Bertrand Tavernier

Pertsonaien eta zinemaren aldeko, beti

Frantziako zinemaren ikur nagusietako bat eta Europako zuzendari entzutetsuenetako bat izan da. Aitortza hori jasota zendu da, 30 filmetik gorako bilduma oparoa utzita.

GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Egin ditudan filmetan, beti miretsi izan ditut kolektibitatearen alde lan egin eta sakrifikatzen zirenak». Probokatzea dibertigarria zitzaiola kontatu zion Bertrand Tavernierrek solasaldi batean Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariari. Eta haserrea inspiragarria izan zitekeela tarteka, baina ez film bat egiteko motor bakarra. «Egin ditudan film gehienak borrokatzen diren pertsonaien aldekoak izan dira. Horrek, agian, esan nahi du aurka egiten dien sistemarekin haserre nagoela, baina motibazio bakarra ezin da izan haserrea edo kritikatzeko asmoa; ikuspegi zabalagoa behar da, pertsonaiekiko eta beren ekimenarekiko maitasuna. Niretzat, behintzat, derrigorrezkoa da hori».

Ikuspegi horrekin eraiki zituen bere filmografia oparoko pertsonaiak eta haien bizitzak. Berdin protagonista bizitza aurrera atera nahian dabilen jazz musikaria izan —Autour de minuit (1986)—,I. Mundu Gerran desagertutzat jotako soldaduen xerka dabilen militarra izan —La Vie et rien d'autre (1989)—, edo pobreziaren aurka borrokatzen den eskola bateko maisua izan —Ça commence aujourd'hui (1999)—. «Maite dudan jendea da, beren borroka miretsi nahi diedana. Oinarri bat behar duzu; soilik kritikoa izan nahi baduzu, garraztasunean edo erresuminean eror zaitezke. Eta halakorik ez dago nire lanetan». Pertsonaiekiko, istorioak kontatzearekiko eta, finean, zinemarekiko maitasunak eraman zuen Tavernier Frantziako zinemagintzaren ikur nagusietako bat izatera, baita Europako zuzendari garrantzitsuenetakotzat hartua izatera ere. Atzo hil zen, 79 urte zituela, Okzitaniako Saint-Maxime herrian.

Lyonen (Frantzia) sortu zen Bertrand Tavernier, 1941. urtean. 13 urterekin jada argi zuen zinemagilea izan nahi zuela. Hala, eta Parisen zuzenbidea ikasten hasi bazen ere, gaztetan gero eta denbora gehiago eskaintzen hasi zitzaion bere bokazioari. Maiz bisitatzen zuen Zinemateka, eta, zenbait lagunekin, zinema aldizkari bat sortu zuen, baita Nickel Odeon zinekluba ere, bazter utzita zeudela sumatzen zuten genero batzuk sustatzeko. Filmen kritikak ere idazten zituen garai hartan. Zinemagintzan gero eta sakonago murgilduz joan zen apurka, eta, besteak beste, Jean-Pierre Melville zuzendariaren laguntzaile gisa egin zituen lehen urratsak.

Baina, besteren obrak pantaila handian ikusteaz harago, bereak sortzen hasi zen 1974an. Haren lehen filmeko protagonista izateari baiezkoa eman zion Philippe Noiretek —antza, bere agenteak esandakoaren kontra—, zeina Agnes Varda, Louis Malle, Alfred Hitchcock eta Marco Ferrerirekin lan egindakoa zen —hainbat filmetan elkarrekin lan egingo zuten gerora zuzendariak eta antzezleak—. Georges Simenonen nobela bat oinarri hartuta ondu zuen Tavernierrek lehen film hura, L'horloger de Saint Paul, Louis Delluc saria eta Berlinaleko epaimahaiaren sari berezia ekarri zizkiona. Lan hartatik aurrera, ibilbide oparoa egingo zuen, eta edozein gai landuta ere, beti eutsiko zion zinemarekiko bere ikuspegi propioari. Beti pertsonaien alde eginez.

Gai eta genero ugari

Gertakari historikoetan jarri zuen begirada hainbat lanetan, esaterako, bere opera prima-ren osteko lehen lanean: Que la fête commence (1975) —Philippe Noiret eta Jean Rochefort aktoreekin ondu zuena, berriro ere—. Film hartan XVIII. menderaino atzera egin bazuen, beste hainbat lanetan historia hurbilagoari erreparatu zion, eta gerrari behin baino gehiagotan. Lehen Mundu Gerrari begiratu zion, adibidez, Capitaine Conan lanean (1996) —aurrez La Vie et rien d'autre-n egin bezala—; Bigarren Mundu Gerrari eta zinemagintzari Laissez-passer (2002) filmean; eta Aljeriako gerrari, berriz, La guerre sans nom (1991) dokumentalean. Edonola den, askotariko gaiak eta generoak landu zituen 30 lanetik gorako filmografian —film beliko eta historikoez gain, thrillerrak, komedia dramatikoak eta musika ardatz duten lanak sinatu zituen—, eta sarri erretratatu zituen egungo gizartearen ajeak. Betiere, pertsonaiak jarriz istorioaren bihotzean.

Begirada horri esker, maiz lortu zuen kritikaren eta zinemazaleen harrera ona, eta zinemaren munduak ere behin baino gehiagotan egin zion aitortza. Berlinaleko lehen garaikurraren ostean, Cannesko jaialdiak zuzendari onenaren saria eman zion Un dimanche à la campagne lanagatik (1984); Bafta sari bat lortu zuen La vie et rien d'autre-rekin; Berlinaleko Urrezko Hartza L'Appât filmari esker (1995); Donostiako Zinemaldiko publikoaren saria Ça commence aujourd'huilanarekin (1999) —hiru aldiz lehiatu zen Donostian, eta 1999an atzera begirakoa eskaini zion jaialdiak—; eta bost Cesar sari ere bai, guztira. Veneziako jaialdiak ibilbide osoa saritu zion 2015ean. Esker oneko agertu zen aitortzarekin, baina berarentzat garrantzitsuena beti aske lan egin izana zela adierazi zuen. «13 urterekin neure buruari zinema zuzendari izan nahi nuela esan nionean, inoiz ez nuen imajinatuko halako bizitza aparta izango nuenik».

Ikertzaile ere bai

Sortzera ez ezik, ikertzera ere eraman zuen Tavernier zinemarekiko maitasunak. 1991n, Jean-Pierre Coursodonekin batera, 50 ans de cinéma américain lan erreferentziala eman zuen, AEBetako zinemaren bost hamarkadatako historia ikuspegi kritiko batetik aztertzen duena. Halaber, Voyage à travers le cinéma français dokumentala osatu zuen 2016an, non bere gustuko filmak, zuzendariak, aktoreak eta musikariak agertu, eta 1930-1970 urteen arteko Frantziako zinemaren historia modu pertsonalean islatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.