«Pertsonok ezagutzen laguntzen didan literaturaren gaiei heldu diet»

Xabier Artolak hainbat ipuin lehiaketatan saritutako lanak bildu ditu 'Argi-itzalen neurria' liburuan

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Julene Azpeitia, Tene Mujika etaAugustin Zubikarai lehiaketak, Gabriel Aresti Bilbo Hiria, Sarean Kontari, Donostia Hiria… Ipuin lehiaketetan palmares oparoa du Xabier Artolak (Donostia, 1957), baina liburuak argitaratzen hasi berria da. Iaz kaleratu zuen aurreneko liburua, Deception Island (Alberdania), Donostia Hiria irabazi zuen ipuina ezagutarazteko. Orain zortzi ipuin bildu ditu Argi-itzalen neurria liburuan (Elkar). Lehiaketetan sarituak dira guztiak, beren-beregi libururako —liburuari «osotasuna» eta «amaierako sorpresa» emateko— idatzi duena izan ezik, Latitudea eta beste zenbait narrazio: making of-a izenekoa.

«Aspalditik idazten dut, baina 40 urte banituen istorio oso bat hasi eta buka idaztera jarri nintzenerako», dio Artolak. Latitudea izan zen lehen ipuin hura, Argi-itzalen neurria liburuko seigarrena. Amaitu zuenean, ez zekien zer egin ipuinarekin. «Inori erakusten ausartzen ez, eta lehiaketa batera bidaltzea pentsatu nuen. Esperantza handirik ez nuen, baina lehen saria eman zidaten». 1997ko Julene Azpeitia zen lehiaketa, Zumaiakoa.

Dozena erditik gora sari etorri ziren hurrengo urteetan, eta iaz, Donostia Hiria irabazi izanak adoretuta, ordura arte idatzitako ipuinak bilduma batean jaso eta argitaratzen saiatzea erabaki zuen. Horren ondorio da Argi-itzalen neurria. «Hamarkada luze batean idatzitako istorioek osatzen dute liburua», Artolak azaldu duenez. «Gaiak betikoak dira, interesatzen zaidan literaturaren betiko gaiak; pertsonok nolakoakgaren ezagutzen laguntzen didanliteraturak berezko dituenak: pertsonen arteko harremanak, familia arteko kontuak, bikotea, maitasuna, bakardadea, bizitza… Baina baita gai, nolabait esateko, sozialagoak ere: gerra eta haren ingurukoak —gerrak gizakiarengan uzten duen arrastoa interesatzen zait batik bat—, immigrazioa —jaioterria utzi eta bizitza ustez behintzat hobea aurkituko duelakoan erbestera jotzen duen pertsonaren gorabeherak—, gure gizarte honen gai askoren aurreko hipokrisia…».

Askotarikoa azal nahiz mamiz

Estiloari dagokionez ere, era askotako narrazioak aurkituko ditu irakurleak. «Narrazioaren pisu handiena elkarrizketak hartzen duenekoak daude, eskutitz tankeran osatutakoak, istorioa hainbat ahotsen bidez kontatzen denekoak, kontaera tradizionalago batez moldatutakoak… Askotariko mamia eta askotariko azala dago».

Denbora asko eskatzen dio ipuin bakoitzak Artolari, eta «zaila» irizten dio «arnasa luzeagoko ezer» idazteari. «Bestela, ez nuke sekula bukatuko. Ipuinaren neurrian moldatzen naiz ondoen, eta, bestalde, oso ipuinzalea naiz irakurle gisa ere. Ipuina trinkoa da, hasi eta buka irakurtzeko idatzia, eta, baten batek esan zuen bezala, gezi baten gisako ibilaldia egitea du helburu. Ez dakit lortu dudan hori dena liburu honetako ipuinetan, baina esan dezaket asko landutako testuak direla, ez direla eserialdi batean idatzitakoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.