut ez dela zientifikoki frogatu faltsuak direnik». Bi galdera zuzen horiekin itxi nahi izan zuen fiskalak atzokoan Gili egindako galdeketako azken txanpa, eta arkeologoak emandako erantzunek balio dute haren defentsa nondik nora doan ulertzeko.

Errugabea dela berretsi zuen Gilek. Lana ongi egin zuela, eta, beraz, piezak arkeologikoki benetakoak direla. Oraingoz ez duela ikusten horri kontra egiten dion argudiorik. Presioak eraman zituela hasieran piezen benetakotasunaren alde azaldutako ikerlariak kontrako iritzia ematera. Arabako Aldundiak martxan jarritako batzorde zientifikoak ez zuela ondorioztatu piezak faltsuak zirenik, testu hori benetan batzordeko idazkariak idatzi zuelako, ikerketak oraindik entregatu gabe zeudenean eta parteei erantzuteko aukerarik utzi gabe, eta txosten horien artean bazirelako, gainera, zalantzazkoak edo egiazkotasunaren aldekoak ziren txostenak ere. Edozein kasutan, Gilen ustez, giza eta gizarte zientziek ezin dute analitiken emaitzen gainetik egon, eta, hain zuzen ere, analitikak egin behar lirateke. Haren hitzetan, orain arte frogak egin badira ere, ez direlako egokiak izan.

Arkeologoen korapiloa

2005. eta 2006. urteetan egindako indusketak dira berez epaiketaren muina. Bi urte haietan egindako azterketetan agertu ziren Iruña-Veleiako aztarnategian euskararen historiari, kristautasunaren zabalpenari eta antzinateari buruzko ikuspegia aldatzekoak ziren ezohiko piezak. Ordea, hainbat adituri zalantza piztu zieten aurkitutako idazkien kopuruak eta iraultzen zituzten alorren ugaritasunak. Antzinateko euskaran aditu nagusiak izan ziren faltsutasuna ozenen eta argien salatu zutenak. Eta 2008an batzorde zientifiko bat eratu zuen Arabako Foru Aldundiak, piezak faltsuak zirela ondorioztatu zuena. Hurrengo urtean jarri zuen salaketa epaitegian. Eta salaketa haren ondorio da atzo hasitako epaiketa.

Zehazki, piezak faltsutzeagatik zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzen du Gilentzat kasuko akusazio partikularrak, Arabako Foru Aldundiak, eta bost urte eta erdikoa, berriz, fiskalak. 280.000 euroko konpentsazioa ere eskatzen diote, gainera, ustez 400 pieza baino gehiago hondatzeagatik. Eta, horregatik, hari egindako galdeketak hartu zuen atzoko saioaren parterik handiena.

Aztarnategian ere piezen benetakotasunari buruzko zalantzak izan zirela onartu zuen Gilek atzokoan. Eta, are gehiago, Escribanok bere «broma» egin eta gero. «Paranoia giroa» ezarri zela adierazi zuen arkeologoak behin baino gehiagotan, eta, besteak beste, horrek eraman zituela berme zientifikoak zorrozten saiatzera. Veleia faltsu hura agertu ondoren, eta aurkikuntza gehiago agertu ahala, bilkura batera deitu zuen Gilek lantaldearekin, eta faltsutze gehiago egon ote zen galdetu zien. «Mugarria izan zen hori. Jendea akusatua sentitu zen. Nik beharrezko ikusi nuen, eta uste dut egokia zela egindakoa, baina harrera oso txarra izan zen. Konfiantza galdu nuen une hartan».

Gilen ustez, une horretan hasi zen harremana gaiztotzen Jose Angel Apellaniz, Carlos Crespo eta Miguel Angel Berjon arkeologoekin.

'In situ' topatutakoak

2002an Euskotrenekin hamar urterako lan hitzarmena adostu zutenetik, Lurmen enpresako lantalde egonkorreko kide bihurtu ziren hiru arkeologoak, baina aurkikuntzak agertzen hasi eta zalantzak sortu zirenean, alde egitea erabaki zuten. Eta atzoko saioan ikusi ahal izan zenaren arabera, badirudi hurrengo egunetan gai hori izango dela akusazioaren jomuga nagusia.

Gilek beti ukatu du arkeologoek beren kezken berri eman ziotenik, eta, haren hitzetan, sekula ez zioten aipatu aurkitzen zituzten piezen jarraitutasuna findu beharra zegoenik. Atzo ere horixe esan zuen epaitegian. Onartu zuenez, ordea, Apellanizek harridura agertu zion elefante irudidun pieza bat topatu zutenean. Idazkiak euskarrien garai berekoak zirela frogatzeko analitikarik egin ote zitekeen galdetu zion arkeologoak aztarnategiko buruari. Eta «anekdota» horren harira hasi ziren pentsatzen, ea egin ote zitekeen euskarrien eta idazkien arteko kidetasuna ziurtatuko zuen frogaren bat.

Hiru arkeologo horien lekukotzaren arabera, garbiketa gunean agertu ziren Iruña-Veleiako ezohiko pieza gehienak. Eta bide horretatik jotzen saiatu zen atzokoan Arabako Foru Aldundiaren abokatua. Gilek ukatu egin zuen akusazioa, eta, zehaztu zuenez, topatu zituzten lekuan bertan identifikatuta daude idazkidun aurkikuntzen ehuneko handi bat. Haren datuen arabera, 2005eko kanpainetan topatutako ezohiko aurkikuntzen %16 dago in situ dokumentatuta, adibidez.

Ezohiko piezek agertzen jarraitzen zuten, ordea, eta lekuan bertan topatutakoen portzentaje hori handitzeko erronka jarri zion bere buruari aztarnategiko zuzendaritzak 2006an.

Zorigaiztoko «istripua»

Bi arkeologo gehiago sartu zituzten taldean horretarako, bideokamerak jarri zituzten aztarnategian, eta piezak lekuan bertan garbitzeko aukera aztertu zuten. Hobekuntza horien ondorioz, %22raino igo zen lekuan bertan dokumentatutako ezohiko aurkikuntzen kopurua. Badaude hori baieztatuko duten lekukoak, eta, besteak beste, alfabetoaren pieza halaxe topatu zutela zehaztu zuen.

Edonola ere, Gilen arabera, ez da arraroa arkeologoei piezek irudiak eta testuak zeuzkatenik oharkabean pasatzea. Haren hitzetan, bereziki itsaskorra da Iruña-Veleia aztarnategiko lurra, eta neurri txikikoak dira piezak.

Gilen defentsa saiatu zen frogatzen berak ez zuela ezohiko aurkikuntzak egiteko ez presiorik, ez eta neurriz kanpoko interesik ere. «Helburua ez zen grafitoak topatzea», zehaztu zuen arkeologoak. «Istripu bat izan ziren. Esan behar nuen zortezko istripu bat izan zirela, baina gertatu direnak ikusi ostean, argi dago ez zela horrela izan». Gilen arabera, Euskotrenekin hitzartutako hamar urterako lan hitzarmenak ez zuen aurkikuntzak topatzeko inolako presiorik ezartzen. Onartu du, halere, aztarnategiak zeukan babes maila horrek inbidia sortzen zuela sektorean. Urtean, 372.000 eurotik gorako aurrekontua zuen Iruña-Veleiak urte horietan. Eta, Gilen hitzetan, horren ondorioz, ez ziren gutxi aztarnategi horretan esku hartzeko gogoz ziren profesionalak.

Inork eskatu ez diolako

Errugabe dela esan zuen Ruben Cerdan ikerlariak ere. Iruzurra egozten dio hari akusazioak, Iruña-Veleiako piezei ikerketa batzuk kobratu bai baina egin ez zituelakoan. Hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du harentzat Arabako Foru Aldundiak, eta bi urte eta erdikoa fiskalak.

Cerdanek egindako hiru ikerketetako bat da berez zalantzan dagoena. Baina frogak benetakoak direla esan zuen Cerdanek, eta orain arte frogak egin izanaren ziurtagiririk aurkeztu ez badu, inork eskatu ez dizkiolako izan dela. Eta berdin laborategien kasuan ere. Cerdanen hitzetan, hark eskatutako piezen datazioei buruzko ikerketen datuak eskatu dizkielako orain arte Arabako Foru Aldundiak laborategiei, eta berak ez du sekula datazio frogarik egin. Horregatik jaso dute ezezko erantzuna.

Cerdanen hitzetan, Gilek egin zion froga haiek egiteko eskaria. Ez zion sekula aipatu piezak faltsuak izan zitezkeen susmorik, baina Iruña-Veleian topatutako piezak lurpean gelditu zirenerako idazkunak jadanik eginda zeuzkatela frogatuko zuen metodo zientifiko bat topatzeko eskatu zion arkeologoak. Hori ez dela egiten esan zion Cerdanek; «ez hemen eta ez inon». Eta azalpena gero: «Idazkun bat ezin da datatu; idazkuna modernoa ez zela frogatuko zuen metodo bat da bilatu nuena».

Eskari zehatz horretarako balioko zuen metodo esperimental bat proposatu zuen fisikariak. Eta ikerketa horrek frogatuko zuen piezaren euskarriak eta idazkia egiteko sortutako arrastoak denboraren higadura berbera jasan ote zuten edo ez. Froga-pieza faltsu bat ere sortu zuen horretarako. Ikertutakoa pieza faltsu bat edo benetako bat zenean, irradiazio bidezko probek emaitza ezberdinak ematen zituztela ziurtatzeko.

Eta zergatik dago orduan Cerdan epaituen artean? Bere defentsako abokatuak egin zion galdera, kasu honetan. Baldin eta frogak egin bazituen, inork eskatuz gero haien ziurtagiriak lortzeko arazorik ez badu, eta bere lana ongi egin badu, zerk eraman du akusatu izatera? «Mendeku pertsonal batek», Cerdanen erantzuna. Haren hitzetan, aurrez beste lan batean zebilela jarritako zigor txostenek eraman baitute epailearen aurreraino.

Preskripzioa eta txostenak

Saioa hasterako utzi nahi izan zuten epaiketa bertan behera Gilen eta Cerdanen defentsek, baina aurrera egitea erabaki zuen Isabel Maria Diez Pardo Hernandez epaileak, baita eskari horiek guztiak epaiarekin batera ebatziko dituela ere.

Gilen eta Cerdanen defentsek argudiatu zuten, adibidez, delituak preskribatuta daudela. Ezetz esan zuten fiskalak eta akusazio partikularrak. Epaileak gaia sententziarekin ebatziko duela erabaki zuen. Eta berdin gertatu zen kustodia katearen ustezko etenarekin ere. Instrukzio fasean, atestatua egiterakoan Poliziak neurriz kanpo jokatu zuela ere argudiatu zuen Gilen defentsak, eta horrek akusatuaren oinarrizko eskubideak urratu zituela. Epailearen ustez, ordea, atestatuko galdeketa eta ikerketak ez dira froga kontsideratzen, eta, beraz, ez zituen bertan behera utzi. Egunotan aretotik pasatuko diren lekuko eta perituak galdekatu ditzakeela ere gogorarazi zion abokatuari. Onartu egin zituen, ordea, piezen benetakotasunaren aldeko hainbat adituren txostenak froga dokumental modura, eta baita Espainiako Kultura Ministerioak egindako ikerketa baten aurkako kontra-txostena eta defentsak egindako grafologia ikerketa bat ere.

Atzo galdeketek hartutako norabidea ikusirik, itxura baitu grafologian egongo dela epaiketako beste kosketako bat. Izan ere, grafologikoa da Gil zuzenen akusatzen duten txostenetako bat. Baina ikerketa horri kontra egiteko, azterketa bat aurkeztu du Gilen defentsak. Gilek ikerketa horretarako propio eskuz egindako inskripzio batzuk ikertu dituzte, akusazioei aurrea hartu, eta alor horretako ikerketekin ere errugabea dela frogatzeko asmoz.

Gaur aztarnategian ardura postuetan izandako lekukoekin jarraituko du epaiketak, Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.