Nork bere burua ezagutzeko balio du agertokiak; nork berea, eta besteena ere bai. Balio du ikuslearekin harremanak sortzeko, eta haiei gogoeta eragiteko. Baina agertokiak iraganari eta errealitateari buruz hausnartu eta pentsarazteko ere balio dezake. Hori bera egiten dute, hain zuzen, Lagartijas Tiradas Al Sol taldeko kideek. Mexikoko kolektiboak antzerki dokumentala egiten du, errealitatearen eta fikzioaren artean, eta memoria ardatz gisa harturik. Artiumek eta Azala sorkuntza espazioak elkarlanean antolatutako Proklama lantegien eta topaketen 11. ekitaldian parte hartzera gonbidatu dute taldea. Artiumen izango dira kolektiboko kideak igandera bitarte, haien lanen berri emateko.
«Espazio eszenikoa okupatzen dugu iraganaz edo errealitateaz hitz egiteko, baina horrek ez du esan nahi egia esaten ari garenik, edota gure kontakizuna beste baten gainetik dagoenik. Guretzat, fikzioa errelatoa bera zalantzan jartzeko elementu bat da». Hala adierazi du Luisa Pardo aktoreak (Xalapa, Mexiko, 1983); Lagartijas Tiradas Al Sol kolektiboko kide ere bada. Antzerki «alternatiboa» egiten dute, ohiko obretatik harago doana. Galderak plazaratzen dituzte agertokian lau haizetara, erantzunak arte eszenikoen bidez bilatu asmoz. «Guretzat , denbora eta espazio jakin batean eta bizi garen gizartean kokatzeko modu bat da; hein handi batean, ulertzeko nortzuk garen eta zerk inguratzen gaituen. Horretarako sortzen ditugu gure obrak», erantsi du.
Zalantza pertsonalak jorratzen zituzten hasieran; konpainian hasi ziren garaian «lan autobiografikoagoa» zen. «Garai hartan, batez ere geuri buruz hitz egiten genuen, gure izen- abizenekin eta gure egunekoan genituen arazoen inguruan», zehaztu du Gabino Rodriguezek (Durango, Mexiko, 1983). Urteen joanarekin, ordea, asko zabaldu da ikuspegi hori, eta «gizarteko beste hainbat arazoren» inguruan aritzen dira orain: Mexiko Hiriko uraren auziaz, 1960 eta 1970eko hamarkadako gerrillez, edota narkotrafikoaren historiaz, besteak beste. Gai guztiak inguruko errealitatetik hartuak dira, inguruko gizartearen isla. Pardo: «Mexikon gizarte desberdintasun handiak daude, eta indarkeria gailentzen da toki askotan; gezurrez betetako herrialdea da, baina, aldi berean, itxaropen eta alaitasun handikoa. Gizarte horren parte gara gu, eta egunero bizi dugu bi eredu horien talka».
«Normaltasun osoz» ekin zioten modu horretako arte eszenikoa sortzeari. Aitortu dute, nolanahi ere, modu «sinple» batean hasi zena agian «muturrera» iritsi dela. «Badakigu antzerkian errealitateaz hitz egitea ez dela ulertzen erraza askorentzat, historikoki fikzioa antzeztu izan baita eremu horretan», erantsi du Rodriguezek. Baina antzezpen unetik harago zabaldu nahi dituzte sortutako piezak. Horregatik, askotariko formatutan plazaratu dituzte obrak: esaterako, liburuak argitaratu dituzte, eta irrati saioak grabatu ere bai. «Uste dugu gure lanak gogoetarako tresna izan daitezkeela. Uste dugu garrantzitsua dela gure lanak antzerki alternatibo, esperimental eta sozialaren markotik at ere zabaldu eta ezagutaraztea», dio Pardok.
Demokraziaz gogoetan
Mexikarrek hiru proiektu aurkeztuko dituzte Proklaman; Venganza de lo realdu izena horietako batek. Bederatzi egunetan beste hainbat aktorerekin batera egin duten laborategi lan bat da. Iruñean hasi zuten, Ikuspuntu jaialdiaren barruan, eta Azala sorkuntza espazioan eman diote jarraipena beste hiru egunez; Artiumen amaituko dute ostiralean. «Laborategian parte hartu duen aktore bakoitzak banakako proiektu eszeniko bat burutzeko ideiak aurkeztu ditu, eta modu kolektibo batean dramaturgikoki landu ditugu ondoren. Guk aholkuak eman dizkiegu proiektu horiek garatu ahal izateko», azaldu du Pardok. Amaitu gabeko lanak dira gehienak, baina izan duten bilakaera erakutsiko dute Artiumen.
Veracruz eta Tijuana piezak, aldiz, Luisa Pardoren eta Gabino Rodriguezen obra pertsonalak dira. Konpainia mexikarrak duela hiru urte abiatutako proiektuaren bigarren atalak dira. DemokraziaMexikon 1965-2015 izeneko obrak demokrazia ezarri osteko etorkizuneko Mexiko nolakoa izango zen hausnartzen duen argitalpen bat du oinarri, eta, hain zuzen, demokrazia ezarri zela mende erdi igarota, lanaren helburua da errepublikako estatu bakoitzaren arazo isilarazia hurbiletik erakustea.
«Argitalpenaren eta errealitatearen arteko kontrastea egiten du pieza bakoitzak», adierazi du Rodriguezek. «Veracruz adierazpen askatasunari buruzko obra bat da, eta. aldi berean, kazetari gehien hiltzen duten Mexikoko estatua. Tijuana, berriz, 3,5 euroko gutxieneko soldata duen langile bati buruzko esperimentazio lana», zehaztu du Pardok.
Galdera askoren erantzunak bilatzeko balio izan die antzerkiak, eta baita ikusleari beste hainbat sortzeko ere. Hori bera egitea espero dute Gasteizen. «Baina guretzako garrantzitsuena ez da istorio humanoei buruz hitz egitea, edota publikoarekin lotura bat sortzea, baizik erakustea antzerkia egin daitekeela gai jakin batzuk jorratuz ».
Pentsalariak agertokian
Lagartijas Tiradas Al Sol Mexikoko kolektiboa Proklama lantegi eta topaketetan ari da parte hartzen egunotan. Artiumen erakutsiko ditu bere antzezlanak larunbata bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu