Piarres Lafitteren artxiboa digitalizatu du Euskaltzaindiak

Lafittek euskal kultura saretzeko egindako lana nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta lan horren erakusgarri da haren artxiboa, milaka dokumentu biltzen dituena.

Piarres Lafitteren artxiboa
Piarres Lafitteren artxiboaren digitalizazioa aurkezteko prentsaurrekoa, gaur goizean, Baionan. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko martxoaren 14a
14:00
Entzun

Piarres Lafitte Iturralde (Luhuso, Lapurdi, 1901 - Baiona, 1985) apaiz katolikoa, euskal idazlea, euskaltzaina eta kazetaria izan zen. Euskal literaturaren inguruan eraman lanagatik bereziki ezaguna da; bi gramatika idatzi zituen. Baina, narrazio, saiakera, antzerki eta olerkien idazketan ere baziharduen; Aitzina eta Herria aldizkarien zuzendari ere izan zen. Lan horietarik gehienak eskuragarri ziren jada, baina, horiez gain, hark bildutako beste artxibo anitz ere digitalizatu ditu orain Euskaltzaindiak, eta haren webgunean dira eskuragarri. Bost urte behar izan dituzte lan hori burutzeko, eta kasik mila dosierretan bilduak diren milaka dokumentu digitalizatu dituzte, guztira.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Battittu Coyos euskaltzainburuorde eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak eta Aitor Maritxalar digitalizazioaren arduradunak aurkeztu dute lana, Baionan. Eta Lafittek euskal kulturaren transmisioan ukan duen eragina azpimarratu nahi izan du Urrutiak: «Euskal kultura sareen bitartez egin da, harremanen bitartez, eta, harreman bide horretan, Lafitte berebiziko eragilea da. Biltzen baititu Ipar Euskal Herriko errealitateak, eta Hego Euskal Herrikoak ere bai. Eta biltzen ditu horiek garai latzenetan: hain zuzen ere, Espainiako gerra zibilean alde batetik, eta gero, Munduko Bigarren Gerlan». Euskaltzainburuak oroitarazi du, gainera, garai horietan euskara ozta-ozta zebilela.

Azaldu dutenez, lau atal ditu Lafitteren artxiboak. Gutuneria da lehena; 956 pertsonak igorritako gutunak biltzen dira hartan, garaiaren testigantza historikoa ere badirenak. Larresoroko, Belokeko eta Uztaritzeko seminarioetako ondare dokumentalak osatzen du bigarren atala. Lafitteren beraren lanen jatorrizko dokumentuak bildu dituzte hirugarrenean, bai berak eginak, bai berak argitaratutakoak. Eta bertso eta kanten bilduma da laugarrena.

Liburu metatik formatu digitalera

Jean-Michel Barnetxe ere izan da artxiboaren aurkezpen ekitaldian: 13 urte inguru zituenean ezagutu zuen Lafitte, «70eko urteetan, nonbait han», Uztaritzen (Lapurdi) ikasle zelarik. Noiztenka haren bulegorat joaten ziren, ikasle bakoitzak proposamena baitzuen irakasle edo hezitzaile batenganat joateko. Barnetxek Lafitte hautatu zuen: «Haren bulegorat joaten nintzen, artetan, eta harritu nintzen: haren bulegoan sartzen nintzelarik, pareta guztietan baziren armairuak, denak liburuz eta paperez beteak. Hura ez aski, han ez baitzen gehiago lekurik, bere mahaigain hartan ziren paper guztiekin mendi bat egina zen. Gu ez ginen haien gibelean plantatzen ahal, ez baikenuen Lafitte ikusten ahal; saihetsean plantatzen ginen harekin mintzatu ahal izateko».

Bada Piarres Lafitteren argazki ezagun bat, zeinak, hain zuzen, liburu eta dokumentu meta harrigarri hori irudikatzen baitu. Pentsa liteke izugarriko nahas-mahasa zela, baina ezetz dio artxiboaren digitalizazio lanen arduradunak. Maritxalarrek azaldu duenez, Lafittek zinez antolatuak baitzituen bere dokumentuak, pertsonaien edo gaien arabera. «Liburu bateko lanketa baldin bazuen, dena bildua izaten zuen gutun azal batean edo». Normalean, dokumentuak banan-banan digitalizatzeko ohitura bada, eta bakoitza bere alde biltzeko joera. Baina Lafitteren artxiboaren lanak hausnarketa berezia izan du alde horretatik: «Dosierren egitura ikusita, pentsatu genuen digitalizazioa ere dosierka egitea, jatorrizko ideiaren errespetuz. Hark horrela antolatua zuen, eta erabaki genuen digitalizazioan hori atxikitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.