Musika

Pernice Brothers: eklektizismo melodikoa

Joe Perniceren taldea 'Who Will You Believe' diskoarekin itzuli da. Pop, soul eta country kutsuko kantuak bildu ditu bertan.

Joe Pernice, Pernice Brothers taldeko abeslari eta burua. BERRIA
Joe Pernice, Pernice Brothers taldeko abeslari eta burua. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 16a
05:15
Entzun

Arrakasta handirik lortu ez baina zale multzo estimagarri bat bildu duten musikari horietako bat da Joe Pernice (Holbrook, AEB, 1967). Scud Mountain Boys taldearen folk eta country leunarekin ezagutarazi zuen bere burua 1990eko hamarkadan, eta, gerora beste deitura batzuekin hainbat lan argitaratu baditu ere —Chappaquiddick Skyline, Joe Pernice—, azken 25 urteetan Pernice Brothers izenarekin sinatu izan ditu bere lan gehienak. Eta guztietan erakutsi du melodiarako sentsibilitate berezi bat, izan popera lerratu denean, izan country eta folk arrastoak nabarmenagoak izan direnean.

Spread The Feeling (2019) bere azken-aurreko diskoan agerikoa zen 1980ko hamarkadako pop britainiarraren eta bereziki The Smiths eta New Orderren eragina —Chappaquiddick Skylinerekin atera zuen diskoan ere azken horien Leave Me Alone-ren bertsioa jaso zuen—. Who Will You Believe orain dela hilabete pare bat argitaratu duen diskoan, berriz, AEBetako musiketara jo du modu agerikoagoan, nahiz eta ez den kolore bakarreko lana, ezta gutxiago ere. Eta, hala ere, batera edo bestera lerratu, Perniceren diskoak inoiz ez dira nortasunik gabeko lanen multzoan jausten, eta, gainera, beti uzten dute harribitxiren bat edo beste.

Spread The Feeling eta Who Will You Believe-ren artean pasatu diren bost urteetan, Pernice ez da geldirik egon. Pandemiaren gorenean oso aktibo aritu zen, bere etxetik bertatik kontzertuak egin zituen, eta zaleekin partekatu; eta, gerora, Barry Manilowren bertsioekin osatuta disko bat (Could it be Magic) eta bakarkako beste bat (Richard) atera ditu, biak bere deitura propioarekin. Gainera, iaz Pernice Brothersen lehenengo diskoa izan zena (Overcome by Happiness, 1998) berrargitaratu zuten kutxa dotore batean bilduta.

Oraingoan, Pernicek berriro elkartu du bere banda, eta  aitortu du disko berria inportantea dela beretzat, neurri handi batean lagunen eta senideen heriotzek bultzatuta iritsi delako

Oraingoan, aldiz, berriro elkartu du bere banda —tartean dira bere anaia Bob Pernice eta baita Peyton Pinkerton gitarrista ere—, eta lagunen bat edo beste ere bildu du proiektura, Neko Case esaterako. Pernicek berak aitortu baitu disko berria inportantea dela beretzat, neurri handi batean lagunen eta senideen heriotzek bultzatuta iritsi delako. Izan ere, 2019an haren hiru gertuko hil ziren. Lehendabizi, Joe Harvard lehengusua, eta ondoren Gary Stewart, Rhino Records zigiluko arduradunetako bat, eta David Berman, Silver Jews eta Purple Mountains taldeetako burua; azken biak, beren buruaz beste eginda. «Denbora igaro zen kanturen bat idazteko gogoa izan nuen arte, eta une hori iritsi zenean ere, oso triste nengoen», aitortu du Pernicek.

Ez du azaldu heriotza horien ondoren idatzi zuen lehenengo kantua zein izan zen, baina izan zitekeen The Purple Rain, Pernice Brothersen azken diskoa ixten duena, eta, hain zuzen ere, adiskideei eskainita dagoena. Hari konponketek eta koro batek jantzia, kantu bildumako sentikorrena izango da ziur aski.

Bizipoza eta malenkonia

Baina Who Will You Believe-k beste asko eskaintzen du, eta, diskoaren abiapuntua albiste tristeek jarri bazuten ere, ez da hau samina eta iluntasuna transmititzen duen lan bat. Kontrara, une askotan bizipoza ere igortzen du, nahiz eta Perniceren geneetan txertatutako malenkonia ere azaleratzen den zenbait unetan. Eta, batez ere, lan eklektikoa da, kantu bakoitzak bere ezaugarri propioak baititu.

Esaterako, Who Will You Believe —kantua— Pernicek melodiarako duen gaitasuna erakusten duen pop pieza modelikoa da, eta Look Alive Burt Bacharachek edo Brian Wilsonek 60ko hamarkadan idatzi zituzten urrezko kantuen tradizioan kokatzen da.

Diskoak bestelako joerak ere erakusten ditu. Hey Guitar, adibidez, eta izenburuak filtrorik gabe adierazten duen bezala, gitarraren indarrari omenaldia egiten dion indie-rock kantua da —hain zuzen ere, diskoko gitarrarik elektriko eta sutsuenak dituena—, eta, beste aldean, A Song for Sir Robert Helpmann aurkituko du entzuleak, easy-listening-etik gertu dagoen pieza ia instrumentala.

Manilowren kantuekin egindako diskoak ere neurri batean eragingo zuen Pernicerengan, December in Her Eyes soul-pop kantu sofistikatua baita, eta The Beatles psikodelikoenen aztarnak ere ageri dira A Man of Means-en. Baina Perniceren oinarri garrantzitsuenetako bat, Scud Mountain Boysekin erakutsi zuen bezala, AEBetako sustraidun musika izan da, eta, hori adierazteko, hor dago I Don't Need That Anymore, Caseren laguntzarekin osatutako country-pop doinu leun, garden eta bereziki polita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.