Pianista oso bat hil da

Chick Corea zendu da, azken 60 urteetako jazz musikari ospetsu eta laudatuenetako bat, 79 urterekin. Jazz mugimendu askoren parte eta eragile izan da

Chick Corea 2018an izan zen azkenekoz Donostiako Jazzaldian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ez zeukan erretiratzeko asmorik, «musikariak ez direlako inoiz erretiratzen», eta etorkizunerako ideiak eta proiektuak zituen artean buruan, erretiratzen ez denak beti duelako zerbait egiteko. Chick Corea musikaria izan zen bizitza osoan, 4 urterekin pianoa jotzen hasi zenetik atzo arte, eta musikari zela zendu da, 79 urterekin eta jazzak azkeneko 60 urteetan egin duen bidearen eragile eta lekuko pribilegiatua izan denaren jakitun.

Erreferente ezinbestekoa izan da Corea jazzaren mundu zabalean, eta musika estilo horrek 1960ko hamarkadaz geroztik hartu dituen norabide ezberdinen iturburuan izan da pianista estatubatuarra. Hain zuzen ere, 1960ko eta batez ere 1970eko hamarkadetan jazzera rockaren eta poparen elementuak eraman zituen belaunaldiko parte izan zen Corea. Miles Davisen talde elektrikoko kide zela, historian arrastoa utzi duten bi disko grabatu zituen, In a Silent Way (1969) eta Bitches Brew (1970), eta, ondoren, jazzaren garapenean ezinbesteko pisua izan zuen talde bat eratu zuen: Return to Forever.

Chelsean, Massachusettsen (AEB) jaio zen Armando Anthony Corea, 1941ean, eta oso gaztetatik izan zuen lotura musikarekin. Aitak jazz tradizionaleko banda bat zuzentzen zuen garai hartan Bostonen, eta oso txikitatik bultzatu zuen semea musika ikastera. Garaiko bebop mugimenduak astinduta, institutuan zegoela eman zituen bere lehenengo kontzertuak, eta 60ko hamarkadako aurreneko urteetan hasi zen beste hainbat musikari ezagunen bandekin jotzen: besteak beste, Blue Mitchellekin, Herbie Mannekin eta Cal Tjaderrekin. 1966an Stan Getzen laukotera batu zen Corea, eta bi urte geroago bere bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen: Tones for Joan's Bones. Lan hari berehala eman zion jarraipena Now He Sings, Now He Sob disko laudatuak, eta ia aldi berean Miles Davisen laukote elektrikoko partaide bilakatu zen. Davisen Filles de Kilimanjaro diskoko (1967) pare bat piezatan parte hartu zuen, eta In a Silent Way eta Bitches Brew lanetan, berriz, berea izan zen pianoaren ardura. Bi disko haiek esperimentatzeko eta bide berriak bilatzeko ateak izan ziren tronpeta jotzailearentzat, eta Corearen lana, teklatu elektrikoan oinarritutakoa, ezinbestekoa izan zen haietan.

Hurrengo urteek berebiziko garrantzia izan zuten Corearen musika garapenean. 70eko hamarkadaren hasieran, Circle sortu zuen, musika atonalarekin eta abangoardiazkoarekin «jolasteko» eta, horrekin batera, publikoarekin konektatzeko helburu argiarekin, poparen, rockaren eta herri musikaren oihartzunak bilduko zituen jazz proiektua abiatu zuen: Return to Forever. 70eko hamarkadan jazzak hartutako norabidearen ordezkari nagusietako bat izan zen Return to Forever; elementu akustikoak eta elektronikoak uztartu zituen, eta, rockera ez ezik, Latinoamerikako musiketara ere jo zuen inspirazio bila hainbat diskotan.

Haren talde proiektuek, hala ere, ez zuten Corearen denbora guztia hartzen, eta bakarkako bideari ere eutsi zion urte haietan. Hala, 1976an grabatu zuen My Spanish Heart, flamenkoarekiko maitasuna eta lotura erakusten zuen diskoa —gerora ere askotan erakutsi zuen Espainiako musikarekiko zaletasuna, eta behin baino gehiagotan egin zuen lan Paco de Lucia gitarristarekin—, eta hurrengo urteetan bestelako talde proiektuak ere abiatu zituen, jazza alde batera eta bestera eramanda: Trio Music, Elektrik Band, The Vigil, Origin...

Jazz pianista oso laudatua izan zen Corea, eta 23 Grammy sari irabazi zituen bizitza osoan. Euskal Herriko jazz jaialdietan ere sarritan izan zen. Donostiakoan 1981ean jo zuen aurrenekoz; 1998an jaialdiaren sari nagusia irabazi zuen, eta orain dela hiru urte izan zen azkenekoz. Gasteizko Jazzaldian ere behin baino gehiagotan jo zuen, azkenekoz 2015ean, Herbie Hancockek lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.