Jakina zen Cate Blanchett aktore eta ekoizleak (Ivanhoe, Australia, 1969) jaialdiaren aitortza nagusietako bat jasoko duela Donostiako 72. Zinemaldian —hura ageri da, halaber, aurtengo kartel ofizialean—. Baina protagonista gehiago izango ditu jaialdiak: Pedro Almodovar zuzendari, gidoigile eta ekoizleak (Calzada de Calatrava, Espainia, 1949) jasoko du bigarren Donostia saria. Saria banatzeko ekitaldian zinemagilearen azken lana proiektatuko dute, La habitación de al lado (2024), Kursaal auditoriumean. Almodovarren ingelesezko lehen filma da, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista, eta Veneziako 81. Zinema Jaialdian lehiatuko da, Urrezko Lehoia eskuratzeko. Hain zuzen, Swintonek emango dio saria zuzendariari, irailaren 26an.
Zinemaldiak Almodovarren «talentu artistikoa eta berezko estilo bisuala» azpimarratu ditu, arte zuzendaritzan eta soinu bandan ikus daitekeena, esaterako. Jaialdiaren arabera, emakumezko pertsonaien idazketagatik «gailentzen» da zinemagilearen lana, baita gai sozialak lantzeagatik ere —horien artean dira LGTBI komunitatea, erlijioa, sexua, adikzioak, memoria historikoa...—. Zinemagilearen filmografiari erreparatuta, gerren eta ultraeskuineko diskurtsoen aurka egin du behin baino gehiagotan.
Almodovarrek ibilbide oparoa du zinemagintzan: hamar film labur baino gehiago ondu ditu —horien artean dira La voz humana (2020), Veneziako Zinemaldian estreinatu zena, eta Extraña forma de vida (2023), lehen aldiz Cannesen proiektatua—, eta ia 30 film luze. Oro har, kritikak begi onez ikusi izan ditu haren lanak, gutxienez 170 sari eskuratu baititu, baita berrehun izendapenetik gora lortu ere. Besteak beste, bi Oscar sari irabaziak ditu, bi Urrezko Globo, bost Bafta, lau Cesar, bost Goya, bi David di Donatello eta Europako Zinema Akademiaren zazpi garaikur.
28. Zinemaldian hasi zen dena
1980az geroztik, sarritan izan da Almodovar Donostiako Zinemaldian. Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón film luzearekin egin zuen debuta zuzendariak, Errealizadore Berriak sailean —24 urte geroago, Incorrect@s atzera begirakoan berreskuratu zuten lana—. 1982an Laberinto de pasiones pelikula Sail Ofizialean lehiatu zen. Beste behin itzuli zen sail horretara zuzendaria, 1995ean, La flor de mi secreto filmarekin —lehiaz kanpo eman zuten—. Urte horretan bertan, Ezustekoen bazarra atzera begirakoak Trailer para los amantes de lo prohibido (1985) haren film laburra berreskuratu zuen.
Harrezkero, zinemagilearen film ugari bildu izan dira Zinemaldiaren Made in Spain sailean: Carne trémula (1998), Todo sobre mi madre (1999) —Fipresci sari nagusia jaso zuena Donostiako jaialdian—, Hable con ella (2002), La mala educación (2004), —Cannesko jaialdia ireki zuena—, Volver (2006) —hura ere Fipresci sari nagusiaren irabazlea Zinemaldian—, Los abrazos rotos (2009), Los amantes pasajeros (2013), Julieta (2016) eta Dolor y gloria (2019) dira horietako batzuk.
Donostiako Zinemaldiaren artxiboko argazkietan ikus daitezke aipatutako pasarteen zenbait irudi. Esaterako, argazki horietako batean zinemagilea jaialdian izan zen lehen aldian ageri da, Blanca Sanchezek eta Alaskak besotik heltzen diotela; Luci, Bom y otras chicas del montón filmaren proiekzioa baimentzen duen dokumentua ere ikus daiteke. 1982ko beste irudi batean,Viktoria Eugenia antzokira sartzen ageri da Almodovar, Marta Fernandez Muro eta Cecilia Roth aktoreekin batera. Zinemaldiak 1993ko beste argazki bat nabarmendu du, Almodovarren gaua izeneko omenaldiaren parte baita. Zabaltegi-Tabakalera sailak berreskuratu egin zuen zirkuitu komertzialetik at zinemagileak egindako lehen filma: Folle, folle, fólleme, Tim (1978). Era berean, garai hartan postprodukzio fasean zegoen Kika (1993) filmaren zenbait zati ere proiektatu zituzten.
Zuzendari gisa ez ezik, ekoizle modura ere parte hartu du Zinemaldian. Agustin anaiarekin batera sortu zuen El Deseo ekoiztetxea 1986an, eta, bere proiektuak ekoizteaz gain, Horizontes Latinos eta Perlak sailetan hautatuko pelikulak ere babestu izan ditu. Esaterako, aurten Horizontes Latinos sailean lehiatuko da lan bat ekoitzi du: Salvador del Solarren Ramón y Ramón.
Aitortza ugari bere ibilbidean
Nazioarteko zinemaldi nagusietan saritua izateaz gain, bere ibilbidean beste hainbat aitorpen ere jaso ditu Almodovarrek. AEBetako gidoilarien sindikatuak Jean Renoir saria eman zion 2015ean, eta handik urtebetera, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak saritu zuen (AEB). Erresuma Batuko Zinema Akademiak David Lean Lecture eskola magistrala emateko hautatu zuen 2012an, eta Oxfordeko Unibertsitateak, berriz, honoris causa doktore izendatu 2016an. AEBetako Arte Ederren Urrezko Dominak, Espainiako Arte Ederretako Merituaren Dominak, Arteen Asturiasko Printzea sariak eta Frantziako Ohorezko Legioaren Zaldun Ordena Nazionalak ere osatzen dute haren sarien zerrenda, besteak beste.
Badaki Donostia sari bat eskuetan izatea zer den, hari egokitu baitzitzaion aitortza hori Al Pacinori (1996), Woody Alleni (2004) eta Antonio Banderasi (2008) ematea. Horrez gain, jaialdiaren 50. urteurreneko ospakizunetan parte hartu zuen 2002an. Oraingo honetan, aldiz, zuzendariak berak jasoko du Donostia saria.
Maiatzean iragarri zuten Cate Blanchettek ere jasoko duela jaialdiaren aitortza. Horrez gain, inaugurazioan, Javier Bardem aktoreari emango diote joan den urtean jaso ezin izan zuen Donostia saria.