Peio Gutierrezen 'Abuztua' lanak irabazi du filmik onenaren saria Lekeition

Euskal Zine Bilerako zuzendaririk onenaren saria, berriz, Camachok eskuratu du; 52 film lehiatu dira guztira

36. Euskal Zine Bilerako saritu guztiak, atzo, Lekeition. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Uda batez, arratsaldero-arratsaldero amona zaindu behar du Julenek. Amona ezin da mugitu, eta hasieran Julenek axolagabeki zaintzen badu ere, aurki interesa piztuko zaio gurpil aulkian duen amonarekiko. Istorio horixe kontatzen du Abuztua filmak. Peio Gutierrezena da lana, eta 52 filmen artean gailendu da, Lekeitioko 36. Euskal Zine Bilerako film onenaren saria irabazi baitu, bai eta sariak dakarren zilarrezko antzara ere. Zuzendaririk onena, berriz, Kote Camacho izan dela erabaki dute epaileek, Elkartea lanari esker.

Antolatzaileek adierazi dutenez, inoizko ediziorik arrakastatsuena izan da aurtengoa, euskaraz eginiko 54 lan erakutsi baitituzte egunotan. Horietatik 52 aritu dira lehian —hemeretzi profesionalek egindakoak, eta 24, berriz, amateurrek sortuak—. Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan banatu zituzten sariak, bart, lehenengoz hasiera eta amaiera ekitaldiak izan baititu euskarazko zinema jaialdiak.

Profesionalen artean, Izibene Oñederrak eskuratu du ekoizpen saria, Hotzanak, for Your Own Safety lanarekin; Asier Altunak, berriz, gidoirik onenaren saria lortu du Zela Trovke-ri esker; eta Koldo Almandozek, Deus et machina filmarekin, argazkirik onenaren saria irabazi du. Oihan Vitoriak lortu du amateur mailan filmik onenaren saria, Etxeuts-i esker.

Ondoko hauek aritu dira epaile lanetan: Mireia Gabilondo aktore eta zinemagilea, Imanol Rayo zinemagilea, Patxo Telleria antzerkigile eta zinemagilea, Jabi Elortegi errealizadore eta zinema zuzendaria, Arantza Lauzirika artista eta EHUko irakaslea eta Natxo Rodriguez Arkaute artista eta EHUko irakaslea.

Euskara bultzatzeko xedez

Hogeita hamasei edizio bete ditu Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Franco hil eta gero, euskara bultzatzeko eta euskal zinemagileak batuko zituen plaza bat sortzeko asmoz hasi ziren euskara hutsezko zinema jaialdia egiten, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, helburu berari eutsita segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.