Literatura

Perecen Paris

George Perecen lan argitaragabe bat plazaratu dute, formatu fisikoan eta digitalean: 'Lekuak' izeneko artefaktu literarioa. Parisko hainbat txoko sei urtez hilean birritan bisitatuz ondu zuen.

Georges Perec idazlea (Paris, 1936 - Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1982). BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko mendeko idazle irudimentsuenetako bat izan zela, zalantza gutxi egingo luke inork halakorik Georges Perecen inguruan esatean. Idatzi zuen e bokala erabili gabe 300 orrialde pasako eleberri bat, La Disparition (1969, Desagerpena); idatzi zuen soilik bokal hori erabilita beste bat, Les Revenentes (1972); akorduen zerrenda luze bat, Je me souviens. Les choses communes I (1978, Oroitzen naiz. Gauza arruntak); 29 urterekin lehen sari entzutetsua ekarri zion lana, Gauzak (1965, Itziar Diez de Ultzurrunek 2014an euskaratua); haren eleberri ezagunenetakoa, La vie, mode d'emploi (1978, Bizitza, erabiltzeko argibideak), eta beste. Eta, aski ez balira, zalantza gutxiak uxatzeko berri bat heldu da asteon: Perecek bukatu gabe utzi zuen 600 orrialdetik gorako lan bat eman baitu argitara Seuil argitaletxeak, idazlearen heriotza goiztiarretik 40 urte bete diren honetan.

1969ko urtarrilean hasi zen Perec Lekuak ontzen, helburu eta egiteko zehatzak jarrita bere buruari: Parisko 24 toki deskribatuko zituen, hilean bi bider bakoitza, hamabi urtez segidan. 1980ko abendura arte heltzea zen haren ideia, baina 1975eko irailera arte eutsi zion, 133 testu utziz idazteke. Argitalpen berria osatzen dutenak, bada, 288 testu dira denera, eta bi multzotan adarkatzen dira: Real (Erreala) eta Souvenir. Deskribatu nahi zituen lekuetatik bertatik idatzita dauden testuak biltzen ditu lehenak; bigarrenak, berriz, haien inguruan oroitzen zuenetik tiraka idatzitakoak. Denboraren joanak haiekin egingo zuena ikusi nahi zuen idazleak amaitutakoan, Maurie Nadeau editoreari eskutitz bidez aipatu zionez: «Uste dut modu honetan ikusiko dugula lekuen zahartzea, bai eta nire idazkerarena zein nire oroitzapenena ere».

Lanak oihartzun egiten du, gainera, egilea hil ostean argitara emandako haren beste lan batekin, tituluan bertan aitortzen den toki bat hitzez agortzeko asmoarekin: Tentative d'épuisement d'un lieu parisien (1982, Parisko leku bat akitzeko saiakera).

Lau urtez aritu dira Lekuak-en puskak ordenatzen, eta, formatu fisikoaz gain, sarean ere osorik jarri dituzte eskura. Vilin, Junot, Assomption... leku berberetara behin eta berriz itzuliz, aldiro topatu zuenaren deskribapen xeheak dira.

Idaztea zerbait bizirik iraunaraztea zela zioen, «zerbait zehatz-mehatz atxikitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.