Euskal munduarekiko barbarizazio prozesuek nola eragin diote euskal pentsamenduari? Feminismoak zer ekarpen egin dio euskal pentsamenduari? Kulturgintzari nola eragiten dio pentsamenduaren transmisioa bermatua ez egoteak? Lorea Agirre Jakineko zuzendariak Ibai Atutxa, Mari Luz Esteban eta Maialen Akizu pentsalariei egin zizkien, hurrenez hurren, galdera horiek atzo, Jakinek azokan urtero irekitzen duen gogoetarako tartean.
Atutxa izan zen galderari heltzen lehena, eta Barbaroak eta zibilizatuak (Txalaparta, 2022) liburuan garatutako «barbarizazio» kontzeptua azaldu zuen aurrena. «Barbarizazio esaten diot oinarri materialak eta ondorio materialak dituen diskurtso bati, zapalkuntza harreman batzuetatik datorrena eta zapalkuntza harreman batzuk produzitzen dituena. Diskurtso bat da, eta erregimen bat». Zehaztu zuen euskaraz eta euskararen alde egiten duen «komunitate desobedienteari» deitzeko erabili izan den izendapen multzo batek ordezkatzen duela barbarizazio hori: «barbaro, aborigen, biolento, terrorista, antidemokratiko, exotiko...».
«Euskal sorkuntzari eta pentsamenduari buruzko ignorantzia produzitu egiten da, esktrukturalki. Ez da batzuek bizkarra ematen diotela, bizkarra emanarazi egiten dietela baizik»
IBAI ATUTXAEHUko irakaslea eta ikerlaria
Barbarizazioa eta euskal pentsamendua lotzerakoan, duela gutxi Cira Crespok Argia-n berreskuratutako artikulu bat ekarri zuen gogora Atutxak, 1911n Luis Olariagak Nuevo Mundo aldizkari madrildarrean idatzitakoa, zeina horrela hasten zen: «Zuek ez duzue nire lurralde barbaroa ikusi (...). Han, arratsaldean, argia itzaltzen denean, itxura betiluna eta barnera bildutakoa hartzen dute». Atutxaren ustetan, ehun urte pasa aurrera egin eta gaur egunean, berdintsu jarraitzen du euskal munduarekiko begirada horrek. Berriki Azpeitian (Gipuzkoa) egindako Sormenean Hezi, Kulturan Bizi jardunaldietan ikusitakoa aipatu zuen horren erakusletzat. Atutxa: «Euskal sorkuntzari eta pentsamenduari buruzko ignorantzia produzitu egiten da, esktrukturalki. Ez da batzuek bizkarra ematen diotela, bizkarra emanarazi egiten dietela baizik».
Feminismoaren ekarpenak
Estebanek, zuzenean, feminismoak euskal pentsamenduari «gauza asko» ekarri dizkiola defendatu, eta hiruzpalau ekarpen zehaztu zituen. Lehenik, «euskal gizartearen barruan ere desberdinkeriak» daudela eta hierarkia horiek pentsamenduan ere eragina dutela oroitaraztea. Bigarren, «tradizioaren etengabeko berrikuspena» egitea. Hirugarren, dikotomiak kritikatzea —«publiko-pribatu, emakume-gizon, hemengo-kanpoko, aditu-aritu..»— eta metodo kolektiboagoak proposatzea —«Gu hirurok bagara hiru pentsalari, baina gure inguruan sare bat dago, eta feminismoak horri garrantzia handia eman dio»—. Eta laugarren, «gorpuztasuna» erdigunean jarri izana.
Esteban: «Irakurtzen baditugu Azurmendi-eta, ja badakite gorputza inportantea dela, baina bigarren mailan jartzen dute. Gaur egun gorputza gai nagusi modura ekarri dugu. Badaude autore batzuk esaten dutenak dantzatzea ere pentsamendua dela, gorputza eta pentsamendua batera doazela. Horrek erronka teoriko, metodologiko eta epistemologiko indartsuak ekartzen ditu, eta esango nuke teoria feministan, bere zabalean, bagaudela horri bueltak ematen. Horretarako, kontzeptu berriak sortu beharko ditugu; nire ustez, hori izan daiteke sortzen ari den mugarri bat».
«Ziurgabetasun handia dugu orain, politikoa, linguistikoa, eta uste dut horri ere erantzuten diola sortzen ari garen pentsamenduak; utopiez-eta aritzean, adibidez»
MARI LUZ ESTEBANEHUko irakaslea eta mugimendu feministako kidea
Transmisiorik ezaren gaineko kezkari heldu zion Akizuk, eta esan zuen sarri «beharrarekin» lotzen den arren, «talkarekin eta gatazkarekin» lotzea ere garrantzitsua dela beretzat. «Transmisioa nik gehiago lotzen dut kultur esperientzia bizitzeko espazioekin, balio eta edukien trukearekin baino, eta kezka gehiago daukat esperientzia horiek bizitzeko dagoen espazio faltarekin».
Euskal pentsamenduan saiakerek duten leku apalean ere jarri zuen arreta, eta Paulo Iztuetari irakurritako datu bat eman zuen: 2018. urtean, Espainiako Estatuan gazteleraz argitaratutakoen %43,1 izan zela ez-fikzioa; katalanez egindakoen %25,9; eta euskarazkoaren %11. Esanguratsutzat aipatu zuen, halaber, kazetariek euskal pentsamenduan «pisu handia» izatea. Eta Iratxe Retolazari entzundako ideia bat ere partekatu zuen: «Esaten du errelatu politikoarekin ari garela ertz ezberdinak topatzen, baina errelatu kulturalarekin ez ote gauden estereotipatu samar».
Ondoan baina ez elkarrekin
Galderez harago, Estebanek erantsi zuen Euskal Herria zein unetan dagoen, horrek ere eragiten duela pentsamenduan: «Ziurgabetasun handia dugu orain, politikoa, linguistikoa, eta uste dut horri ere erantzuten diola sortzen ari garen pentsamenduak; utopiez-eta aritzean». Aipatu zuen, halaber, emakumeek azken urteetan presentzia handia irabazi badute ere, «ilusio optiko bat» dela parekidetasuna lortu dela uste izatea. Pentsamendu «nominalista» baten aldeko joera ere kritikatu zuen, eta ekarpen kolektibo eta anonimoetarako aukeren alde egin.
«Guri, politika ikasten genuenean, intersekzionalitatea eta gobernantza bezalako hitzekin betetzen zitzaizkigun begiak, eta irakasle batek beti esaten zigun: herri modura, hezkuntzaz ere pentsatu egin behar dugu»
MAIALEN AKIZU Soziologoa eta BERRIAko zutabegilea
Atutxak, bestalde, unibertsitatea ekarri zuen hizpidera, eta esan zuen ikerlari euskaldunak «elkarren ondoan» bai, baina ez direla «elkarrekin» aritzen. Bakoitzaren lanen bibliografietan agertzen diren erreferentzia euskaldun urriak jo zituen horren adierazletzat.
«Gaur egun, pentsatzeko zer auzi edo ardatz markatuko zenituzkete?», egin zien azken galdera Agirrek. Aurrez aipatutako gorputzaz gain, hizkuntzaren gaia nabarmendu zuen Estebanek —«uste dut astindu handia eman behar diogula»—; Palestinaren kontrako «genozidioa» gogoan hartuta, Igartza literatur saria eta haren sustatzaileetako bat den CAF enpresa aipatu zuen Atutxak; eta Akizuk, berriz, hezkuntza. «Guri, politika ikasten genuenean, interkesekzionalitatea eta gobernantza bezalako hitzekin betetzen zitzaizkigun begiak, eta irakasle batek beti esaten zigun: herri modura, hezkuntzaz ere pentsatu egin behar dugu».