Picasso, tragediaren erdigunean

Carlos Saurak 'Gernika' koadroaren osatze prozesua erakutsiko du '33 días' lanean, %75 Gernikan filmatuta

Vittorio Storaro argazki zuzendaria eta Carlos Saura, Gernikan, joan den ekainaren 10ean. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
Igor Susaeta.
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Pablo Picasso margolaria Parisen zegoen, han bizi zen, 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu eta birrindu zutenean. Handik egun batzuetara hasi zen haren artelan ezagunena margotzen, eta ekainaren 4an erabaki zuen Gernika margolana bukatuta zegoela. 33 egun izan ziren. Hain zuzen ere, osatze prozesu hori erakutsiko du Carlos Saura zinemagile espainiarrak 33 días filmean. Artistak margolana Frantziako hiriburuko Grands Augustines kalean alokatutako estudioan osatu zuenez, filmaren «%75» propio berreraikitako estudio batean filmatuko da; eta Saurak iragan ekainaren 10ean Gernikara egindako bisitaldi batean adierazi zuen herriko pabiloi bat baliatuko dutela estudioa berregiteko. Hortaz, tragediaren erdigunera etorriko da artista 75 urte geroago.

Irailaren 12an dira filmatzen hastekoak, eta, aurreikuspenen arabera, zazpi bat aste beharko dituzte. Picassoren papera Antonio Banderasek jokatuko du. Gwyneth Paltrow, berriz, Dora Maar argazkilariaren larruan sartuko da. Artistaren amorantea eta konfiantzazko laguna zen Maar, eta haren argazkiak dira margolan famatu eta sinbolikoaren garapenaren lekuko bakarrak.

Elias Kerejeta zinema ekoizleak eman zion Saurari filma egiteko ideia. Hartara, Kerejetaren beraren, Sauraren eta Louis-Charles Sirjacq idazle frantziarraren artean ondu dute gidoia. Argazki zuzendaritzarako, berriz, Vittorio Storaro italiarraren laguntza edukiko du zuzendariak. Apocalypse Now (1979), Reds (1981) eta The Last Emperor (1987) filmetan egindako lanagatik Oscar saria hirutan irabazitakoa da Storaro. Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Kanadaren arteko koprodukzioa izango da, eta, «ziurrenik», Txina ere sartuko da, Kerejetaren esanetan. Bizkaiko beste zenbait toki —Urtezahar eguneko festa bat birsortuko dute, esaterako, Bilboko hotel ezagun batean— eta Paris ere baliatuko dituzte beste eszena batzuk filmatzeko, eta aurrekontua 6,5 milioi euro ingurukoa izango da.

Amondarainen laguntza

Saurak argi dauka, esaterako, eszena bat filmatuko dutela Gernikako juntetxeko liburutegian, garai batean Espainiak Parisen zuen enbaxadaren geletako bat simulatuz. Argi ikusi zuen, gainera, Picassoren margotzeko modua Banderasi behar bezala azalduko zion norbaiten laguntza behar zuela. Hortaz, Jose Ramon Amondarain margolari donostiarrarekin hitz egin zuen. Izan ere, Gernika-ren ikerketa eta analisia egin du. Hortaz, Banderasek pintzelekin praktikatuko du, alboan, une oro, Amondarain duela; filmatzen ari diren bitartean ere ondoan edukiko du Saurak.

Picassoren 33 egun horietako egunerokoa pantailaratuko du Saurak. Garai hartan animoz-eta baxu antzean zebilen artista. Madrilgo Prado museoko zuzendaria zen inoiz lantegi horretan jardun ez zuen arren, eta, gainera, Espainiako Errepublikaren Gobernuak egindako enkargu bat zeukan mahai gainean: urte hartan, 1937an, Parisen egingo zen Nazioarteko Erakusketako Espainiaren pabiloirako koadro bat pintatzea. Hilabeteak pasatu zituen zer margotu ez zekiela, baina gertatu zen Gernikako bonbardaketa, sekulako zirrara eragin zion, eta izugarrikeria bat nola sentitzen zuen pintatzen hasi zen. 33 egun behar izan zituen bukatzeko, eta prozesu hori narratuko du Saurak.

Peter Greenaway zinema zuzendari galestarrak ere filmatu nahi izan zuen Picassoren obraren prozesua, baina ez zuen asmoa gauzatu. 2010ean, halere, iragarri zuen balizko filma 2012an estreinatzea gustatuko litzaiokeela, bonbardaketaren 75. urteurrena baliatuz... Saurak gauzatuko du. 80 urte dauzka, eta mende erdiko ibilbidean 40 filmetik gora egin ditu. La caza (1965), Cría cuervos (1975) edo Deprisa, deprisa (1981) dira ezagunenenetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.