Izenik ez dute. Aurpegirik ere ez. Edo, behintzat, berak ez die jartzen halakorik, «baina hor daude, sentitzen ditut». Kantuak konposatzeko akuilu dituen gaueko «laguntxoez» ari da Mikel Azpiroz (Donostia, 1971). Lan berriko Gaueko arimak bigarren piezan omentzen ditulagun ikusezin horiek. «Musika jotzeko eta konposatzeko asko laguntzen didate niri. Giro bat sortzen». Gauean inspiratu, gauean sortu eta gauean grabatu. Ezin zuen beste izenbururik izan Azpirozen lan berriak: Gaua. «Gaueko isiltasuna eta iluntasuna behar zituzten kantu hauek, denborari stop esaten zaion tarte horretan sortuak izan dira. Abstrakzio eta ukitu mistiko bat dute». Ez dira derrigorrean gauean entzuteko sortuak, «baina gauak lagunduko dio entzuleari ere», sortzailearen hitzetan. Egileak berak sorturiko Mamusik zigiluarekin kaleratu du lana.
Gauaren isiltasuna eta isats-piano baten erresonantziaren arteko talka lortu nahi izan zituen 2010eko uztailaren hasieran. El Vendrellko (Herrialde Katalanak) Sant Salvador auzoko Pau Casals auditoriumean grabatu zituen diskoa osatzen duten hamar kantuak. Zehatzago izanik, 20 ordutik eta 20 piezatik gora grabatu zituen, hainbat bertsiotan. Horregatik behar izan du bi urtetik gorako tartea, dena berriro entzun, pasarterik gustukoenak hautatu, antolatu eta diskoa osatzeko. Tartean, gainera, batera eta bestera ibili izan da Elkano Browning Cream berak sorturiko taldearekin ere. Egunotan ere beste bi taldekideekin —Franck Mantegari (bateria) eta Dave Wilkinson (gitarra)— bildurik dago disko berria izango dutena grabatzen.
Grabaketa egunetan bera bakarrik sartu zen Pau Casals auditoriumean. «Asko gustatzen zaidan lekua da. Oso ederra eta lasaia, itsasoaren ondoan. Lehenagotik ezagutzen nuen. Baimena eskatu, eta han grabatzea erabaki nuen. Ni neu bakar-bakarrik. Musika ekipoa martxan jarri, grabagailuaren botoiari eman eta aurrera...». Eta leku berezia da, besteak beste, Pau Casals biolontxelistaren jaioterria delako.
«Irentsitako» estiloak
Hamar piezetan Azpirozek bere ibilbide luzean ikasi eta entzundako guztiaren zantzuak ageri dira, musika klasikoarenak, jazz, blues eta gospelarenak, poparenak, baita euskal konposizio klasikoenak ere. «Nik egindako lanik pertsonalena da. Nik irentsitako musika iturri guztiak hor daudelako. Guztiak neuk irentsitako estiloak dira. Klasikoa ikasi nuen hasieran, umetan. Gero, musika estilo beltzekin maitemindu nintzen... Euskal musikaren oihartzunak ere badaudela esan didate, Aita Donostiarenak, esaterako. Estilo guztiek dute elkarrekiko loturarik musikaren ikuspuntutik». Guztiak elkarrekin nahasian egotea ez zaio arrotz egiten Azpirozi.
Asko dira diskoak dituen erreferentzia musikalak, egileak bere ibilbidean izan dituen beste. Lau Behi eta Elkano Browning Cream proiektu propioetan nahiz hamaika kolaboraziotan —Parafunk, Negu Gorriak, JabierMuguruza...— landu izan ditu erreferentziok.
Kantuetako batean, Agur Hank izenekoan, bere idolo handienetakoari egiten dio omenaldi esplizitua, Hank Jones jazz pianista estatubatuarrari. «Asko miresten dudan pianista da. Donostiako Jazzaldian sarri izandakoa da, eta nik gaztetatik ikusi izan dudana. Asko erakartzen ninduen haren dotoreziak». 2010eko maiatzean hil zen, Azpirozek kantuak grabatu baino hilabete lehenago, hain zuzen ere. Bigarren omenaldia askoz ere gertuagoko pertsona bati egiten dio, bere alabari, Sararen dantza piezarekin. «Pieza hori entzutean aipatu zidan: 'Ze polita den hori, aita'. Eta izenburu hori jarri nion. Beste bategatik esan zidan, 'hau ze tristea den'». Ez du aipatu zein den kantu hori.
Zuzenean aurkeztuko ditu kantuak, baita Galdera zirkularra, egitura zirkularra duen kantua ere. «Musikariok geure buruari egiten diogun galdera zirkularra da. Zer egiten dut nik mundu honetan sartuta. Etengabe errepikatzen den galdera da». Donostiako Jazzaldian izango da uztailaren 28an. Orduan egingo du aurkezpena, baina oraindik aretoa zehazteke daukate.
Aurrerantzean ikusten du formatu berean, pianoarekin eta bakarka aurrera egiteko modurik: «Oso eroso sentitzen naiz pianoa eta biok baino ez gaudenean».
Pianoa, gaua eta 'ni'
Mikel Azpirozek piano hutsez landu ditu 'Gaua' lan berriko hamar piezak, abstrakziotik eta sosegutik abiatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu