Piarres Aintziart: «Jakitatearen egarria badut, baina egarria jakitatea baino goxoago zait»

Piarres Aintziart idazle heletarrak 'Filosofian ibiliz' liburua plazaratu eta aurkeztu berri du Maiatz argitaletxearekin. Filosofia irakasle gisa eginiko ibilbidean bildu testuekin osatu du. Filosofo anitzen dozenaka testu euskaraturik ekarri ditu.

Piarres Aintziart, Baionan, 'Filosofian ibiliz' bere azken liburua aurkezten. PATXI BELTZAIZ
Piarres Aintziart, Baionan, 'Filosofian ibiliz' bere azken liburua aurkezten. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Piarres Aintziart (Heleta, Nafarroa Beherea, 1937) filosofia irakasle izan da lanbidez, erretreta hartu arte. Ibilbide guzian trumilka filosoforen testuak baditu bazterturik, eta haien pentsamenduez ikasleekin baliatu nota eta langaiak erabilirik. Markatu dituen filosofoak, pentsamenduak, testuak eta gertakizunak nahi izan ditu bildu, nolabait, liburu batean. Filosofian ibiliz deitu, eta Maiatz argitaletxearekin plazaratu du, aitzineko bere idazlan askoren gisan.

Ez zen berehala erori filosofiaren sareetara. Lucien Etxezaharretak, Maiatz argitaletxeko editoreak, oroitarazi du Aintziart apezgai misionest egon zela, irakasle bilakatu aitzin. Franko gazterik jantzi zuen sotana, funtsean. Baina, Aintziartek kontatu duenez, maitemindu egin zen, eta beste bide bat hartu zuen. «Hutsegite eder horri esker ikasketak egin ditut», aitortu du Aintziartek.

Etxezaharretak liburuaren egituraketa izan du hizpide. «Filosofiaren historia osoa baino gehiago, puntu berezi batzuk aipatzen ditu». Zortzi kapitulutan antolatu du liburua Aintziartek. Hastapenean, Greziako filosofo klasikoak ditu aipagai. Bereziki eta luzeago Platon. Baita Aristoteles, Sokrates eta beste franko ere. Kapitulu oso bat dauka, gero, Baionan sortu zen jansenismoaz, eta horrek Euskal Herrian eta kanpoan izan zuen eraginaz.

Emmanuel Kanten eta Jean-Jacques Rousseauren pentsamenduen arteko loturari kapitulu bat eskaini dio, eta beste bat utopiaren gaiari. Filosofia olde berriagoak ere sartu ditu: existentzialismoa, eta postmodernitatea. Liburuaren azken atalean filosofoen testu anitz euskaraturik ekartzen ditu Aintziartek. «Liburu honen ekarpen handi bat da», erran du Etxezaharretak: «Mundu guziko eta historia guziko filosofo anitzen testuak dira, gogoetagarri direnak».

«Esplikatzea eta eskola ematea, gisa batez, ariketa berekoia da. Zeren eta esplikatuz duzu doi bat ulertzen zuhaurrek. Esplikatzea plazer bat da»

PIARRES AINTZIARTIdazlea

Piarres Aintziartek salatu du kazetari batek egin dion galdera: «Zergatik filosofia euskaraz eta zergatik egin duzu lan hori?». Arrapostu sinple eta naturala jalgi zaio deblauki: «Plazer hutsez! Filosofia delako eta euskalduna naizelako». Greziako klasikoen inguruko lana duela hogei urte abiatu zuen jada Aintziartek, UZEIrentzat. Platon ikasketen denboratik artoski landu duen filosofoa da.

Kant eta Rousseau elkarri lotu zituen, jadaneko, ikasketetan egin lan batean. «Gauza bitxia: nola Kant eta Rousseau elkarrekin ezarri, hain diferenteak direlarik, iduriz bederen?», galdetu du Aintziartek berak. Bi filosofoak ideia batean gogaide zirela uste du: «Gizakiak baduela bere baitan morala errespetatzeko ideia edo ongiaren egiteko nahia. Naturalki onezia bat badela gure baitan». Rousseauri buruz, beti, Joxe Azurmendik ezagutarazi duen haren biziko gertakizun bat ere izan du aipagai Aintziartek. «Nola Rousseauk ezagutza egin zuen bizkaitar euskaldun batekin: Manuel Ignazio Altunarekin». Azkoitiko zaldunetarik zen Altuna, eta Rousseauk eta biek Italian elkar ezagutu zuten, adiskide egiteraino. Rousseauk Altunaz idatzi testu zati bat gogoratu du Aintziartek: «Bizkaitar horren ezagutza egin dudanaz geroztik adiskidantza zer den badakit». Testu hori Filosofian ibiliz liburuan euskaraturik ekarri du.

Euskaratu duen testu elemenia lizeoan oraino irakasle zela ikasleekin landutakoa da. «Platonetik gaur arteko» idazlanak dira. «Denetarik bada. Ezagutuenenak —Spinoza, Kant, Rousseau, Nietzsche, Heidegger, Bergson, Arendt, Chomsky, Bourdieu, Foucault, Deleuze— eta ezagutuak ez direnenak ere».

Jansen, Duvergier de Hauranne

Jansenismoari buruzko kapitulu bat egin du Aintziartek. Mugimendu katoliko horrek Baionan izan zuen abiapuntua, eta Erromako Elizak gaizki ikusi zuen. Cornelius Jansen Jansenus Herbehereetako teologoa izan zen mugimendu haren sortzailea eta bidaide izan zuen, horretan, Jean Duvergier de Hauranne baionarra —Saint-Cyrango apeza deituko dutena gero—.

Gaur egun, Baionan etorbide bat du Duvergier de Haurannek. Hark gomitatu zuen Jansen hirira, Cam de Pratsen zeukan ontasunerat. Jansen irakasle ere egon zen Baionako Lisses karrikan zen orduko kolegio batean, urte batez. Aintziartek kontatu du jansenismoaren iturburu ekarria den Augustinus idazlana Baionan idatzi zutela. Idazte saio horren garaiari buruzko anekdotak ere aipatu ditu idazle heletarrak, hala nola atsedenaldietan pilotan aritzen zirela: «Saint-Cyranek bazuen bere espantua: 120 bat joko egin zituela pilota lurrera erortzen utzi gabe».

«Gauza horrek hunkitzen nau: Baionako seme bat Pascal filosofoaren kontseilari izatea; ez da gauza ttipia»

PIARRES AINTZIARTIdazlea

Port-Royaleko (Frantzia) buru egin zen Duvergier de Hauranne apeza, eta Richelieu kardinalak preso altxarazi zuen. «Richelieuren etsai handiena zen, eta preso ezarri zuen, erranez: ‘Mesfida zaitezte Saint-Cyran apezaz. Barne beroak ditu; euskalduna da’». Duvergier de Haurannek euskaraz bazekiela gogoratu du Aintziartek. Baita iloba izan zuen Martin de Barkos Pascal filosofoaren kofesor izan zela ere. Aintziarte: «Gauza horrek hunkitzen nau: Baionako seme bat Pascal filosofoaren kontseilari izatea; ez da gauza ttipia». Azkenik, Duvergier de Hauranneren idazkari izan zen Silvain Pouvreau apeza ere aipatu du Aintziartek. Pouvreau ezagun egin da Euskal Herrian, euskara ikasirik euskararat egin itzulpenak, euskal gramatika bat eta hiztegi bat ere burutu zituelako.

Erromak debekaturik ere, jansenismoak, zerbait gisaz, segitu zuen Baionan. «XVIII. mendean Baionako apezpikuek eginahalak egin zituzten jansenismo hori endurtzeko, Erromari behar baitzen obeditu». Bestalde, Larresoroko (Lapurdi) seminario ttipia, hain zuzen, jansenismoaren ideiei kontra egiteko sortu zela dio Aintziartek.

Irakaslea ikasle

Liburuko osagaiak Aintziarteren ikasketetarik eta irakasle lanetarik heldu dira. Irakastea biziki gustukoa izan zuen, eta uzterakoan negar egin zuen, bizi hori «fini» zela ulertu baitzuen. Filosofiaz ikasteko ikasleei eskola ematea lagungarri izan zitzaiola erran du. «Esplikatzea eta eskola ematea, gisa batez, ariketa berekoia da. Zeren eta esplikatuz duzu doi bat ulertzen zuhaurrek. Esplikatzea plazer bat da».

Filosofia euskaraz idaztea ez da gaurkoa. Mende orotako testu alde nasaia sartu du Aintziartek liburuan berak euskaraturik. Haren ustez, arazoa ez da lexikoan; hitzak grezieratik, latinetik eta inguruko erdaretarik hartzen direlako, komunzki. «Problema ez da hitzetan; problema da perpausak nola moldatu eta aditza nola eman. Adibidez, Descartes itzultzeko sekulako borrokak izan ditut. Descartesen perpaus bat ez da sekula finitzen». Mende bereko Pascal franko aiseago itzultzen dela uste du Aintziartek. «Pascal mistiko bat da. Perpausak mozten ditu, hain da zaintsua».

Aipu bat dakar liburuak kontrazalean. Etxezaharretak hautatua. Baina hori hautatu du Aintziartek Filosofian ibiliz liburuaren aurkezpen gisa, filosofiak harentzat duen munta laburbiltzeko bezala: «Filosofoak badaki ez dakiela, edo bederen deus guti, baina dudak irekitzen dituen leihoak ate hetsiak baino emankorragoak ditu». Funtsezkoena beti gehiagoren ulertzeko eta ezagutzeko tirria zaio. «Jakitatearen egarria badut, baina egarria jakitatea baino goxoago zait». Jakin-mina da Aintziarterentzat biziko akuilua. «Kuriostasunak du betetzen». Gauza bat zer den aditzeko bilaketak. «Zer da hori? Galde horrek ez du mugarik. Baldin badakizu, fini da!».

Aintziartek salatu du orain beste gogo bat balukeela, idazle filosofiazale gisa. Euskal Herrian barna bidaiatu, lekuak bizpahiru filosoforen pentsamenduetarik aztertuz. «Zer erran lezakete hemendik pasatuz?». Baita euskaldunoz arraileria egiteko ere. «Baititugu anitz hemen behar den bezala pentsatzen dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.