Piano doinuek itsuturik

Deabru Beltzak taldeak 'The Wolves' kaleko ikuskizuna ondu du, 'Hamelingo txirularia' ipuinaren «bertsio libre eta distortsionatua»Maiatzean Ingalaterran estreinatu aurretik, Bilbon aurkeztuko dute apirilaren 23an

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
The Wolves ondu du Deabru Beltzak taldeak. Hamelingo txirularia-ren «bertsio libre eta distortsionatua» da, konpainiako zuzendari Oscar Castaño Garbitxu-ren hitzetan. Ingalaterran estreinatuko du, maiatzaren 6an, Norwicheko jaialdian. «Erresuma Batuan lan bat estreinatuko duen aurreneko euskal konpainia izango da», esan du William Galinsky jaialdiko zuzendariak. «Badakigu erabateko arrakasta izango dela. Ezagutzen dugu taldea, lehendik ere egona da gure festibalean». Bilbon aurkeztu zuten atzo The Wolves, kaleko arte eszenikoen nazioarteko hainbat eragile eta euskal instituzioetako ordezkariak bildu zituen ekitaldian.

Euskal Herriko mugetatik haraindi lan egiteko ohitura du Deabru Beltzak konpainiak. «Emanaldien %40 Frantzian egiten ditugu», nabarmendu du Garbitxuk. Harreman estua dute hango eta Bretainiako erakundeekin. Lankidetzarako giro egokia eta konfiantza. Horren ondorio, Bretainiako Centre des Arts de la Rue Le Forneau zentroarekin batera ekoitzi dute The Wolves.

Lan horretan ez da flautistarik egongo, pianista bat baizik. Eta haren doinuei segika ez da sagu saldoa izango, hiru otso baizik. Otsoak metalezkoak dira, lau metro inguruko garaiera dute, eta hamalau bat kilo pisatzen du bakoitzak. Pianoa ere ez da edozelangoa. Robotika eta elektronika hori guztiori Erwand Belland ingeniariak diseinatu du.

Denera, bost aktorek gidatuko dute ikuskizuna: Zesar A. Ogara, Gorka Goikoetxea, Paula Alfieri eta Aitor Fernandinok plazaratuko dute The Wolves, Garbitxurekin batera. «Pianista maltzurrari» jarraituko dioten otsoek ondo landutako efektu bereziak baliatuko dituzte, soinuak, argiak eta aire konprimitua.

Izua zabalduko dute herritarren artean, eta kaosa eragin. Otsoak batera eta bestera mugituko dira, isatsa luzea ere dantzatuz. Eta artikulaturiko egitura mugimenduan jarriko dute, koreografia eta pauso batzuei jarraituz.

Garbitxuk azaldu duenez, ikusleen atentzioa erakartzea izango da otsoen xedeetako bat. Hartara, jendeak ikuskizunean parte hartuko du, eta denen artean obra osoago bat egingo dute. Nolanahi ere, herritar batzuentzat ez da erronka erraza izango. Otsoen egitura ikaragarriak beldurra sorrarazteko diseinaturik baitaude. Borroka egiteko.

Deabru Beltzak taldearentzat The Wolves da orain artean ekoitzi duten «ikuskizunik garrantzitsuena». Hamalau hilabete eman dituzte egiturak pentsatzen, diseinatzen, sortzen. Istorioa prestatzen, koreografia ontzen, osagai batzuei zein besteei forma ematen. Ikuskizuna apailatzen. «Hamalau hilabete, azkar esaten da...».

Egutegi estua

Bretainiako Centre National des Arts de la Rue Le Forneau ez da dirua jarri duen erakunde bakarra. Ate gehiago jo ditu Garbitxuk. «Eta zortea izan dugu». Eusko Jaurlaritzak ere finantzatu du obra.

Orobat, jaialdi askorekin izan da harremanetan Garbitxu, eta honezkero emanaldi ugari lotuak dauzka Euskal Herrian zein atzerrian. «Iruditzen zaigu ikuskizun honekin aurrekoekin baino bide luzeagoa egingo dugula». Besteak beste, Frantziako Fest Arts Libourne eta Chalon dans la Rue jaialdietan eta Espainiako Aguilar de Campooko Arca jaialdian aurkeztuko dute. Euskal Herrian barna ere erakutsiko dute. Leioako Umore Azokan, Miarritzeko Kaleko Arteen Festibalean, Gasteizko Kalearten eta Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian izango dira. Azken jaialdi hori aipatzean hunkitu egin da Garbitxu. «Lekeitiok eman zion Deabru Beltzak konpainiari ikuskizun bat lehenengoz aurkezteko aukera». Bilboko taldearen lehen plaza izan zen Lekeitio. «Ez dugu inoiz ahaztuko». 1996an sortu zen konpainia, Bilboko Santutxu auzoan.

Eta lanerako aukera gehiago Frantzian izan dituzten arren jatorria ez dutela sekula ahaztuko dio Garbitxuk. Horregatik, Ingalaterrako «estreinaldi handiaren» aurretik Bilbon aurkeztuko dute The Wolves, apirilaren 23an. Kaleszena jaialdian emango dute. Ez hori bakarrik: obraren moldaketa bat aurrez erakutsiko dute, martxoaren 5ean, inauterietako egitarauaren barruan Bilboko Udalak Kale Nagusian antolatutako desfilean.

Aurten hamabost urte beteko ditu konpainiak. Sorreratik gaurdaino, hamar antzezlan egin ditu, eta 2.000tik gora emanaldi. Taldeak emandako datuen arabera, 60 enkargu jaso dituzte «ekimen artistikoak antolatzeko», eta 50 hiritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dute. Lau kontinentetan lan egin dute, 30 herrialde baino gehiagotan, nazioartean sona lortu duen kale antzerkiko euskal taldeetako bat izanik. Azken ikuskizun biak, Bande Déplacé eta Les Diables Noirs, Bretainiako Centre National des Arts de la Rue Le Forneauren laguntzarekin ekoitzi zituen, halaber. Zentro horretako zuzendari Michele Bosseurrek zalantzarik ez du lan berriaren mailaz: «The Wolves-ekin ez dute hutsik egingo. Konpainia zorrotza eta fina da Deabru Beltzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.