Pello Gutierrezen 'Zain' filmak lortu du Lekeitioko Urrezko Antzara

Euskal Zine Bilerak Miren Mujikaren 'Shell Phone' eta Igor Rezolaren 'Fabrika(k)' ere saritu ditu

Erredakzioa
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Telmo Esnalen Dantza filmaren emanaldiarekin hasi zuen, joan den larunbatean, Euskal Zine Bilerak 40+1. aldia —hala izendatu du jaialdiak aurtengoa—. Eta atzo eman zion amaiera, sari banaketa ekitaldiarekin. Pello Gutierrezek eraman zuen Lekeitioko (Bizkaia) zinema jaialdiko sari nagusia, Urrezko Antzara, Zain filmari esker. 1.900 euro ere eskuratu zituen zinemagileak. Zuzendaritza onenaren Zilarrezko Antzara, berriz, Miren Mujikarentzat izan zen, Shell Phone lanagatik. Eta gidoi onenaren Zilarrezko Antzara Igor Rezolak irabazi zuen, Fabrika(k) filmagatik. Bai Mujikak eta bai Rezolak bakoitzak 1.600 euro ere irabazi zituzten. Maider Oleagak, Itziar Ituñok, Mikel Zumetak eta Eider Eigurenek osatu dute epaimahaia, eta haien ardura izan da aurten lehian izan diren hogei film laburren artetik zeintzuk saritu erabakitzea.

Berritasunak izan ditu aurtengo jaialdiak, eta ikuslearen saria ematea izan da horietako bat. Eukeni Arriortua izan da irabazlea, Pastoreak lanarekin; Zilarrezko Antzara eta 750 euroko saria eraman zituen egileak. Loli Astorekak eta Aitor Abaroak aurkeztu zuten sari banaketa ekitaldia.

Iragan larunbatetik atzo arte, hamaika lan ikusteko eta dozenaka jardueratan parte hartzeko aukera izan da Lekeitioko jaialdian. Kameratoia egitasmoa izan zen joan den asteko protagonista, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean urtero antolatu ohi dena. Aste barruan, berriz, lehian parte hartu duten hogei lanen emanaldiak izan dira, baita Kimuak programaren hainbat lanenak ere. Hain zuzen, urteetan euskarazko filmak zabaltzen egin duen lanagatik, Kimuak egitasmoa Begirada sariarekin omendu du aurtengo Euskal Zine Bilerak.

Jaialdiak egin duen filosofia aldaketaren isla izan da aurtengoa. Lehiaketaz aparteko jarduerak indartzea helburutzat jarri zuten antolatzaileek. Eta orainari ez ezik, iraganari eta etorkizunari ere begiratzeko asmoa agertu zuten. Hiru atal estreinatuta —Branka, Ganbara eta Zerumuga— gauzatu dute asmo hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.