Petra Perezek jaso du Xabier Saenz de Gorbea saria

Galeristak arte garaikidean eta euskal artean izan duen «konpromisoa» nabarmendu du epaimahaiak. Halaber, Bilboko Vanguardia galerian berrogei urtez egindako ibilbidea aitortu dio artistari.

Petra Perez artista Bilboko Arte Ederren Museoan, beste zenbait ordezkarirekin batera. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Petra Perez artista Bilboko Arte Ederren Museoan, beste zenbait ordezkarirekin batera. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Garazi Karrera
2024ko abenduaren 20a
15:21
Entzun

Xabier Saenz de Gorbea (Getxo, Bizkaia, 1951 - Bilbo, 2015) historialari, kritikari eta ikertzailea gogorarazteko eta hark artearen munduari egindako ekarpenak betikotzeko asmoz, haren izena daraman lehiaketa jarri zuten martxan Saenz de Gorbearen lankide Sonia Ruedak eta Bilboko Arte Ederren Museoak, 2020an. Sariaren helburua arte bisualen edozein arlotan izandako dedikazioa aitortzea da, izan sorkuntzan, azterketan, ikerketan, promozioan zein hedapenean. Hirugarren aldia da aurtengoa, eta Petra Perez galeristari eman diote saria —aurreko bi aldietan Marta Cardenas eta Juan Luis Goenaga margolariek jaso zuten, hurrenez hurren—.

Arte garaikidearen eta bereziki euskal artearekin izan duen konpromisoa aitortu dio epaimahaiak galeristari. Era berean, berrogei urtez Bilboko Vanguardia galeriaren buru izana nabarmendu dute, eta haren erakusketen «aniztasuna eta kalitatea» baloratu. Zehazki, Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak, Beatriz Herraez Gasteizko Artium museoko zuzendariak, Frantxis Lopez de Landatxe Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendari ohiak eta Ruedak osatu dute epaimahaia.

Vanguardia galeriatik mundura

Vanguardia galeriak, merkataritza jarduerak eta artista garaikideen lanak ez ezik, lengoaiak eta euskarri berriak ere sustatzen ditu, hala nola bideo artea, performancea eta teknologia berriak. Talentu emergenteei laguntzeko helburuarekin zabaldu zituen ateak lehenbizikoz, 1984an, Getxon (Bizkaia). Hiru urte geroago, berriz, Bilbora lekualdatu zuten galeria, eta han dago gaur egun ere. Nazioarteko arte azoka garrantzitsuenetan hartu du parte; besteak beste, London Art Fair, LA Art Show, Art Forum Beril, Art Brussels eta Moving Imagen.

Galerian antolatutako jardueren artean da Euskal artista sorta izeneko talde erakusketa. Pello Irazu, Marisa Fernandez, Dora Salazar, Txomin Badiola, Jesus Mari Lazkano, Pablo Milicua eta beste zenbait artistak hartu zuten parte lehendabiziko hartan.

Bestalde, Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako Arte Garaikideko Galerien Elkartearen (AGACE) sortzailea da, eta bertako zuzendaria izan da zortzi urtez. Halaber, beste zenbait elkarte profesionaletan dabil, besteak beste Arte Garaikidearen Institutuan (IAC), Espainiako galerien partzuergoan, eta Emakumeak Ikusizko Arteetan (MAV) erakundean. Azken horri lotuta, Perezi MAV saria eman zioten 2014an, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.