Pessoak sartu zuen bozgorailua

Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa oinarri dituen ikuskizun hibrido bat prestatu du Mikel Antza idazleak Loraldia jaialdirako. Martxoaren 18an estreinatuko dute lana

Amaia Ozerin Loraldia jaialdiko komunikazio arduraduna, Mikel Antza idazlea eta Idoia Beratarbide zuzendari laguntzailea, atzo, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia: Mikel Antza idazleak literaturaren indarra nabarmentzen duen baieztapen borobil horrekin titulatu du Loraldia jaialdirako sortutako Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandia idazleei buruzko emanaldia. «Literaturak zer eragin daukan gure bizitzan eta gure egunerokotasunean, poema bat irakurtzeak, adibidez. Hori zer da? Errealitatea da? Fikzioa da? Ez dakit, baina eragina dauka gugan, eta agian gauza batzuk egitera bultzatzen gaitu beste norbaitek idatzi duen zerbaitek. Eta horrek aldatzen du bizitza. Eta kasu honetan... ba... Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia». Antzak azaldu duenez, errealitatea eta fikzioa txirikordatuko ditu saioak, eta literatura, musika eta antzerkia ere uztartuko ditu. Horregatik, Antzaz gainera, Diana Vilarinho fado abeslari portugaldarra eta Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreak ere izango dira oholtzan. Bihar hasiko da Loraldia festibala, Bilbon, eta, guztira, 29 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 29ra arte; eta saio horien artean, hilaren 18an egingo dute Antzak prestatutako piezaren estreinaldia, Bilboko Itsas Museoan, BERRIA egunkariaren eta Badok atariaren babesarekin. Sarrera guztiak salduta daude jadanik.

Hasieran, Pessoa eta Sarrionandia Lisboako taberna batean batuko zituen fikziozko topaketa bati buruzko ikuskizun literario bat sortzeko enkargua egin zion Loraldiak Antzari, eta horregatik da Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon saioaren izenburu ofiziala, baina bi idazleekin sentitzen duen gertutasunak bultzatu du, eskaritik pixka bat apartatuz, bere burua ere obran sartzera. «Sarrionandiarekin eta Pessoarekin izan nuen lehen lotura literarioa izan zen, eta, antzezlanean azaltzen den bezala, horrek eraman zuen beste errealitate batzuetara dena». Jakina da, adibidez, Antzak lagunduta egin zuela ihes kartzelatik Sarrionandiak 1985ean. Eta datu horren oihartzuna dakar Antzak emanaldirako idatzitako testuaren tituluak. Idazleak ez ditu aldez aurretik argitu emanaldiaren nondik norakoak, baina, esan duenez, errealitateari lotutako testuek tarteka kartzelarekin izango dute zerikusia. Adibidez, 1960ko hamarkadan kokatuko da lehen aipamena, 1970eko hamarkadan bigarrena, 1980koan hirugarrena, eta beste erreferentzia erreal bat ere egongo dela iragarri du. Horrez gainera, antzezlanaren nondik norakoak azalduko dituen testu bat irakurriko du Antzak obraren hasieran, eta beste bat amaieran.

Baina, hasieran, literaturak lotu zituen Sarrionandia eta Antza. Luar antzerki taldeak Antzaren zuzendaritzapean taularatu zuen Pessoaren O Marineiro (Marinela) 1984an, eta Sarrionandiak egindako itzulpena baliatu zuen horretarako. Donostian estreinatu zuten lana, lau aktorerekin, Kaki Arkarazoren musikarekin eta, Antzaren hitzetan, «nahiko hardcore-a» zen eszenaratze batekin. Aktore batek emanaldi osoa egiten zuen hilkutxa batean sartuta, adibidez, eta beste hiru aktorek hura beilatzen zuten ordubete inguruz, eserlekutik behin ere altxatu gabe.

Pessoaren antzezlanaren pasarte batzuk txertatu ditu Antzak Loraldirako sortutako emanaldian, berak idatzitako testuekin eta Sarrionandiaren ohar batzuekin batera. «Antzezlanak kontatuko duena da obra horrek nola baldintzatu zuen nire bizitza, Sarrionandiaren bizitza, eta jende gehiagorena». Euskaraz eta gazteleraz eman zuten pieza Luar konpainiarekin; idazleak gogoratu duenez, kritikak piztu zituen. «Nik kritikak egiten nituen sasoi hartan Argia-n. Euskararen aldeko oso jarrera gotorrak ematen nituen, eta kritikatzen nuen, hain zuzen ere, Antzertik zeraman politika euskarari buruz, zeren estreinatzen baitzituzten obrak euskaraz eta gaztelaniaz, eta ekintzatxoak ere egiten genituen horren aurka».

Aulki huts bat

Euren kasua bestelakoa zela esanez defendatu zen Antza. Antzezlana eman zuten aktoreetako bakarrak zekien euskaraz, eta, idazleak zehaztu duenez, ulertu ez arren, goitik behera ikasi behar izan zuten buruz euskarazko bertsioa. «Neure burua defendatzeko, esaten nuen hura ez zela euskaratik gaztelaniara zihoan zerbait, baizik eta kontrako norabidea egiten zuela: berez euskaraz egingo ez luketen aktoreak euskaraz ari zirelako, eta euskal antzerkira eraman genituelako».

Luar taldean kide izan zituen aktore horiek ere izan nahi ditu gogoan idazleak Loraldian. Aktoreetako bat gazte hil zela gogoratu du, eta, haren falta gogoan hartzeko, erabaki dute oholtzan bi aktore bakarrik biltzea, eta hirugarren aulki bat hutsik uztea.

Idoia Beratarbide Metrokoadroka konpainiako kidea izan du alboan Antzak emanaldiaren nondik norakoak zehazten laguntzeko, eta, haren ustez, emanaldia ez da Pessoari eta Sarrionandiari buruzkoa, ezta Antzari buruzkoa ere. «Pessoa eta Sarri aitzakia bat dira beste hainbat gauzari buruz aritzeko. Ez da haiei buruzko antzezlan bat; haiengan oinarritutako lan bat da».

Beratarbidek zehaztu duenez, eszenan dena batera joango da, baina bi plano izango ditu: tarteka joango dira Vilarinho fado abeslariaren musika, batetik, eta Antzak prestatu eta aktoreek emango duten testua, bestetik. Eta antzezleen testuen kasuan ere, «ondo bereizita» egongo dira Pessoaren antzezlanaren pasarteak, batetik, eta aipu literarioak eta gertaera historikoak, bestetik. Edonola ere, ikuslearen buruan testuaren maila horiek guztiek bat egitea da helburua. Haren hitzetan, obrari buruz emandako azalpenek ulertarazi baino «konplikatuagoak» baitira antzezlanean errealitatearen eta ametsen munduaren arteko mugak. «Jolas bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.