Zinema

Pedro Costak egonaldi bat egingo du Elias Kerejeta Zine Eskolan

Zinemagile portugaldarrak bere lan metodologian sakonduko du sorkuntzaren arloko ikasleekin. Ekainaren 3an, Sicilia! eta Où gît votre sourire enfoui? filmen emanaldi bat aurkeztuko du Tabakaleran.

Pedro Costa zinemagilea. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Andoni Imaz
2023ko maiatzaren 23a
12:52
Entzun

Pedro Costa zinemagilea Donostian izango da datorren astean, Cannesko Zinemalditik itzuli berritan —As filhas do fogo laburra aurkeztu du emanaldi berezien sailean—, Elias Kerejeta Zine Eskolaren Zinemagileak egoitzan programan parte hartzeko. Programak zinemagile gonbidatuen proiektuak babesten ditu, eta, gainera, zinemagile horiek beren sormen prozesuaren berri ematen diete eskolako ikasleei. «Egonaldiaren helburua da eztabaidarako espazio bat irekitzea, eta praktika eta esperimentazio zinematografikoko proiektu bat sortzea ikasleekin», eskolak ohar batean azaldu duenez.

Costak ibilbide oparoa egin du 1989an O sangue, bere opera prima, Veneziako Zinemaldian estreinatu zuenetik. Casa de lava, bigarren lan luzea, Cabo Verden filmatu zuen. Ordutik, Portugalen kolonia izandako herrialde horrek toki nabarmena izan du haren zineman: hango migratzaileek gorpuztu izan dituzte beren bizipenetatik abiaturiko kontakizunak. Horren erakusgarri dira No quarto da Vanda (2000), Juventude em marcha (2006), Cavalo Dinheiro (2014) eta Vitalina Varela (2019) filmak. Azken horrek Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen Locarnoko Zinemaldian.

Maiatzaren 29an hasiko da Costak zinema eskolan egingo duen egonaldia. «Sorkuntza zinematografikoari buruz duen ikuspegiaren eta konstantzian eta zorroztasunean oinarritutako metodoaren» berri emango die sorkuntzaren taldeko ikasleei, eskolaren esanetan. «Film bat osatzen duten materialak aztertzeko eta ekoizteko bitartekoei buruz duen kezka eta errealitatea irudikatzeko konpromiso sendoa ere landuko dira saioetan».

Aurreko ikasturtean, Radu Jude zinemagilea izan zen Elias Kerejeta Zine Eskolan. Haren egonaldiaz aritu zen BERRIAn: «Kontserbatorioetan egunero jotzen dute biolina, arte eskoletan egunero margotzen da, baina zinema eskoletan ez da egunero filmatzen. Zergatik ez?».

Hurrengo egonaldian zein joango den ere jakinarazi dute: Rita Azevedo Gomes, azaroan. Oraintxe zinemetan dago haren lanik berriena, O trio em mi bemol, eta film hauek ere egin ditu, besteak beste: Frágil como o mundo (2002), A vingança de uma mulher (2012), Correspondências (2016) eta A portuguesa (2018).

Costaren emanaldiak

Ekainean, Zinemaldia + Plus programaren barruan, Donostiako Zinemaldiak saio bat eskainiko dio Costari. Zinemagileak bi film aukeratu ditu: Sicilia! (Daniele Huillet, Jean-Marie Straub, 1999) eta Où gît votre sourire enfoui? (Costa, Thierry Lounas, 2001), zinemagileak berak Huilleten eta Strauben filmaren muntatze prozesura egindako hurbilketa, eta bikoteari eginiko omenaldia. Saioa ekainaren 3an egingo dute, Tabakaleran, eta Costak berak aurkeztuko du.

Bestalde, Costaren O sangue filma pantailaratuko dute Tabakaleran ekainaren 8an; orain dela gutxi zaharberritu dute, zinemagileak gainbegiratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.