Pettik Mark Lanegan omenduko du gaur

Juan Luis Perez Mitxelena 'Petti'-k Screaming Trees taldean ezagutu zuen Mark Lanegan, eta «maitemindu» egin zela dio. Boskote formatuan joko ditu haren kantak Bilboko Kafe Antzokian

Petti. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Ahotsa? Ez, ez, ahotsa eta bere hitzak, eta bere planta, hor zuzenekoetan... Ez, ez, ez da bakarrik boza». Kolpea jaso zuen Juan Luis Perez Mitxelena Petti-k otsailean, Mark Lanegan musikaria hil zela jakitean. 57 urte baino ez zituen, baina izen garrantzitsua zen rock independentearen zirkuituan. 1985ean, Screaming Trees taldearekin egindako ibilbidearekin hasi, eta bakarkako 11 disko, hamaika kolaborazio, bi memoria liburu eta poema bilduma bat ere utzita hil zen. Izen garrantzitsua izan da Pettiren ibilbide musikalean ere, eta omenaldia egingo dio horregatik. Gaur joko ditu haren kantak, Bilboko Kafe Antzokian, Izar & Star zikloaren barruan. Boskote formatuan arituko da Petti, eta James Room bakarlariak ere Laneganen bakarkako ibilbideko hainbat kanta eskainiko ditu lehenago, formatu akustikoan.

Screaming Trees taldea izan zen Petti lehenengo jo zuena, hartan ezagutu baitzuen Mark Lanegan, eta gerora bakarrik heldu zen haren bakarkako figuran eta ibilbidean sakontzera. 90eko hamarkada zen, eta seko liluratu zuen talde haren grunge eta psikodelia nahasketak Petti. Eta, beraz, ezinbestean, Screaming Trees aipatzea da Mark Lanegan aipatzea. «Londresen zuzenean ere ikusi nituen. Gitarra bat erostera joan nintzen, eta, kasualitatez, hiri ondoan jotzen zuten, eta han ikusi nituen lehenengoz, eta maitemindu egin nintzen talde horrekin».

Euskarazko bertsioa

Hain zuzen, Laneganen hasierako sasoi hartakoak izango dira Pettik joko dituen abesti gehienak. Boskote formatuan igoko da oholtzara horregatik. Joseba Irazokik eta Joseba B Lenoirrek joko dituzte gitarrak, eta Iñigo eta Igor Telletxea anaiek baxua eta bateria, eta Petti kantuan, gitarra albo batera utzita. «Gustukoen nituen kantuak aukeratu ditugu, ze dena ezin da egin».

1997an hasi zuen bere bakarkako ibilbidea Pettik, baina Noise Hole izeneko taldean hasi zen musikan, hamasei urterekin, eta gogora ekarri du ordurako jadanik Screaming Trees taldearen bertsio bat ere jotzen zutela.

Baina ez da hori bakarrik.

Laneganen Whiskey for the Holy Ghost diskoko Pendulum abestiaren euskarazko bertsio bat ere txertatu zuen Pettik 2002an kaleratutako Etxeko uzta diskoan: Pendulua. «Ikusi behar nuena/ ikusia dut jada. /Ikusi behar dudana/ ailegatuko da. / Zergatik azaldu, ziur baldin bazaude?/ Zergatik negar egin merezi ez duenaren alde?». Eta orain berreskuratu egin ditu abesti hura eta hitz haiek Laneganen kontzerturako, eta, azaldu duenez, hori izango da euskaraz abestuko duten kanta bakarra. Jatorrizko bertsioan kantatuko dituztelako gainerakoak.

Ezin gorabeheratsuagoa izan zen Laneganen bizitza, eta haren nondik norakoen berri ematen duten bi memoria liburu ere kaleratu zituen: Sing Backwards and Weep izenekoa 2020an eta Devil in a coma 2021ean. Alkoholismoa, beso bat ia galtzeraino eraman zuen heroinazaletasuna, kalean bizitzen emandako denboraldiak, eta koronabirusaren eraginez koman emandako tartea ere kontatu zituen musikariak lan haietan. Eta alde hori ere aipatu du Pettik: «Azken garaian jaso zuen aitortza, eta eskerrak, ze lehenengo urte haiek gogorrak izan zituen».

2015ean taldearekin izan zen Lanegan Bilboko Kafe Antzokian, eta 2016ko maiatzean izan zen azkenekoz Euskal Herrian, Europa osoko areto txikietan formatu akustikoan antolatutako biraren barruan. Duke Garwood eta Arrutiko Intxaurrak bakarlariekin aritu zen oholtzan kasu hartan, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa), eta, emanaldiaren ondoren, harekin tarte txiki batez hitz egiteko aukera izan zuen Pettik. «Nahiko lasaia iruditu zitzaidan», esan du. Eta ñabardura bat gehitu dio gero barrez: «Birako azken kontzertuak ere baziren, eta, segur aski, nekearen eraginez ere izango zen».

Azken sasoian ahotsa «nahiko kraskatua» zeukala gogorarazi du Pettik, eta, dioenez, horregatik utzi zion zuzenean taldearekin jotzeari ere. «Bateriarik gabe aritzen zen, kantatzeko komeriak zituelako, baina kontzertua pasada bat izan zen. Ikusi dudan formatu guztietan, beti pasada bat izan da tipoa, bateriarekin, bateriarik gabe, kaña ematen, lasai...».

Beldurra eta gogoa

Duela urte batzuk egin zien Laneganen abestiak jotzeko proposamena Pettik Izar & Star zikloa koordinatzen duten lagunei, baina, azaldu duenez, eten egin zen asmo hura, koronabirusak sortutako osasun krisiaren eraginez. «Beldur pixka bat ere ematen dit orain», aitortu du, «baina entseguetan gustura ari gara, eta espero dugu publikoa ere gustura egongo dela».

Petti ez ezik, James Room bakarlari bizkaitarra ere arituko da kontzertuan. 2021 da haren azken estudioko lana, eta, aurrez, Tom Waitsen kantak jotzen ere izan zen Izar & Star zikloan, 2016an. Laneganen kantak joko ditu hark ere oraingoan, eta formatu akustikoan. Hark hasiko du gaua, eta gero igoko da Petti taldearekin.

PETTI & JAMES ROOM
Noiz. Irailaren 15ean.
Non. Bilboko Kafe Antzokian.
Ordua. 21:30.
Sarrera. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.