Donostiako 67. Zinemaldia. Sari banaketa

Paxton Wintersen 'Pacificado' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Arregi, Garaño eta Goenagaren 'La trinchera infinita'-ren zuzendaritza lana eta gidoia saritu dituzte, eta Irizar Saria ere eraman du lanak. 'Proxima' filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du

Nina Hoss eta Greta Fernandezek jaso zituzten Emakumezko aktore onenen Zilarrezko Maskorrak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun

AEBetan jaioa da Paxton Winters zinemagilea, baina Brasilgo favela batean bizi da, duela zazpi urtetik hona. Ongi ezagutzen du, beraz, auzokideen egunerokoa, eta errealitate hori erakutsi nahi izan du Pacificado filmean. Bertako komunitatearen laguntzarik gabe ezin izango zuela filma egin adierazi zuen iragan asteartean, Donostian lana erakutsi berritan. Eta horregatik, Morro dos Prazereseko komunitate osoari eman zizkion eskerrak atzo, Donostiako 67. Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuetan zuela. Neil Jordan epaimahaiburuak eman zion garaikurra, iluntzeko sari banaketa ekitaldian. Gaueko beste irabazle nagusia Moriarti zinemagile taldea izan zela esan liteke, La trinchera infinita lanari esker Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra lortu baitzuten Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak, baita gidoi onenaren saria, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta kritikaren Fipresci saria ere.

[youtube]https://youtu.be/S_bwQPpDlNg[/youtube]

Fikziozkoa da Wintersek Pacificado-n kontatu duen istorioa. Baina errealitateari estu lotutako fikzioa. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen egunetan, eta favelak baketzeko Poliziak martxan jarritako planaren testuinguruan kokatu du filma zinemagileak, indarkeria eta pobrezia nagusi diren giroan. Giza harremanetan jarri du, ordea, begirada; espetxetik atera berri den trafikatzaile ohi baten eta 13 urteko alabaren arteko harremanean, zehazki. Errealitatean favelan bizi den Cassia Nascimento gazteak jokatu du alabaren rola, eta Bukassa Kabengele aktoreak gizonezko protagonistarena. Hain zuzen, egindako lanagatik Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen atzo Kabengelek. Aktorea ez zen ekitaldian izan, baina pelikulan lankide izan duen Debora Nascimento antzezleak haren gutuna irakurri zuen. «Brasilgo beltz eta indigena guztiei» eskaini zien saria. Argazki onenaren saria ere irabazi zuen filmak, Laura Meriansek eginiko lanari esker.

Moriartiko kideak, berriz, hirutan igo ziren atzo Kursaal jauregiko oholtzara. Euskal Zinemaren Irizar Saria jasotzeko aurrena, zeina Juanmi Gutierrez zinemagileari eskaini zioten — zinemagile bikaina ez ezik, askoren irakasle eta pertsona berezia zela esan zuen Garañok, «erreferente bat»—. Ondoren, gidoi onenaren saria jaso zuen Goenagak, Luis Bermejorekin batera irabazi duena. Idaztean soilik ez, gidoia filmaren prozesu osoan garatzen dela esan zuen Goenagak, eta aktoreen konplizitatea funtsezkoa izan dela nabarmendu zuen, eskerrak ematearekin batera.

Baina berriro igo behar izan zuten oholtzara Moriartiko kideek, hirurek elkarrekin. Hala zuzendu baitute oraingoan La trinchera infinita. Andaluzian, 1936ko gerra piztu berritan hasten da filmak kontatzen duen istorioa. Higinio Blanco errepublikazalea (Antonio de la Torre) atxilotu egingo dute nazionalek. Baina ihes egitea lortu, eta etxean ezkutatuko da, Rosa emaztearen (Belen Cuesta) laguntzaz. Errepresalien beldur, 33 urte emango ditu itxialdian. Eta hain zuzen, «beldurra sentitzen duten guztiei» eskaini zien saria Goenagak, ez daudela bakarrik esatearekin batera. Garaño, berriz, esker oneko agertu zen egunotan kalean haiengana hurbildu, eta filma gustukoa izan dutela esan dieten herritar guztiekin. Eta esker oneko Arregi ere, jaialdiarekin, epaimahaikideekin eta ekoizleekin. Baita, bereziki, filmeko lantaldearekin ere: «Zuzentzea, guretzat, ikuspuntu bat planteatzea da, asmo bat artikulatzea, batzuetan zaila dena, jende asko dagoelako. Gure lana izan da saiatzea denak film berean egotea, eta gure lantaldeak oso erraza jarri digu, konpromiso ikaragarria izan dutelako. Haiek gabe ez ginateke hemen izango. Hau zuentzat da».

Gaueko beste garaikur garrantzitsuenetako bat, Epaimahaiaren Sari Berezia, Alice Winocour zinemagilearen Proxima filmarentzat izan zen, ama den astronauta baten eta alaba txikiaren arteko harremana ardatz duen lana. Donostiako publikoari eskerrak eman, eta «espazioan zein Lurrean eskubideen alde borroka egiten duten emakume guztiei» eskaini zien saria zinemagileak.

Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, ex aequo irabazi zuten Greta Fernandezek eta Nina Hossek, hurrenez hurren, La hija de un ladrón (Belen Funes) eta Das Vorspiel / The Audition (Ina Weisse) filmetan egindako lanagatik. Hunkituta eman zituen eskerrak Fernandezek, Funes zuzendariari eta gurasoei bereziki. Sararen pertsonaia interpretatu du berak filmean, prekaritatearen erdian, bizimodua aurrera ateratzeko borrokatzen den ama gaztea. Hala, «Sara guztiei, bizitza normal eta duin bat izateko egunero borrokatzen diren emakumeei» eskaini zien saria: «Haiek bai merezi dutela sarituak izatea». Hossek, berriz, zuzendariari eta lankideei eman zizkien eskerrak.

Jordan buru zutela, Pablo Cruz eta Katriel Schory ekoizleek, Barbara Lennie eta Mercedes Moran aktoreek, eta Lisabi Fridell argazki zuendariak osatu dute aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaia.

Beste sailetako irabazleak

Saritu gehiago ere utzi ditu 67. Zinemaldiak. Irizar saria La trinchera infinita-k eraman bazuen ere, Iban del Camporen Glittering Misfits lanak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Kutxabank-Zuzendari Berriak sailean, berriz, Jorge Riquelme Serranoren Algunas bestias filmarentzat izan zen, eta Sestra / Sister (Svetla Tsotsorkova) lanari aipamen berezia egin zion epaimahaiak. Eta aipamen berezia Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaikideek ere, kasu horretan, Damien Manivelena Les enfants d'Isadora lanari. Sari nagusia, berriz, Ich war zuhause, aber (Angela Schnalec) filmari eman zioten.

Perlak sailean, aldiz, ikusleak dira lan irabazlea aukeratzen dutenak, eta aurtengo Donostia Hiria Publikoaren Saria Olivier Nakache eta Eric Toledano zinemagileen Hors normes / The Specials filmari ematea erabaki zuten. Sail berean, Ken Loachek zuzendutako Sorry We Missed You pelikulak lortu zuen Europako lan onenaren saria. Zinemagilea ez zen sari banaketan izan, baina oharra bidali zuen eta, jaialdian egon zen bitartean egin zuen bezala, greban diren Gipuzkoako adinekoen egoitzetako emakume langileak izan zituen gogoan. «Borrokan ari diren emakumeak dira, adinekoak zaintzen dituztenak, oso lan baliotsua dena. Haien borroka geurea ere bada, eta haiek babesteko eskatzen dizuet, baita ELA haien sindikatua ere», adierazi zuen.

Horizontes Latinos sailean, Romina Paularen lehen lanari eman zion epaimahaiak saria, De nuevo otra vez filmari, eta aipamen berezi batekin nabarmendu zuen La bronca, Diego eta Daniel Vegarena.

Zinema Eraikitzen saria, berriz, Fernanda Valadezen Sin señas particulares filmak eraman zuen. Eta Glocal in Progress programako sariduna More Raça kosovoarraren lehen film luzea izan zen, Galaktika e Andromedes. Europako hizkuntza ez hegemonikoren batean grabatu diren eta posprodukzio fasean dauden lanak laguntzen ditu programak.

Gazteriaren saria, halaber, Las buenas intenciones filmari ematea erabaki zuen 150 gaztek baino gehiagok osatzen duten epaimahaiak. Ana Garcia Blaya zuzendari argentinarrak Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere opera prima dena. Nest Film Students XVIII. topaketako epaimahaiak, berriz, Tomas Paula Marques portugaldarraren Em caso de fogo lanak saritu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.