Abian da XVI. Arabako Bertsolari Txapelketa. Atzo jokatu zuten lehen final-laurdenekoa, Izarran, etaPeru Abarrategik —2022ko txapelketako txapeldunak— lortu zuen puntu gehien: 259. Horri esker, zuzenean pasatu ahalko da finalaurreko faseetara, gainerako saioetako puntuazioen zain egon beharrik gabe.
Abarrategik baino puntu gutxiago lortu arren, paretsu amaitu zuten ondorengo sailkatuek. Aitor Ugartek zein Eli Zalduak 250 puntu lortu zituzten, Paula Amilburuk 249,5, Ekaitz Samaniegok 242,5 eta Danel Herartek 235,5.
Hurrengo bi final-laurdenak
Oionen eta Laudion egingo dituzte beste bi final-laurdenak. Otsailaren 4an izango da Oiongoa, eta bertsolari hauek ariko dira kantuan: Manex Agirre Arriolabengoa, Xabi Igoa Eriz, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Orlando Arreitunandia Arinas, Aroa Arrizubieta Barredo eta Maddi Agirre Epelde.
Otsailaren 11n izango da Laudioko saioa. Sei bertsolari hauek hartuko dute parte bertan: Asier Otamendi Alkorta, Felipe Zelaieta Txurruka, Izar Mendiguren Cosgaya, Iñaki Viñaspre Simon, Martin Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delika.
Seiko finalerako bidean
Saio horietan ere lehen sailkatua zuzenean pasatuko da finalaurrekoetara, eta beste puntuazioaren arabera erabakiko dira beste bederatzi izen. Guztira, hamabi. Bi saio izango ditu fase horrek. Lehena, Aramaion, otsailaren 24an, eta bigarrena, Dulantzin, martxoaren 2an.Martxoaren 16an jokatuko dute finala, eta finalaurrekoen fasetik sailkatutako sei bertsolari arituko dira bertan kantuan. Gasteizko Principal antzokian izango da hori.