Peiremansen esnaldia

Bost kantako diskoa kaleratu du Peiremans taldeak, eta hiru kontzertuko bira egingo dute.Zuzenekoen ostean «lozorrora» itzultzea da asmoa

Peiremans taldeko Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Hori da musika talde bati gertatzen ahal zaion onena: zu desagertu eta zure kantek bidea egiten jarraitzea». Lagunartean hizketan ari zirela bakoitzak bere taldearekin etenalditxo bat zuela ohartzean erabaki zuten Peiremans taldea sortzea 2005ean Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean) Txikik (Kashbad) eta Marino Goñik (Balerdi Balerdi). Bost kantako diskoa grabatu, kontzertu gutxi batzuk eskaini, eta utzi egin zuten taldea orduan. Taldea «lozorroan» gelditu zen, Urbizuk zehaztu duenez, baina kantek jarraitu zuten bueltaka. Iaz taldearen 10. urteurrena zela eta itzultzea erabaki, ordea, eta zazpi kontzertu eman zituzten, eta diskoa kaleratu dute orain saio haietarako sortutako bost kanta berrirekin: Bigarren saria (Autoekoizpena). Oraingoan ere diskoa aurkezteko hiru kontzertu egin, eta berrizlozorrora bueltatzea da asmoa. Martxoaren 19an Durangon emango duten kontzertuaren ostean, zehazki.

Bost kanta 2005eko diskoan, eta bost kanta 2016koan ere. Urbizuk eman du azalpena: «Lehen EParen kalko moduko bat da, edo hari emandako erantzun moduko bat. Disko honetan ere bost kanta daude, hiru neronek egindakoak, eta beste bi Imanolek [Ubedak] egindakoak». Bi txandatan egin dituzte grabazioak, baina guztiak egin dituzte Bonberenea estudioan Karlos Osinaga Txap teknikariaren laguntzarekin. Iazko zazpi kontzertuko biraren aurretik ezagutarazi zituzten sarean hiru abesti, eta kontzertuen ostean grabatu dituzte beste biak. Bostak elkarrekin formatu fisikoan kaleratzea erabaki dute orain, eta horregatik diskoa. Bereziki zaindu dute gainera diseinua Gorka Gondra diseinatzailearen lanarekin, eta broma egin du Urbizuk horrekin. «Hori esan digu lagun batek, hamar urtean behin disko bakarra atera behar badugu, hobe dugula disko txukun bat ateratzea».

Taldearen ildoan doaz kanta berriak: pop doinuko melodiak eta rock gitarrak. Antzera, bai, baina ez berdin, Urbizuren hitzetan. «Musikan egindako hamar urteko ibilbidearen ostean pentsatu nahi dugu zer edo zer ikasi dugula guk eta Txap-ek ere, eta, ekoizpen aldetik, lehen lan hura baino osoagoa dela esango nuke».

Hitzetan ere aurreko lanarekin landutako ildoa mantendu dutela dio Ubedak. «Badaude letra batzuk ironikoak eta jostariak izan daitezkeenak, eta gero badaude beste sakontasun bat dutenak». Ironikoen artean sailkatu ditu Radiomaria, Orain eta Zortziak bat, esaterako, eta sakonagoen edo ukitu sozial argiagoa dutenen artean Bemidji eta Zutik iraun.

«Justizia txiki handia»

Euskal Herrian pop musikarekiko harrerak hobera egin duela dio Ubedak. «Lehen ere talde handiak zeuden pop musika egiten, baina egia da oso bazterrean zeudela. Guretzat, Balerdi Balerdi izan da talde bat beti miretsi izan duguna, eta ohore bat da Marino [Goñi Balerdi Balerdiko baxu jotzailea] gurekin egotea taldean. Oso gauza polita da hori. Balerdi Balerdi utzi zuen, zuzeneko musika ere utzi zuen, eta berriro ere oholtzara itzultzea Peiremansekin eta horrelako berotasuna sentitzea, iruditzen zait justizia txiki handi bat egin dela berarekin. Agian, garai honetan aurreiritzi gutxiago ditugu».

Publikoaren berotasunak sortu du taldearen bigarren diskoa ere, Ubedaren hitzetan. Iazko kontzertuek izandako harrera aipatu du, behintzat, diskoa grabatzera animatzeko arrazoien artean. Urbizuk onartu duenez, beren zaleek bizi mantendu dituzte gogoan kanta zaharrak hamar urtez, baina iazko birarako kanta haiek kasik hutsetik ikastea tokatu zitzaien musikariei. Bost kanta zaharrekin nahikoa errepertorio ez zutela pentsatu, gainera, eta horregatik sortu zituzten beste bost.

Hurrengo lozorroa zenbat urtekoa izango den galdetu, eta erantzun borobilik ez Peiremans taldekoek. «Luzapena da hau, eta penaltirik ez da egongo oraingoz. Durangoko Plateruenako kontzertua diskoaren aurkezpena izango da, eta pixka bat despedida kontzertua ere bai».

Salgai daude kontzertuetarako sarrerak, eta, oraingoz, Berri Txarrak taldearen webgunean (www.berritxarrak.net) eta zuzeneko saioetan soilik salduko dituzte CDak.

KONTZERTUAK

Madril. Martxoaren 17an, Moby Dick aretoan.

Bartzelona. Martxoaren 18an, Apolo aretoan.

Durango. Martxoaren 19an, Plateruenan, Ekiza taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.