Pello Leiñenak hartu du Eresbileko zuzendaritza, Jon Baguesen ondotik

1991tik izan da Leiñena Eresbileko lan taldearen parte. Digitalizazioa eta euskal musikaren ondarea zabaltzen segitzea jo ditu helburutzat

Pello Leiñena zuzendari berria, Ansorenaren irudia atzean duela. J. C. RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Errenteria
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Ez da jakin behar bakarrik euskal musikaz; jakin behar da zer den musikaren artxibo bat, eta zeintzuk diren gaur egun musikaren artxibo batek dauzkan erronkak. Digitalizazioan bete-betean sartzen ari garen honetan, erronka horiek berriak dira, konplexuak, eta hori oso ondo ezagutu behar da». Bada, hala egiten duen eta erronkei heldu ahalko dien pertsona Pello Leiñena (Donostia, 1965) izan daitekeela erabaki du «aho batez» Eresbileko patronatuak, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen esanetan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Andra Mari Abesbatzak osatzen dute patronatua, eta lauek azaldu diote babesa Leiñenari eta, era berean, esker ona Baguesi, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren gidaritzan egindako lanagatik. Muñoz: «Jose Luis Ansorenak sortu zuen, baina hasieratik egon zen Bagues harekin lanean. Urte hauetan guztietan eraman du eta dute Eresbil hasierako kimu hura Euskal Herriarentzat beharrezkoa den erakunde bat izatera, eta, gaur, ez dugu imajinatzen euskal kultura Eresbilen lanik gabe».

Lasai doala aipatu du Baguesek, elkartea «esku profesionaletan» utzita. Agur hitzak baino gehiago, esker hitzak izan ditu hark ere, «euskal musikaren ondarea hedatzen laguntzeko» ondoan izan dituzten erakunde zein askotariko elkarte eta norbanakoentzat.

1991tik Eresbileko kide

Duela 29 urte hasi zen Leiñena Eresbilen lanean, musika artxiboko teknikari moduan. Zuzendari kargura helduta,helburu nagusitzat digitalizazioa eta Musikaste aipatu ditu, euskal musikaren artxiboa osatuz joateaz gain, hura ezagutarazten jarraitzeko. Eresbilen bildumaren «balioa nabarmentzeko» lan egiteko asmoa agertu du, baita musika artxiboenzein dokumentuen kudeaketa sistemetan izandako «aldaketa sakonei» heltzekoa ere. «Memoria digital garrantzitsu bat sortzea ahalbidetuko du horrek, helburu izango duena gure egungo eta iraganeko errealitate musikala ezagutzea eta zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.