Paul Gallicoren 'Elur-antzara' euskaratu du Ane Urrestarazuk

HamaikaBooks argitaletxeak kaleratutako lehen liburua da, Aitziber Alonsok ilustratua

Paul Gallico. BERRIA / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Paul Gallicoren The Snow Goose: A Story of Dunkirk eleberriaren itzulpenarekin jarri da abian HamaikaBooks, 11Itzulpen itzulpen zerbitzuak urtero gutxienez liburu bat kaleratzeko asmoz sortu berri duen argitaletxea. Izenburutzat Elur-antzara duen liburuarekin, liburu elektronikoa — irakurgailurako artxiboa— eta audioliburua ere jarri ditu salgai HamaikaBooksek, www.elur-antzara.com helbidean. Ane Urrestarazuk itzuli du, eta audioliburuak eleberriaren irakurketa grabatua eskaintzen du, Uxue Alberdi idazlearen ahotsean.

Liburua Aitziber Alonsok egindako ilustrazioekin hornituta argitaratu du HamaikaBooksek. Argitaletxeak aurrerantzean kaleratuko dituen hurrengo liburuak ere ilustraturik kaleratzeko asmoa dute, nahiz eta nagusientzako literaturakoak izan.

Elur-antzara adiskidetasunaren eta amodioaren inguruko eleberri laburra da. Gai nagusitzat bakardadea eta amodioa ditu, bazterkeria eta elkarlana, gerra eta izadia. Bakartuta bizi den artista baten eta neska umil baten arteko harremanen istorio hunkigarria kontatzen du.

Paul Gallicok (New York, 1897-1976) 1941ean argitaratu zuen lehen aldiz The Snow Goose liburu moduan, baina aurretik, 1940ean, The Saturday Evening Post egunkarian atalka eman zuen. O. Henry Prize saria eskuratzeko balio izan zion, besteak beste, egileari. Camel rock sinfonikoko taldeak Gallicoren nobelan oinarritutako diskoa kaleratu zuen 1975ean: Music Inspired by The Snow Goose.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.