Erakusketak

Picassoren alderdi ezezagunena

Mende erdi bete da aurten Pablo Picasso hil zenetik, eta, haren omenez, 'Picasso eskultore. Materia eta gorputza' erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak

3. Emakumea zutik. Picassok 1930ean zurez egindako bost piezaren bilduma. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Orain arte nahiko ezkutuan mantendu izan bada ere, ibilbide artistiko osoan zehar landu zuen eskultura Pablo Picassok (Malaga, Espainia, 1881-Mougins, Frantzia, 1973). Haren arabera, diziplina bat gehiago zen eskultura, eta pinturaren, marrazketaren, grabatuaren eta zeramikaren parean jartzen zuen: «Ez dago gainerakoak baino garrantzitsuagoa den arterik». Oraingo honetan, Picassoren eskulturei eskaini die arreta osoa Bilboko Guggenheim museoak: artistak 1909tik 1962ra bitarte egindako 50 eskultura inguru bildu dituzte Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketan. Giza figura eta materia dira erakusketaren ardatza, eta formatu, material eta estilo ugari tartekatzen dira. Carmen Gimenez aritu da komisario lanetan, Lucia Agirreren laguntzarekin, eta urtarrilaren 14ra arte bisitatu ahal izango da museoaren bigarren solairuan.

Zehazki, Dama eskaintzailea obrak zabaltzen du erakusketa, 205. gelan. Horixe da aretoan dagoen pieza bakarra. «Itzela da, ezta?», esan du Gimenezek aretora sartu bezain laster. 220 x 122 x 110 zentimetro hartzen ditu, eta aretoaren erdi-erdian dago kokatuta. Hasieran, igeltsuz modelatutako emakume bat egin zuen Picassok. Eta, 1933. urtean, jatorrizko pieza hartatik abiatuta, brontzezko bi pieza eta zementuzko beste bat sortu zituen. Brontzezko piezetako bat Picassoren hilobian dago egun, eta bestea museoan dago ikusgai. «Pieza honen desproportzioek antzinako ugalkortasunaren jainkosak ekartzen dizkigu gogora. Besteak beste, Willendorfeko Venus txikia edo Lespugueko Venusa», gehitu du komisarioak.

Erakusketako gainerako pieza guztiak kronologikoki antolatuta daude. Komisarioak, gainera, horietako bakoitza osorik inguratzeko gomendioa egin du behin eta berriro: «Ertz guztietatik begiratu behar dira Picassoren obrak; izan ere, pieza bakoitza asko aldatzen da ikuslearen ikuspuntuaren arabera».

Picasso 1909. urtean hasi zen lan kubistak egiten, eta, hain zuzen, garai hartako obretako batzuk bildu dituzte 206. aretoan. Emakume burua deiturikoa izan zen mugimendu horren barruan landu zituen aurreneko piezetako bat, eta, horrexek pizten du arretarik handiena aretoan: Fernande Olivier Picassoren bikotekidearen busto bat da. «Olivierren anatomia eta ezaugarri bereizgarrienak fazeta geometriko eta organiko bihurtu zituen artistak», azaldu du Gimenezek.

Bi dimentsioetatik harago joateko beharraren ondorioz, material eta teknika industrialekin esperimentatzen hasi zen Picasso. Horren erakusgarri da Guillaume Apollinaire lagun mina hil ostean sortu zuen Guillaume Apollinaireren omenezko monumentu baterako proiektua pieza: «Picassok lagunaren hilobian jarri nahi izan zuen eskultura hori, baina Apollinaireren senideek ez zuten onartu». Garai hartan, silueta geometrikoz osatutako giza figuraren hainbat zirriborro egin zituen artistak, eta horiek eskulturara eramateko, Julio Gonzalez eskultorearen laguntza izan zuen.

Materialen nahasketa

1930. urtean, Picassok Chateau de Boisgeloup lantegia erosi zuen Normandian (Frantzia), eta orduan ekin zion igeltsuarekin lan egiteari. Komisarioak azaldu duenez, Maria Therese Walter gaztearen fisionomia hartu zuen garai hartan inspirazio iturri gisa, eta haren hiru pieza daude ikusgai 207. aretoan.

Gimenezen arabera, «eskultura laborategi bat» izan zen Normandiako tailer hori artistarentzat, eta, igeltsua lantzeaz gainera, bestelako elementu batzuk nahasten ere hasi zen. 209. aretoan ikusgai dagoen Buru kaskoduna obran, esaterako, teniseko pilotak erabili zituen artistak begiak irudikatzeko. «Eskultura bitxia da: sudurra etengabe aldatzen da ikuslearen ikuspuntuaren arabera», esan du komisarioak. Bestalde, Emakume hostoduna pieza egiteko, adreiluak eta kartoia erabili zituen Picassok, besteak beste. Bernard Ruiz-Picasso artistaren ilobak gogoan ditu aitonaren oroitzapen batzuk: «Askatasun osoz lan egiten zuen, eta beste zerbait bihur zitekeen edozein material erabiltzen zuen obrak sortzeko».

Lehen Mundu Gerra Frantzian igaro zuen artistak. Materialaren urritasunak eta erakusketarik egin ezin izanak izugarri mugatu zuen Picassoren lana. Hala ere, aldi horretakoak dira haren ibilbideko obrarik nabarmenetako batzuk. Horren erakusgarri da Dora Maar argazkilariaren omenez egindako Emakume burua pieza. 203. aretoan dago ikusgai: brontzezko busto bat da, eta antzinaroko erreferentzia nabarmenak ditu, komisarioaren iritziz. Burezurra(hildako baten burua) piezak, bere aldetik, deskonposatzen ari den buru bat irudikatzen du. Areto horretan Francoise Gilot emaztearen haurdunaldia irudikatzen duen eskultura bat ere badago: Emakumea haurdun. «Ur pitxerrak erabili zituen Picassok obra horretan sabelaldea eta bularrak irudikatzeko. Piezaren gainerakoa modelatu egin zuen».

1956. urtean, aurkitutako objektuetara jo zuen berriro ere Picassok. Orduan sortu zituen Emakumea zutik eta Bainulariak eskultura multzoak. Zurez eta brontzez egin zituen, hurrenez hurren. 202. aretoan daude ikusgai pieza guztiak, eta nortasun propioa du horietako bakoitzak.

204. aretoan ere obra bakarra ikus daiteke: Neska sokasaltoan. Francoise Gilotek honako hau idatzi zuen pieza horren inguruan Vivre avec Picasso liburuan: «Pablok lurra ukitzen ez zuen eskultura bat egitea amesten zuen, eta neska bat sokasaltoan ikustean, arazoaren irtenbidea aurkitu zuen».

Handik metro gutxira amaitzen da erakusketa, 208. aretoan. «Areto honetan bildu dugu Picassoren azken aldia», adierazi du komisarioak. Haren ibilbideko azken eskulturetan metalezko xaflekin lan egin zuen, eta horietako batzuk margotu ere egiten zituen. Joseph-Marius Tiolaren laguntza izan zuen garai hartan; hark lagundu zion Picassori bere marrazkietako batzuk eskultura bihurtzen. Emakume burua da Picassoren ibilbideko azken obra: Jacqueline Roqueren albora begirako erretratu bat da.

50. urteurrena

Aurten bete dira 50 urte Pablo Picasso hil zenetik, eta, haren omenez, dozenaka erakusketa eta ekinbide antolatu dira han eta hemen. Guggenheim museoak Malagako Picasso museoarekin elkarlanean antolatu du Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketa. Malagan izan da ikusgai lehenik, eta urtarrilera bitarte bisitatu ahal izango da Bilbon.

Erakusketarekin batera, artistari eskainitako monografiko bat ere argitaratu dute Gimenezek, Diana Widmaier-Ruiz Picassok eta Pepe Karmelek elkarlanean. Picassoren eskultura lanari buruz egindako saiakerak biltzen ditu, erakusketako obren irudiekin nahastuta. Bestalde, didaktika proiektu bat ere jarri du martxan museoak, erakusketaren osagarri gisa. Hitzaldiak, bisita bereziak, askotariko tailerrak eta dantza saioak egingo dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.