Donostian opera denboraldia sortzeko asmoarekin jaio da Opus Lirica taldea. Ainhoa Garmendia (Legorreta, 1974) sopranoa da taldeko zuzendari artistikoa, eta,zailtasun guztien gainetik, ilusio handiarekin muntatu du Gaetano Donizettiren L'elisir d'amore opera. Obra alai eta dibertigarria aukeratu dute, adin eta mota guztietako ikusleentzakoa. Donizettiren obrarik ezagunenetakoa da; 1832an estreinatu zen, eta amodio istorio komikoa kontatzen du; hangoa da Una furtiva lágrima aria ospetsua, esate baterako. Eszenografiak eta janzkerak 50eko hamarkadako estetika ekarriko dute gogora, rockabilly, pin up neskak eta «Grease filmeko estiloarekin». Garmendiak Adina protagonistarena egingo du, Carlos Chausson (Dulcamara), Piero Terranova (Belcore), Ruth Iniesta (Giannetta) eta Gustavo de Genaro (Nemorino) bakarlariekin batera. Bihar estreinatuko dute obra, Donostiako Kursaal auditoriumean, 20:00etan, eta datorren astelehenean bigarren emanaldia eskainiko dute, ordu berean.
Taldeko estreinaldia duzue bihar. Urduritasuna nabari al da?
Gezurra badirudi ere, lasai nago. Egia da azken asteko lan guztiarekin estres apur bat daukadala, baina ez nago urduri. Ez zentzu negatiboan, behintzat. Nerbio gutxi batzuk beharrezkoak dira kontzertu bat eskaini aurretik, baina, artistikoki gauzak ezin hobeto doazenez, ez dut kezkatzeko beharrik izan. Azken finean, alde artistikoak funtzionatzen badu, entseguak aurrera badoaz eta dena bere lekuan badago, lasai egoteko arrazoia daukagu, hori baita garrantzitsuena.
Apustu ausarta egin duzue, Donostiara opera ekarrita. Zergatik hasi zarete L'elisir d'amore-rekin?
L'elisir d'amore opera dibertigarria eta oso entretenigarria da, ikusteko erraza. Hortaz, proiektua hasteko obrarik egokiena zela iruditu zitzaigun. Zoragarria da aurretik operara etorri ez direnentzat, gazte jendearentzat eta, oro har, ondo pasatzeko gogoarekin dagoen edozeinentzat. Komedia fina da, estetika erakargarriarekin egina.
50eko hamarkadako estetika erabili duzue. Zergatik?
Muntatze alaia eta argitsua egin nahi izan dugu, oso koloretsua. Grease pelikularen antzeko estetika landu dugu, janzkera eta orrazkerak rockabilly eta pin up estiloetakoak dira. Oso ondo doakio estetika hori opera honi, dibertigarria eta freskoa bihurtzen baitu. Gainera, taula gainean gazte jende asko egongo da, eta, beraz, ezin hobeto datorkigu garai horretako estetika.
Den-dena hutsetik hasi duzue; Opus Lirica orkestra eta koroa sortu dituzue, besteak beste. Nondik datoz taldeko gainerako lankideak?
Proiektua duela bi urte jaio zen. Helburu nagusia Donostiara kalitatezko opera denboraldi txukuna eta iraunkorra ekartzea da, eta, horretarako, lanean ibili gara. Opus Lirica sortu genuen lankide guztiok gara musikariak, eta horrek ezberdintzen gaitu, azken finean, denok ezagutzen dugulako zer den taula gainean aritzea. Hala, nirekin batera daude Andrea Albertin zuzendari artistiko eta musikala, Erlantz Fernandez orkestra zuzendaria eta tronpeta jotzailea, Haizea Muñoz abesbatza zuzendaria eta sopranoa, eta Ana Nebot harreman publikoetako arduradun eta sopranoa.
Zu zeu, Adina protagonistaren rola beteko duzu,eta, aldi berean, zuzendari artistiko lanak egingo dituzu. Zer moduzko esperientzia izan da taularen beste aldean aritzea?
Esperientzia ederra izan da, izugarri gustatu zait operabaten muntatzean parte hartzea. Ez da erraza, batez ere opera bat egitea izugarri gogorra delako, baina oso polita da halako ikuskizunaren ardurapean aritzea. Abeslari moduan ikuskizunaren bi aldeak ezagutzeko aukera izan dut.
Opera egitea ez da batere merkea. Zuek merke eskaini nahi dituzue sarrerak. Nola egiten da hori?
Ez da batere erraza, eta, azkenean, ezin izan ditugu nahi bezain merke jarri. Burua erabiliz gastatu dugu, baina gure langile guztiei ordaintzeko asmo irmoa izan dugu hasieratik. Opera garestia da, eta ezin da oparitu.
Eskainiko duzuen opera koprodukzioa da. Aurrerantzean ere hala egingo duzue lan?
Bai, oraingoan Aragoiko Opera Elkartearekin batera sortu dugu opera, eta bi ikuskizun eskainiko ditugu Zaragozan (Espainia). Ez dauka zentzurik autoprodukzioa egitea, opera bat egitea sekulako ahalegin ekonomiko eta artistikoa delako ondoren bakarrik bi emanaldi emateko. Horregatik, gure helburua da ahal bezainbeste zabaltzea, eta beste herrialdetako aretoekin parte hartzea. Kontzertura Espainiako hainbat aretotako arduradunak etorriko dira gure lana ikustera.
Hasieran, proiektua modu kolektiboan finantzatzen saiatu zineten. Zer gertatu zen?
Ez zen aurrera atera, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Instituzioek ere ez gaituzte batere lagundu, eta beraz, bakarrik gaude. Sarreren salmentarekin dirua berreskuratzea espero dugu, eta ea datorren urtean laguntzak iristen diren. Gobernuko kideak gonbidatu ditugu estreinaldira, eta hor ikusiko dute gure ikuskizuna kalitatezkoa dela.
Bilboko denboraldiak ez al du asetzen inguruko operazaletasuna?
Inolaz ere ez. Bilbo ordubetera dago, bai, baina Donostia ere hiriburua bada, eta merezi du kalitatezko opera denboraldia izatea. Ezin dut ulertu kultur hiriburua izango den hiriak operarik ez eskaintzea; erabat pentsaezina da. Hemen ere baditugu opera eskaintzeko aretoak, Kursaalak bere arazoak ditu, baina Viktoria Eugenia perfektua da opera mota batzuentzat.
Datorren urtean beste opera bat egiteko asmoa duzue; dagoeneko ba al dakizue zer eskainiko duzuen?
Oraindik dena airean daukagu, baina ari gara hitz egiten, eta aterako dira proiektuak. Opus Liricarekin batera, gustatuko litzaiguke hiriko orkestra eta abesbatzekin parte hartzea, esate baterako, EOSekin, eta baita Easo abesbatzarekin eta Donostiako Orfeoiarekin ere.
Ainhoa Garmendia. Opus Liricaren zuzendaria
«Pentsaezina da Donostia operarik gabeko kultur hiriburua izatea»
Ainhoa Garmendia sopranoak zuzendutako Opus Lirica taldeak 'L'elisir d'amore' opera estreinatuko du bihar, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu