1968an Fernando Larrukert eta Nestor Basterretxea artistek Ama Lur pelikula mitikoa egin zuten, askorentzat euskalduntasun garaikidearen irudikapen fundazionala izan dena. Ordutik asko idatzi eta hitz egin da pieza honen inguruan eta, akaso, hori da bere meriturik azpimarragarriena, baduela oraindik batzuen pasioak konbokatzeko ahalmena. Galzorian zegoen kopia originala Euskadiko Filmategiko sotoetan, zeinek errestauratu zain, eta 2007an EKHE elkartearen ekimenez digitalizatu egin zen, eta salgai jarri DVD formatuan.
Esan bezala, Ama Lur izango da ziur asko euskal ekoizpen zinematografikoen artean analisi gehien bildu duen lana —horrek ez du esan nahi nahikoa direnik—: bada artikulu akademiko sorta bat, liburu monografiko bat baino gehiago, eta antolatu dira konferentziak eta zinema-programazioak haren inguruan. Alabaina, badira oraindik egiteke dauden galderak film honen inguruan; galdera erretorikoei buruz ari naiz jakina, erantzun konkretuak bilatu baino gehiago orainaldiaz pentsatzeko baliagarriak izan daitezkeenak.
Auzi zinematografikoei eta ekoizpen baldintzei buruz ikertu izan da maiz. Badakigu zuzendariak bi urtetan euskal lurretan barrena ibili zirela filmaketan halako road movie batean bezala. Badakigu ere euren obsesioa izan zela filmaren narrazioa eta muntaketa euskal lengoaia estetikoak eduki zezakeen formaren araberakoa izan zedin, eta horregatik editatu zutela filma bera bertsolaritzaren arauen arabera, amaieratik hasita hasieraraino. Badakigu zentsuraren inpaktua handia izan zela, zentsuraren ordezkariei erakutsi behar izaten zietela errodatutako bobina bakoitza, eta kalbarioa izan zela horrekin guztiarekin toreatzea.
Azken honen harira, Basterretxeak onartu zuen urte batzuk geroago, Euskal Telebistari eskainitako elkarrizketa batean, agian doinu triunfalistegia erabili zutela filmean, eta gerora bestelako film bat egingo zutela, lurtarragoa akaso. Halere, garaiak hala eskatzen zuela adierazi zuen, frankismoaren logikan bete-betean egonda beharrezkoa zela euskalduntasuna aldarrikatzea, eta hori guztia egitea nolabait sublimatuz euskalduntasunaren jatorri historiko zein mistikoa.
Alabaina, gaur egun zer-nolako filma egingo zuketen galdetzea ez dirudi oso interesgarria; izan ere, pelikula bakoitzaren potentzia horixe baita, unearen beraren logikek zeharkaturik dagoela eta horrek egiten duela artelan bat interesgarria, bizia, galdekagarria. Hortaz, galderak egin ahal dizkiogu filmari berari —kontuan harturik testuingurua-ekoizpena-garaiko kezka estetiko zein politikoak—? Galdetu ahal diogu filmari: errepresentagarria al da herri bat irudi bidez? Georges Didi-Hubermanek esaten du herri orok duela bere burua ordezkatzeko betebeharra, baina aldi berean, ariketa hutsala dela, frustragarria, izan ere, komunitate baten osotasuna irudikaezina baita: beti geratuko da zerbait edo norbait kanpoan. Ama Lur-ek galdera hori bera egiten digu: zer geratu zen bere irudikapenetik kanpo? Zergatik? Eta zer dela eta 2007an filma berrargitaratu zenean ez zen apenas egon filmaren berrirakurketa kritikorik?
Galdetu ahal diogu filmari: zergatik ehun minutu inguru irauten duen metrajean apenas agertzen den dozena-erdi bat emakume? Zeintzuk dira omisio horren inplikazioak gerora gauzatu den euskalduntasunaren iruditegi mitikoan? Bestelako galderak ere egin ahal zaizkio filmari. Nola filmatzen da eskultura bat? Edota, kontuan harturik garai hartan pentsatzen zela identitatea definitzeko beharrezkoa zela arte-abangoardien lengoaia erabiltzea, zer gertatu da ondorenera arteak subjektibitatea eta esangura kolektiboa sortzeko duen ahalmenaren aitortzarekin? Filmean ageri den kutsu kolonialaz, beste hainbeste: Juan de la Cosa, Elkano eta enparauek duten errelebantziaz bada irakurketaren bat egiterik?
Galdetu ahal diogu filmari: zergatik ehun minutu inguru irauten duen metrajean apenas agertzen den dozena-erdi bat emakume? Zeintzuk dira omisio horren inplikazioak gerora gauzatu den euskalduntasunaren iruditegi mitikoan?
Ama Lur filma izugarria da, dokumentu errepikaezin bat, zinematografikoki erradikala, jendearen bultzadarekin egindakoa, baina, gure orainalditik luzatu ahal dizkiogu galderak filmari sentitu gabe traizioaren susmoa? Pentsa dezakegu galderok egitea ez dela kontu errebantxista bat, eta erantzukizun-keinu gisa uler daitekeela hori, irudiak sortzeko dugun moduaz itauntzen baitute galderek. Are eta gehiago, pentsa genezake zuzendariek gustuz hartuko luketela —edo interesez bederen— gaurko belaunaldien irakurketak zeren eta badira nor komunitate horren baitan eta badute zer esanik? Ama Lur-en inguruan asko hausnartu dela pentsatzen bada ere, agian bere ahalmena horixe baita, galderarik behinenak egiteke daudela oraindik.
'AMA LUR'
Zuzendariak: Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert. Urtea: 1968. Iraupena: 103 minutu.