Desertua igarotzea lortu eta, azkenean, etxera heltzea lortu duenaren lasaitasunez mintzo da Mikel Rueda zinema zuzendaria(1980, Bilbo). Orain. Zazpi urte daramatza A escondidas filmarekin lanean, eta lana amaituko zuen ziurtasunik gabe aritu da azken urtera arte. «Emozionalki errusiar mendi bat izan da hau. Orain esaten dizute baietz, geroxeago ezetz, gero lortzen duzu finantzaketa hemen, beste batek esaten dizu ezetz han... Oso zaila da hori dena ongi eramatea, batez ere, hain barrutik ateratzen zaizun proiektu bat denean». Baina listo. Azkenean, gaur estreinatuko dute zinema areto komertzialetan. Izarren Argia filma zuzendu zuen aurrez Ruedak, baina dioenez, oraingoa du bere-berea.
Bi mutil neraberen arteko laguntasun eta maitasun istorioa kontatzen du filmak. Bere lagunartean harrapatuta sentitzen da Rafa, eta kanporatuko duten beldurrez bizi da Marokotik kamioi baten azpian ezkutatuta heldu da Ibrahim. Zaila da bi munduen arteko muxua.
Erabat harrapatuta sentitzen dira bi gazteak. Filmak autobiografikotik zerbait baduela iradoki izan duzu inoiz.
Niri ez zait pasatu filmean gertatzen dena, baina oso nireak dira istorio horretatik sortzen diren sentimenduak. Galduta sentitze hori, eta mundua gainera erortzen ari zaizula sentitzen hori, adibidez. Denbora asko neraman horiek istorio batera eraman nahian. Eta, azken batean, horixe kontatzen du A escondidas filmak. Harrapatuta dauden bi pertsonaiaren istorioa. Teknikoki ere hori islatzen saiatu naiz. Argazkiarekin eta plano motarekin, inguruan duten mundua arrotz zaiela adierazten saiatu naiz. Mundu hotzak dira. Bataren mundua urdina, eta bestearena berdea. Soilik elkarrekin daudenean bilakatzen da mundua goxoagoa, baita kromatikoki ere.
Oso ezberdinak dira bataren eta bestearen errealitateak, baina funtsean parekoak dira bien bizipenak.
Oso-oso urrun dauden errealitateetan bizi dira, bai, baina oso-oso antzekoak dira funtsean. Biak sentitzen dira baztertuta. Ez daude gustura. Saiatu gara zuri omen dagokizun leku horretan eroso ez sentitzearen sentsazio hori erakusten. Elkar ezagutzen dutenean hasten dira ohartzen gauzak bestelakoak izan daitezkeela.
Agerikoa da teknika eta istorioa uztartzeko asmoa filmean. Kolore hautaketa, plano motak, denbora jauziak...
Gidoia idazten hasi nintzenetik argi nuen hori. Bidaia bat kontatzen du pelikulak, eta pertsonaiek duten bidaia hori ikusleak ere senti dezan nahi dut. Galduta daude pertsonaiak, eta horregatik daude film hasieran denbora jauzi batzuk, eta pixka bat galduta sentitzen da ikuslea ere. Istorioak aurrera egin ahala, ordea, piezak bat egiten doaz, eta zer gertatzen ari zaien ulertzen hasten dira pertsonaiak. Galduta sentitzeari utzi eta gertatzen dena ulertzen hasiko da ikuslea ere; urrats hori emango du. Paraleloan doaz bi bidaiak. Baditu bere arriskuak hautu horrek, baina pertsonaien eskutik eraman nahi izan ditut ikusleak.
Etengabea da bi mutilen errealitateen arteko tentsioa. Agerikoa da tentsio arraziala, eta baita tentsio linguistikoa ere, arabiarrez mintzo baita Ibrahimen mundua, gazteleraz Rafarena. Elkarri muxu bakar bat ematera heltzen dira film osoan.
Hain da handia mutil hauek buruan duten zarata! Hainbestekoa da inguruan duten interferentzia! Hainbeste gezur jasan behar dituzte! Horregatik ez dira gai elkarri lasai muxu emateko, ezta bakarrik daudenean eta inor begira ez dutenean ere. Indar handia du horrek, nire ustez. Jende guztia ari zaizu etengabe esaten zer egin behar zenukeen eta nolakoa izan behar zenukeen, eta, azkenean, girorik aldekoenean ere ezinezkoa zaizu aske jokatzea. Oso zaila da egun norberak nahi lukeen bezala hitz egin ahal izatea. Zarata horrek guztiak bihurtzen du ezinezko.
Sortzaile gisa ere sentitzen duzu ahots propio hori agertzeko ezintasuna?
Gaur egun oso zaila da edozein istorio kontatzea. Egoera ekonomikoa badakigu zein den, eta krisiak erabat jota dago zinemagintza ere. Baina kontatu nahi duzun istorioa pixka bat konplikatua bada, eta kontatzeko modua ere konplikatuxeagoa baldin bada, biderkatu egiten da arriskua eta zailtasuna. Nik banekien bidaia luzea izango zela, baina maratoi korrikalaria naiz. Orain pozik nengoke pelikulak ikusleren bati mundua ikusteko duen moduari buruz galderaren bat piztuko balio.
Libre izateko dugun ezintasuna da agian filmaren sakoneko gaia?
Oso zaila da norbera izatea. Horregatik bukatzen da filma bukatzen den bezala, apenas baitago ongi amaitzen den istoriorik bizitza honetan. Interferentzia asko dago, begi gehiegi dituzu beti inguruan begira, hatz gehiegik seinalatzen zaituzte beti, zarata handiegia dago beti.
Mikel Rueda. Zinema zuzendaria
«Pertsonaien eskutik eraman nahi dut ikuslea»
Orain zazpi urte hasi zen 'A escondidas' filmarekin lanean Mikel Rueda zinema zuzendaria, eta gaur estreinatuko du areto komertzialetan. Orain arteko lanetan horixe du bere-berea, dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu