Literatura

Pentsamendua iraultzeko jolas poetikoa

‘Hitzetik ortzira’ aforismo liburua kaleratu du Ana Urkizak, Balea Zuria argitaletxearekin. Izurren garrantzia azaleratzea izan du helburuetako bat.

Ana Urkiza idazlea, 'Hitzetik ortzira' aforismo liburuarekin, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ana Urkiza idazlea, 'Hitzetik ortzira' aforismo liburuarekin, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko urriaren 28a
16:45
Entzun

Bi arima eskatu ditu Ana Urkiza idazleak (Ondarroa, Bizkaia, 1969) gaur Donostian egindako liburu aurkezpenean; izan ere, jakitun dago deabruarekin jolas egiten duenak arima galtzeko arriskua duela. Hitzetik ortzira aforismo liburuan (Balea Zuria) «izurrak azaleratzen saiatu» da idazlea, eta, horretarako, «hitz jolasa» baliatu du. Zenbait aforismok «salaketa kutsua» dute, beste hainbatek «aldarrikapen kutsua», eta irakurleak horren aurrean izan dezakeen erantzunarengatik eskatu ditu bi arima: «Bat mugaz gaindi kritikatzen nautenek kenduko didate, eta bestea, izan dadila niretzat».

Hamabost atal edo «izur gune» daude Urkizaren lanean; horien artean dira Jakiteaz, Egiez, Ametsez, Bizitzeaz, Zalantzez, Denboraz, Arriskuez, Galerez, Itxaropenaz eta Konfiantzaz. Atalen izenburuak «oinarrizko» gisa definitu ditu idazleak, oro har, bizitzan zehar pertsonek egiten dituzten galderak direla uste baitu. Dena den, galdera horiek izur modura irakurri ditu, eta «modu poetikoan» erakusten saiatu da, haren aburuz «esan gabe doan hori esanda» geratzen baita.

Felipe Juaristi editorearentzat, liburua «arrazionala» da. Urkizak aitortu du hori entzun zuen lehen unean «harrapatuta» sentitu zela, ez baitzen hori haren helburua: «Egia da hausnarketak daudela liburuaren oinarrian; izan ere, inoiz ez diot pentsatzeari uzten». Halaber, pentsamendu gehienak «gorputzetik» sortuak direla ere onartu du. Zehazki, «dardaratik, etsipenetik, betekadetatik, egonezin existentzial batetik abiatuta» sortu ditu aforismoak. «Esango nuke pentsamendua ordenatu nahi izanaren ajea edo ondorioa dela liburuko aforismo bakoitza», gaineratu du idazleak.

Jolasa, izenburutik hasita

«Zer da aforismoa?» galdetu bezala erantzun du Urkizak: «Hitzaren biluzian, jolasaren poetikan, pentsamendua iraultzeko botere handia duena». Horri jarraikiz, liburua jolas modura hartu nahi izan duela adierazi du, eta horren adibide jarri du lanaren izenburua: «Hitzetik ortzira esandakoan, hitzetik hortzera esamolde ezaguna datorkigu burura». Aurrez, editoreak azaldu du hitzek «indar handia» dutela, eta hori berretsi nahi izan du idazleak ortzira hitza erabiliz. «Hitz horri garrantzia eman nahi izan diot, haragoko bizitza edo bidea emanez, ortzirainoko bidea, alegia. Nolabait esateko, mugarik gabeko eremu batera bidali nahi izan dut».

«Esango nuke pentsamendua ordenatu nahi izanaren ajea edo ondorioa dela liburuko aforismo bakoitza»

ANA URKIZAIdazlea

Urkizak adierazi duenez, azkenaldian idazle askori «laburretik» aritzea leporatzen diete, gizarteak «zirrara eta inpaktua» lehenesten baitu. «Askok esaten dute aforismoek hori lortzen dutela, baina ni ez nago ados», esan du idazleak. «Egia da laburrak ez ezik inpaktanteak ere badirela aforismoak, baina ez dira azaletik irakurtzeko eginak. Kontrara, sakonera jaitsi eta ongi ulertu behar dira». Horiek horrela, liburu honetan aforismo bakoitzari sakon erreparatzeko eskatu du Urkizak.

Amari eskainia

Duela urte eta erdi hil zen Urkizaren ama, eta hari eskaini dio liburua, hark irakatsi baitzion «izurrak identifikatzen». «Amak esaten zuen badagoela izurrak ikusten ez dituen jendea, edota areago, izurrak ikusi bai baina ez ikusiarena egiten duena. Izurrak konpontzeko beharrezkoa da lehenik horiek ikustea, eta benetan eskertzen diot amari, horiek ikusteko gaitasuna emateagatik», azaldu du idazleak.

Amari azaldutako esker onaz gain, argitaletxekoak ere zoriondu ditu, aforismoei «leku» emateagatik: «Genero hau ez da oso oparoa, eta nik uste dut behar zuela leku bat aurkezteko; eta Balea Zuria argitaletxean aurkitu du». Era berean, Imanol Larrinagaren lana azpimarratu du, hark egin baitu liburuaren azala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.