Pet Shop Boys, emozioaren ardatzean

Neil Tennantek eta Chris Lowek 'Nonetheless' diskoa argitaratu berri dute, euren ibilbideko hamabosgarrena. Bikoteak bere alderdirik melodikoena haizatu du bertan

Neil Tennant eta Chris Lowe, Pet Shop Boys osatzen duen bikotea. ALASDAIR MCLELLAN
Neil Tennant eta Chris Lowe, Pet Shop Boys osatzen duen bikotea. ALASDAIR MCLELLAN
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 5a
05:30
Entzun

Lau hamarkada dira dagoeneko. West End Girls singlearekin (1984) 1980ko hamarkadaren pop eszenan bere lekua egin zuenetik, Pet Shop Boys beti egon da hor. Bere musika egiteko moduari leial betiere, eta, batik bat 90eko hamarkadatik aurrera, baita gorabehera ugarirekin ere. Baina hor. Euforiaren eta malenkoniaren artean mugitzen diren pop kantuak eta diskoak idazten eta argitaratzen. Lau hamarkada, eta hainbat disko (Actually, 1987; Behaviour, 1990; Nightlife, 1999) nahiz kantu (Suburbia, Being Boring, What Have I Done To Deserve This?, It's a Sin, Se a vida é, New York City Boy) klasiko moderno bilakatuta.

Nonetheless taldearen hamabosgarren diskoa da, eta Neil Tannentek zein Chris Lowek osatutako bikoteak 40 urte hauetan osatu duen corpusean arazorik gabe kokatzen da. Eta, halere, Pet Shop Boysen disko bakoitzak nortasun zeinu jakinak dituenez, taldearen azken-aurreko hiru diskoetatik nabarmen aldentzen da. Electric (2013), Super (2016) eta Hotspot (2020) lanek taldearen alderik dantzagarriena erakusten zuten, eta Nonetheless lerrokatuagoa dago melodiara, emoziora eta nolabaiteko dotorezia maiestatikora. Alde horretatik, bikotearen aurreko lanen bat gogora ekartzekotan, Behaviour ekartzen du gogora, askorentzat Pet Shop Boysen gailurra den diskoa.

Aire jantzi eta emozionala

Badu diskoak elementu bereizgarri bat. James Ford arduratu da ekoizpenaz —azkenaldian Arctic Monkeys, Beth Gibbons, Depeche Mode eta Blur-ekin ere aritu da—, eta diskoko hamar kantuak hari konponketez jantzi ditu. Orkestra moldaketa horiek kantuei aire jantzi eta emozionala ematen diete, handikerian erori gabe.   

Nolanahi ere, konponketa horiek ez dute ezkutatzen diskoak dantzarako ezin egokiagoak diren piezak biltzen dituela. Nabarmenetakoa, Loneliness lehenengo single distiratsua, taldearen klasiko bilakatzeko jaioa ematen duena. Beste bat: Why I Am Dancing?, pandemia garaian bakardadean dantzatzeari buruzko pieza aldi berean tristea eta bizigarria.

New London Boy-n lasaian, Tennantek atzera begiratzen du, «guztiek Roxy eta Bowierekin» dantzatzen zuten garaira, eta entzulea ezustean harrapatzen duen rap bat tartekatzen du; eta The Secret of Happiness-ek, bere aldetik, taldearen alderdirik sentikorrena azaleratzen du bossa nova orkestratu baten erritmora.

Horrek guztiak —eta beste hainbat kantu aipagarrik: Feel, Bullet for Narcissus, Dancing Star, Love is The Law sentikorra— erakusten du lau hamarkada igarota, Pet Shop Boysen emaria ez dela agortu. Nonetheless taldearen lanik inportanteenen artean kokatu baitaiteke lasai asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.