Pi L. T. taldeak abesti berri bat kaleratu du, eta kontzertuak iragarri

2004an desegin zen taldea, eta, kontzertuak emateko itzuli izan diren arren, 20 urteko etenaren ostean bueltatu dira orain estudiora, 'Garai honetan' abestia grabatzera.

PI L T taldeko egungo kideak: Rafa Rueda, Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro 'Xanpe' eta David Gonzalez.
Pi L. T. taldeko egungo kideak: Rafa Rueda, Aitor Abio, jose Manuel Sampedro 'Xanpe' eta David Gonzalez.
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Jainkoa hil zuten euren kantarik ezagunenean, eta orain haiek dira berpiztutakoak. 1992. urtean sortu zen Pi L. T., Mungian (Bizkaia), eta 2004an desegin zuten taldea, bost disko kaleratu ostean. Gero, kontzertu bira bat emateko itzuli ziren 2017an, eta kontzertu bat ere eskaini zuten iazko irailean Dimetalfest jaialdian. Ordea, estudiora itzuli dira orain. Ia bi hamarkadako etenaren ostean, Garai honetan abestia sortu eta kaleratu du Rafa Ruedak, Aitor Abiok, David Gonzalezek eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-k osatutako laukoteak, eta kontzertuak ematen hasiko direla ere iragarri dute.

'Garai honetan' kantaren bideoklipa.

Sortzen jarraitzeko gogoz daudela azaldu dute taldekideek, kantuaren berri emateko bidalitako oharrean. «Ez gara sasoi hartako gazteak, gurasoak gara, egun, munduko botere guneetan dauden belaunaldikoak gara... baina sortu eta gauzak esateko grinak bere horretan jarraitzen du».

Bakarkako ibilbideen arrastoa

Taldea desegin zenetik, ibilbide oparoa egin dute Pi L. T.-ko musikariek. Ruedak, esaterako, popa eta elektronikoa uztartu ditu bakarkako ibilbidean; Abio hip-hoparen eta elektronika bortitzaren esparruetan murgilduta egon da Revolta Permanent eta Matxura proiektuekin; Xanpe Rat-Zinger taldearen parte izan da; eta Gonzalez besteak beste Berri Txarrak taldeko kide izan da. Eta, nolabait ere, eragin horien guztien arrastoa ere igar daiteke Pi L. T. taldearen izenarekin kaleratu berri duten kantan.

2004an kaleratu zuen taldeak bere orain arteko azken diskoa: Game Over (Metak). Eta handik gutxira desegin zen. Orain, ordea, kanta berriarekin, ikusi egin behar amaiera hura zenbateraino zen azken amaiera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.