Udaberrian, Bertolt Brecht eta Mario Benedetti poeten antologiak aurkeztu zituen Munduko Poesia Kaierak bildumak. Arduradunek orduan azaldu zutenez, nahiz eta geografikoki urrunekoak izan, bi egileek bazituzten batzen zituzten hainbat ezaugarri, hala nola ezkerreko ikuspegia izatea eta erbestea ezagutu izana. Udazkeneko kaierak, berriz, urte berean, 1922an jaiotako bi idazleri eskaini dizkie, «garaikide-garaikideak» izanagatik «elkarrekin zerikusirik batere ez dutenak». Hain zuzen, Philip Larkinen antologia bat eta Pier Paolo Pasoliniren beste bat plazaratu ditu Susa argitaletxearen bildumak. Juanjo Olasagarrek euskaratu ditu Larkinen poemak, eta Irene Hurtado de Saratxo Mendietak Pasolinirenak. Mundu zabaleko poeten lau antologia plazaratzen dituzte urtero bilduma horretan, eta Larkinena eta Pasolinirena, hurrenez hurren, 47. eta 48. liburuxkak dira jadanik. Donostian aurkeztu dituzte lanok bi itzultzaileek, bildumaren editore Maialen Berasategi Catalanek eta Isabel Etxeberria Ramirezek lagunduta.
Olasagarrek aurrez Larkinen poema dezente zituen itzuliak, eta sarean zeuden irakurgai; orain, «sorta hori osatu, berrikusi eta papereratu» egin dutela azaldu du Berasategik. Pasoliniren kasuan, ale solte batzuk euskaratu eta sareratu dituzte zenbait itzultzailek urteotan, besteak beste Bego Montoriok, Joserra Utretxek eta Iñigo Aranbarrik, eta Hurtado de Saratxorenak batu zaizkie orain.
Bi egile oso desberdin direla adierazi du Olasagarrek ere, eta, adibiderako, Pasoliniren [heldua?] poema aipatu du —Hurtado de Saratxok euskaratutakoen artean dago—. Bertan, egileak dio ez dela inoiz heldua izango, adieraziz «bizitzara irekita eta aldatzeko prest» dagoela. «Larkin, berriz, erabat zahartuta jaio zen, gizajoa». Ingalaterra erdialdeko Coventry hirian sortua, Ingeles Literatura ikasi zuen Oxfordeko Unibertsitatean. Hullen bizi izan zen, eta bizitza osoa eman zuen unibertsitateko liburuzain.
«Eskuineko ingeles bat zen, aldatzeko asmo handirik gabekoa», itzultzailearen hitzetan. Zekena eta esnobista, «gizon eskasa» zela esateak definitzen du ondoen, Olasagarreren irudiko. Eta, halere, onetik ere izan lezake ezaugarri horrek, haren ustez. «Eskaskeria hori modu positiboan irakurriko bagenu, esango genuke Larkin gabeziaren poeta zela; alegia, gauzak nahi izan gabe, desiratu gabe egin zuen bere poesia, gabeziaz edo austeritatez. Poemetan elementu gutxi eta oso arruntak erabiltzen ditu, eta haren iruditeria eta sinbologia ere horrelakoa da». Edonola ere, argi utzi du «oso poeta ona» izan zela.
«Larkin gabeziaren poeta da. Bere poemetan elementu gutxi eta oso arruntak erabiltzen ditu, eta haren sinbologia ere horrelakoa da».
JUANJO OLASAGARREItzultzailea
Larkinek —beste hainbat egilerekin batera— The Movement (Mugimendua) izendatu izan den ildoan egin zuen ekarpena nabarmendu du itzultzaileak. Aurreko belaunaldiko egileengandik aldendu, eta beste poesia molde bat landu zuten. «Haientzat poesia ez da izango mundua deskubritzeko tresna bat, baizik eta eguneroko gauzekin egin beharreko zerbait».
Bere bizitza poemetara
Oso bestelako bizitza izan zuen Pier Paolo Pasolinik (Bolonia, Italia, 1922 - Erroma, 1975), eta oso bestelako obra utzi. Zinemagile gisa izan da ezagun Italiatik kanpo, baina sorterrian poeta izan da lehenik eta behin, gazte hasi baitzen idazten, Hurtado de Saratxok azaldu duenez. Haren poesia lanaren antologia labur bat egitea «aski lan zaila» iruditu zaio itzultzaileari, egileak ezin konta ahala lan eman baitzituen. Hala, sei poesia liburu nagusiak aintzat hartuta, 33 poema bildu ditu kaierean, eta, lehen-lehenik, ezaugarri bat nabarmendu du: «Haren poesia lana haren bizitzan izandako gertakizun nabarmen eta garrantzitsu batzuekin korapilatzen da erabat». Bi arotan bereizi du haren obra: Friulikoa, haurtzarokoa eta gaztarokoa; eta Erromakoa, 28 urte zituenetik hil zuten arte bizileku izan zuen hirian idatzitakoa.
«Pasoliniren poesia lana haren bizitzan izandako gertakizun nabarmen eta garrantzitsu batzuekin korapilatzen da erabat».
IRENE HURTADO DE SARATXOItzultzailea
Pasolinik amaren sorterriko Friuliko herrixkan igaro zituen udak. Hango giroaz eta friuleraz idatzi zuen lehen poema liburua, Gazterik onenak; garai berekoa da italierazko Eliza katolikoaren erresiñola. 1949an, harreman homosexualak izatea egotzita, salaketa jarri zion apaizak, eta Alderdi Komunistak egotzi egin zuen alderditik. Hala, Friulitik Erromara alde egin behar izan zuen, amarekin; ezer gabe, aldirietan bizi izan zen hasieran, eta horren berri eman zuen Gramsciren errautsak eta Nire garaiko erlijioa liburuetan. «Edukiz eta formaz askotarikoagoa» da Arrosa formako poesia lana, itzultzailearen ustez. Eta Pasoliniren «bizitasun etsia» nabari da 1970eko urteetako Transhumanatzea eta antolatzea eta Gazte berriak lanetan.
Haren «aurpegi poliedrikoa» nabarmendu du itzultzaileak: «Hamaika langintzatan aritu zen, hamaika kontraesan izan zituen, eta horiekin bizi izan zen azken trantzera arte».