Pedro Jose Elizegi 1840an jaio zen, Asteasun (Gipuzkoa), eta 1919an hil. Bizialdi horretan, trenaren, industrializazioaren, zinematografoaren etorrera ikusi zituen. Baita gerrarena ere. Ez alferrik, Lehen Karlistaldia amaitu berri zen hura jaio zenean, eta bigarrenaren hasiera 31 urte lerdenekin ikusi zuen. 36 betetzeko zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak deuseztatu eta herrialdeotako gizon gazteak Espainiako koroaren esanetara soldadu joatera behartu zituztenean. Aita errotaria —eta joko zalea— zuen; errotari izan zen bera ere, Goiko-errotan, teknifikazioaren zilindroak eraldatu gabeko Asteasun. Bertsolaritzak indarra hartu zuen garai hartan. Eta bera ere bertsolari. Pello Errota goitizenez. Bertsoaren errotarriarekin hitzak eho zale. Juan Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar, Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx, Pedro Mari Otaño eta Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita eta beste hainbaten garaikidea izan zen, bertso ezagunok adierazten duten moduan: «Karidadeko bentan/ gu sei bertsolari,/ Errekalde zaharra ta/ Juan Jose Udarregi,/ Bernardo Zizurkilko/ Gazteluko Gorri,/ Errenterikua da/ Xenpelar jaun hori,/ ni Astiasukua,/ Pello Errotari».
Pello Errota, batez ere, bat-bateko jardunean, erantzun azkarrean egin zen ezaguna. Eta bertsoetan pasadizoak kontatzen. Honela azaldu zuen bere burua Donostian, 1885 inguruan: «Larru gorrian jaio nintzan da/ ez det aberastasunik,/ nigatik eztu inork esango/ kaballerua naizenik,/ gure Jainkuak gau eta egun/ ez dit palta osasunik,/ tamaina honetan naizen artian/ ez daukat estuasunik».
Ziria eta irria ohikoak zituen.Neurri txikiko egituran —zortziko txikian, hamarreko txikian eta bederatzi puntukoan— xehatzen zituen ondoen aleak, baserri giroko terminologia aberatsa erabiliz eta, aldiro, erdal hitzak beldurrik gabe txertatuz. Ameriketaraino eraman zuten bere bertsoek.
Eta Bilintxen maitasun gaietatik eta Xenpelarren eta Pedro Mari Otañoren gizarte eta politika kezketatik urrun baziren ere, errotariak ere jarri zituen bertsoak. Pello Errotaren alabari zor zaio hainbat bertsopaperen egiletza harena dela jakitea. Ez alferrik, idazkari lanak —bertsoak papereratzeko esan aitak, eta hark idatzi, alegia— egin zizkion aitari urte dezentez. Gehiago ere zor zaio Mikaela Elizegi Bengoetxeari (Asteasu, 1869 - Donostia, 1967), baina. Pello Errotaren berri, bereziki, haren alaba Mikaelaren memoriari esker jaso dutelako belaunaldi berriek. «Txikia zen (...). Beti alpargatekin ibiltzen zen», zioen.
Homero Elizegi
Mikaela Elizegiren Donostiako etxeko sukaldean magnetofonoa piztu, eta harekin izandako solasaldiei esker ondu zuen Auspoa editorialeko Antonio Zabalak Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatuta liburua, 1963an. Errotaren alabak 94 urte zituen lanak argia ikusi zuenean. Memoria kamustu gabeari eusten zion. Argitaratu eta berehala, bi ahots ezagunek txalotu zuten liburua jendaurrean: Gabriel Arestik eta Antton Valverdek. «Liburu hori nobela sariketa batera aurkeztuko balute eta ni epaimahaiko banintz, berari emango nioke saria», adierazi zuen Arestik; «XIX. mendeko Euskal Herria hortxe dago, pelikula batean bezala», Valverdek.
Halako loreak jaso zituen liburuaren meritua norena zen argi uzteko, «Mikaelari zor zaio oso-osorik», idatzi zuen hitzaurrean Antonio Zabalak. Elizegiren ekarpenaren neurria 1995ean eman zuen Zabalak berak, Asteasun, Pello Errotari buruz egin zuten mahai inguru batean. Anekdota bat ekarri zuen gogora: Alexandro Handiak inbidia agertu omen zuen behin Akiles heroiaren irudi baten aurrean, gudari ezagunaren ekintzak Homerok kontatu eta zabaldu zituelako eta berak halakorik izango ez zuelako. Zabalaren ustez, bertsolari zaharretan bi izan dira «Homero umil baina jakintsu eta eraginkor bana» izan dutenak, eta beren bertso, ateraldi, argibide eta gertaerak kontatu dituztenak: Txirrita eta Pello Errota. «Txirritak bere iloba Jose Ramon Erauskin Lujanbio zena izan zuen, eta Pello Errotak, bere alaba Mikaela».
Mahai inguru berean, gerora ere errepikatu izan duena esan zuen Bernardo Atxaga idazleak: Euskal Herriko eskola guztietan irakurrarazi behar litzaiekeela Pello Errotari buruzko liburu hori14 urteko ikasleei, «gaur egun sumatu ere egiten ez dugun mundu bati buruz» hitz egiten duelako.
2016an Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatuta liburuari egin zitzaion bigarren berredizioan —1992koa da lehendabizikoa—, hitzaurrean, hurbilekoen heriotzaren aurrean Mikaela Elizegik esandakoen balio poetikoa goratu zuen Atxagak: «Halako inpresioa egin zidaten liburuko pasarte horiek, non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan. Hainbatek jakingo duenez, Bi anai liburuaren hasieran hitzez hitz aipatu nituen pasarte horien hainbat lerro».
Mikaela Elizegik kontatutako aitaren bizipenak mundu zaharreko atearen hamaika maratila irekitzekoak zirelako. Errotari-bertsolari bizimoduaz, esaterako, honako hau zioen: «Ekartzen zuten gari- eta arto-lakekin bizi behar gu denok. Familia handia ginan eta, orain adina fantasia gabe hazi ginen, bai! Gure aita gizarajoak ez zion bere buruari asko barkatu. Ahal zuen modu guztietara saiatu beharra izan zuen, gu denontzat lortuko bazuen. Horregatik, bertsotara joan eta dirua ekartzen zuenean, pozak gu denak». Gerrate karlistaz: «Gerrate hartan errespetu gutxi zegoen. Baserrietatik txekorrak hartu eta eramaten zituzten. Emakumeak kutxen barrenean ezkutatzen ziren soldaduen beldurrez». Aita 1895ean Ameriketara abiatu zenekoaz: «Goiko atetik, alegia mandioko atetik, atera zen. Txamarra nik ekarri nion janzteko. Eta nik tira eta hark tira gelditu ginen puska batean. Goiko leihotik begira, berriz, gure ama. Hura ere negarrez». Fonda de Buena Sopa, Buenos Aires, Tandil. Hara bidaltzen zizkioten gutunak etxekoek eta lagunek. Hamar hilabeteren buruan bueltan zen Goiko-errotan. Eta Errotaren bertso emariak bere bidetik segitu zuen.
«Azkenerako halako dar-dar-dar bat jarri zitzaion gure aitari. Eskuak beti dar-dar, ezin gelditurik (...). Zahar planta artean hirurogeita hamazazpi bat urte besterik ez zituela hartu zuen». Hirurogeita hamazortzirekin hil zen, bihar dira ehun urte.
Pello Errota bertso errekan
Bihar beteko dira ehun urte Pedro Jose Elizegi 'Pello Errota' bertsolaria hil zela. Mundu zaharraren eta berriaren arteko talkaren lekuko zuzen izan zen. Hamaika plaza korritutako bertsolaria izan zen, eta pasadizo kontalari gisa nabarmendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu