Kritika-Dantza

Pelutxea

'Mont Ventoux' dantza ikuskizuna. MARIA ALPERI
'Mont Ventoux' dantza ikuskizuna. MARIA ALPERI
Agus Perez.
2024ko irailaren 10a
05:05
Entzun

'Mont Ventoux'

Konpainia: Kor’sia. Ideia eta zuzendaritza: Matia Russo eta Antonio de Rosa. Koreografia: Matia Russo eta Antonio de Rosa, dantzarien kolaborazioarekin. Dramaturgia: Agnes Lopez-Rio. Eszenografia: Amber Vandenhoeck, Matia Russo eta Antonio de Rosaren kolaborazioarekin. Jantziak: Luca Guarini, Aitor Goikoetxea eta Levi’sen kolaborazioarekin. Musika: Alejandro da Rocha. Abestia: Raquel Tort. Lekua: Marritzeko Gare du Midi. Eguna: Irailaren 8a.

 

Aurtengo Dantza Maitaldiaren lehen asteburuan Kor’sia konpainiak Miarritzeko Gare du Midin aurkeztu du Mont Ventoux (Mendi Haizetsu) lana. Katalunia, Espainia eta Italiako artistak batzen dituen kolektiboak Madrilen du egoitza, eta aukera honetarako, aitzakiatzat hartu du Petrarcak XIV. mendean Okzitaniako mendi hartara egin omen zuen igoera erdi fisiko erdi mistikoa.

Abiapuntu horretatik hasita, planetaren egoeraz eta oraingo zibilizazioaren hondamendiaz hitz egin digu esku-programak. Kristalezko lau ateko galeria batetik ikusi ditugu hasieran dantzariak, gu etxe dotore bateko egongelan bagina bezala, kanpoaldean gizaki etsiak eta paisaia desolatuak jaun eta jabe zirelarik musika inguratzaile eta futuristak inguratuta.

Bide horretatik, esan dezakegu hasierako lehen hamar minutuak alferrik galdu direla dantzarien eboluzio zentzugabeak tarteko. Argiztapenak ere denbora galtze horretan kolaboratu du denbora osoan bere gristasun hitsarekin, eta jantziek ez dute alaitasun handiagorik ekarri: hasiera batean emakumeak tixerta grisekin eta hankak agerian zebiltzan, eta hortik aurrera gizonek zein emakumeek jantzi dituzte praka bakeroak.

Une batetik aurrera, beirazko ateak atzealdean geratu dira, eta laranja koloreko foku baten pean giro kaletarra nagusitu da irudi laburreko segida etengabean, non binakako liskar arinak askotan irudikatu diren, gainontzeko dantzariek agertokia eskerretik eskumara behin eta berriro zeharkatzen zuten bitartean.

Bide horretatik, eta soinu-bandaren barietatea eta interesa gorabehera, gero eta zentzugabeagoa egin zaigu proposamena, eta gero eta agerikoagoa zen koreografoek beren ideien eskasia dantzarien inprobisazioekin konpentsatu nahi izan dutela. Hala ere, gutxienez bi pasarte eder eman dizkigute gure gozamenerako. Haietariko batean, dantzariek pausoak atzera eginez, besoak gorantz eta jauzi alai laburrekin edertu dute dantzaren diseinua, eta amaierako batean —zenbat luzatu duten guztia!— kontrargian dantzatu dute edertasun klasikoarekin, baina hor ere jasan dugu argi estroboskopikoen ondoeza.

Eta zer esan gero bitan eta xederik gabe agertu den eskuko eskaileraz? Zer esan urrezko armadurarekin azaldu eta hura erantzi ostean biluzik geratu den emakumearen irudiaz? Eta eszena bateko protagonista izan den pelutxe erraldoiaz?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.