Artea

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzea saria

Naturaren interpretazioan oinarritutako obra piktoriko zabala osatu izana nabarmendu du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Sofia Esparza sopranoak jasoko du.

Pedro Salaberri margolaria, artxiboko irudi batean, 2018an. IñAKI PORTO / EFE
itziar ugarte irizar
2022ko maiatzaren 20a
13:54
Entzun

«Paisaiaren espresioa eta giza natura interpretatzeko estetika partikular bat, hamaika erakusketatan milaka lagunek miretsi dutena». Horixe azpimarratu du Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroletako kontseilariak 2022ko Vianako Printzea saridunaren izena iragartzerakoan. Pedro Salaberria «estilo definitu eta ezaguterrazenetakoa duen autore nafarretako bat» dela goretsi du, eta natura oinarri hartuta ondu duen margolari ibilbide sendoa ekarri du gogora. «Naturaren interpretazioari lotutako obra oparoa garatu du, paisaia eta gizakia behatuz bere margoetan, eta hori eguneroko bizitza duintzeko baliatuz», gehitu du. Ekainaren 18an egingo dute sari emate ekitaldia, Zangozan, eta Maria Txibite Nafarroako presidentearen eskutik jasoko du aitortza margolariak.

15 urterekin hasi zen lanean arkitektura estudio batean Salaberri (Iruñea, 1947). Arte eta Ofizioen Eskolan osatu zituen marrazketa eta pintura ikasketak, eta 1972ko Iruñeko Topaketetan ere hartu zuen parte. Caja Navarran jarri zuen lehen erakusketa urtebetera, eta, harrezkeroztik, hirurogei erakusketa indibidual baino gehiagotan eta beste hainbat kolektibotan erakutsi du bere lana. Antzerkia ere gertuko diziplina izan du artistak, eta eszenografiari loturiko lanetan ere jardundakoa da, baita antzezlanetarako kartelak eta disko eta liburuetarako azalak ondutakoa ere. Vianako Printzea sariarekin aitortuko diote orain lan hori guztia, baina aurretik ere jaso ditu beste zenbait sari; tartean, Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, 1984an.

Iaz berreskuratutako kopuruari eutsita, 20.000 euro jasoko ditu sarituak. Harekin batera, hautagaien artean egon dira aurten Enrique Villareal El Drogas, Jose Luis Lizarraga konpositorea eta Josu Imanol Delgado ekonomialaria.

Lirikara azkenean

Nafarroako artearen eta kulturaren esparruan gazteen lana ere ikusgarri egin asmoz, Arte Talentua Sustatzeko saria ere banatuko dute aurten, hirugarrenez: Sofia Esparza (Iruñea, 1994) opera abeslari eta sopranoak jasoko du. Kasu honetan, haren musika formazio sakona eta erakutsi duen erregistro ugaritasuna nabarmendu ditu epaimahaiak, opera eta zarzueletan interprete bezala zein bakarkako eta ganbera formatuko kontzertuetan soprano modura egin duen lana. 10.000 euro jasoko ditu.

Saria jasotzeko hautagaien artean zeuden Massil Allache, Saioa Belarra, Riart Company, Sergio Eslava, Itxaso Loinaz, Chill Mafia, Nahikari Oloriz, Edurne Pena, Andres J. Sanz, Pablo Sanchez, Taupadak eta Yago Vaillo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.